Carlos Santamaría y su obra escrita

 

Euskaltzaindiko batasun hiztegia

 

Zeruko Argia, 309 zk., 1969-02-02

 

      Â«Ba da garaia —idazten zuen, orain, Hirureta jaunak— euskeraren batasunari oztopoak ezartzen diozkatenak, euskeraren etsai konsideratzeko».

      Egia esan, oso gutxi dira, gaurko egunean batasunaren kontra agirian daudenak. Hala ere, Hirureta berak dionez, «aixago da esaten obratzen baino».

      Ia guziak, batasuna gura dutela esaten dute. Baina zenbat dira beraren aldeko ezer egiten dutenak?

      Idazle askoren idazketan ez da batere batasun seinalerik ikusten. Bere gisara ta modura, beti bezala idazten jarraitzen dira, batasun izenik entzun ere egingo ez bazuten bezala.

      Nere buruari galdetzen diot nik, zer motako batasuna bilatuko dute horrelako hoiek.

      Batasuna zaila dala? Egun bakar bat ez dala egingo? Hori soberaz dakigu guziok. Bainan ez hitzez, obraz ta egitez baino, probatu behar da borondate ona.

      Batasuna lortzeko lana ixil-ixilik egiten asi da, Euskaltzaindiak Arantzazu batzar oroigarria izan zuenetik.

      Euskal alorrean maixu ta jeneral asko daudela uste dut. Infanteriako soldaruak, egunoroko lana egiteko jendea, aldiz, oso gutxi. Ala ere, nahiz ta atomo-bonba izan, infanteriarik gabe ez da batere gerlarik irabazten.

      Euskaltzaindiko talde bat egiten ari dan lana, bi hitzetan esango dizutet, ezkutua ez dalako, baita exenplotzat ere guzien aurrean erakustea komeni bait da.

      Euskal batasun hiztegia egiten saiatzen ari da talde hau. Bospasei maila izango ditu lanak. Lenengoaz bakarrik mintzatuko gera oraingoz.

      Lenengo maila honek hitz orotarrak, euskalki guzietan edo ia guzietan erabiltzen direnak, alegia, agertuko ditu.

      Uste dugu baino ugariagoak dira hitz erotar hoiek. Bi mila, gora bera, aterako dira, baldin, deribadoak kanpoan utzita, hitz nagusiak bakarrik jartzen badira. Adibide batzuk jartzea komeni da hontaz. «Abere» hitza, esate baterako, erotarra da, nahiz ta forma desberdinak izan, eta «abel» da deribado batzutan agertzen dan erroa. «Abere» ta «abel-» sartuko dira, beraz, hitz orotarren errenkadan. «Aberats», «aberastasuna», «abeletxe», «abelzain» ta amaika horrelakoak, berriz, ez dira sartuko, ondoriokoak direlako. Alaber, «ema» hitza jarriko da, ez aldiz beretik sortutako «emazte», «emakume», «emazurtz» ta beste horrelako.

      Mundu guziak dakienez, ordea, hitz bakoitzak forma desberdin asko izan ditzake, eta, batzutan, oso ugariak izan ohi dira, forma hauek. Adibidez, «enara» hitzak, forma honako hau ditu, gutxienez, mendebaletik sortaldera ordenaturik: «enara»; «inara»; «einhara»; «ainhara»; «ainara»; «inhara»; «ainhera»; «anhera»; «anuri». Forma hoietan bat edo bi hartu beharra da, batasunerako. Aukera hau oso kontu handikoa da, eta inork ez du aukeratzerik, euskal linguista trebe ta jakintsua ez izanik.

      Begira zazute lana nola egiten dan. Lenengo pausua da hitz erotarrak bilatzea eta hoietako hitz bakoitzaren formak txarteletan idaztea. Hitz bakoitzaren formak txartel batean jartzen dira. Lan hau egiteko taldearen lankideek aldez aurretik beren artean banatzen dituzte hiztegi letrak, bakoitzak bizpahiru hartzen. Gainera, langile bakoitzak egokiena iruditzen zaion forma markatzen du, txarteletan eta, batzutan, hitz bakarra baterako bi forma markatu. Gero, txartelak euskal linguista famatu jakin bati bialtzen zaizkio. Honek, lan guzia egiztatzen eta berrikusten du, beharrezko aldakuntzak egiten, nahiz forma aukeratuak ongi ez izan, nahiz batzuk kendu edo sartu behar izatea. Bereala txartelak taldeari biurtzen dizkio eta honek beraren agindueri jarraituz, hitz errenkada bat egiten du letra bakoitzerako. Lista hau hiru euskaltzainei bialtzen zazaizkie orduan, beren iritziak eman ditzaten. Azkenean iritziak linguista aipatutari gastigatzen zaizkio, honek letra horren erabateko errenkada eman dezan. Honekin, letra horren zatia argitaratzeko prest dago. Azkeneko hitza, jakina, Euskaltzaindiko batzarre nagusiak izanen du.

      Esandakoa batasun hiztegiaren lenengo maila da, esan dugunez. Iru ilabete barru, gehienez, bukatua izango da.

      Beste pausuak bereala egingo dira eta uste dugunez aurten bertan hiztegi osoa (hau da, hitz orotarrak; hitz orotargaiak, euskalki batzuetatik euskera orokarrara pasatu behar direnak, alegia, eta hitz modernoak) agertuko da.

      Langileek ez dute berenez ezer asmatuko, hiztegi ta idazle onenetatik dana hartuko dutelako. Lanak garantia guzia izanen du beraz, ikusten dezutenez.

      Betiko eztabaidak, eskatima guziak, alde batera utzita, marmartzalleak talde horrekin lan egitera etor ditezela, eta laster egingo da miraria: euskera idatzi bateratua.

 

  • El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).

  • Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).

  • Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).

  • Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).

Nodo: liferay2.lgp.ehu.es