Carlos Santamaría y su obra escrita
Garrantzizko bi gertaera
Anaitasuna, 192 zk., 1970-07-30
(Euskera batuan)
Bi gertaera harrigarri izan dira aspalditxo honetan, Europako demokrazia sailean. Alde batetik, Jean Jacques Servan-Schreiber-en garaipena; eta bestetik, Harold Wilsonen erorpena.
Bi gertaera hoiek oso desberdinak izan arren, zerbait elkar ikusirik ba dute, ustegabekoak izatea, alegia.
Ofiziozko politiko eta teknokratikoei gehienetan ez zaie atsegin ustegabekoa. Berria, bai, asko maitatzen dute, baina baldintza batekin: berri hori antzinakoaren arras antzekoa izan dadila.
«Le Soulier de Satin» antzerkiaren personaje batek horixe esaten du: «Berria, bai, berria eman diezadatela. Asko maitatzen dut..., baina lehengoaren berdin antzekoa izatekotan».
Jean Jacques Servan-Schreiber-en Nancy uriko garaipena sorpresa bat izan da Frantzian, bai gobernuaren aldekoentzat, bai ezkerreko oposizio delakoarentzat.
Nor da izar berri hau, sortaldetik agertzen zaiguna? Batzuek eta besteek berehala ikusi dituzte mehatxaturik beren buruak. Eta arrazoiz.
Ba liteke, Jean Jacques Servan-Schreiber-en garaipenak ondoreak izatea Europako politikan. Baina ondore onak izango direnik ez nuke nik esango.
Nere ustez, Jean Jacques Servan-Schreiber hau amerikanismoaren iduria bera da; eta bere jokabidea neo-kapitalismo porrokatua izanen dela iduritzen zait.
Berria, berria..., baina antzinakoa lakoxea izatekotan!
Federik gabeko zibilizazio honetatik ez gaitu aterako Jean Jacques Servan-Schreiber-en politikak, bera ere helburu materialetan leporaino sartuta dagoelako.
Gaurko egunean justiziaren aldeko politika behar dugu mundu guzian, eta ez diru-atsegin politika edo ugaritasun politika.
Harold Wilson gizaixoaren hutsa, beste gauza bat da. Nere ustez, Merton fraile famatuak «self-defeating» deitutakoaren exenplo berezi bat da huts hau, besterik ez.
Mertonek sortutako hitzok —«self-defeating prophecy» eta «self-fulfilling prophecy»— oso egokiak iduritzen zaizkit, gaurko gertaera batzuk erakusteko.
«Self-fulfilling prophecy» betetzen den profezia bat da. «Self-defeating prophecy», berriz, betetzen ez dena; eta ez da betetzen, hain zuzen ere lehen aurretik iragarria izan delako.
Hurbil dugun exenplo bat emango dugu. Ba liteke, Unamunok egindako profezia ez betetzea, hau da, euskera ez hiltzea, hain zuzen ere Unamunok berak, nahi ta nahi ez, euskerak laster hil behar zuela iragarri zuelako. Beraz, Unamunoren iragarpena «self-defeating» profezia bat izango lizateke. Ala Jainkoa!
Inkesta neutralik ez dago. Inkestak, gehien gehienetan, alde batera edo bestera makurrarazten dute errealitatea.
Hala izan da kasu honetan. Wilsonen aldeko profeziek bera hil dute.
Guretzako ondore handirik ez du izango hiltze honek.
Laboristak nahiz kontserbadoreak, guretzat berdinak.
El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).
Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).
Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).
Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).