Carlos Santamaría y su obra escrita

 

Sasi-fedearen inguruko alkarizketa

 

Zeruko Argia, 305 zk., 1969-01-05

 

      Artikulu hau Lasa kalonjeak Z. A. 302-n egindakoari ihardespena da.

      Irakurleak, berri horren gura bada beintzat, hemengo eztabaidaren aurrekoa Z. A. 301-n eta 302-n arkituko du, José Lasa jaunak, Rikardo Arregik eta neronek argitaratutako idazkietan.

      Nun datza idolokeria? Nun egiazko fedea?

      Uste dudanez, fedea Jainkoaren doai bat da, guztiz izkutua ta mixteriozkoa.

      Teologoak astratu sailean gauza asko esan ahal digute fedeari buruz, nahiz beti ados ez izan.

      Bainan fede kontzetuaz ta izkutuzkoaz oso gutxi dakite teologorik jakintsuenak, zeren Aitak gauza hauek eskoladuneri eta burutsueri gorde dizkielako eta humil eta txikitxoeri azaldu. «Revelasti parvulis».

      Neri, egia esan, Jainko-geometria itxura duan Fedearen Teologia bat ez zait batere utsegiten.

      Utzi dezagun, beraz, alde batera, bigarreneko galdera, ia egiazko fedea nun datzanik. Sasi-fedea gizonen obra danez gero, errezagoa izanen dugu hontaz mintzatzea, egiazkoaz baino.

      Aro guzietako gizonak mito eraikitzaile izugarriak izan dira.

      Errealitateak ematen ez digun segurantza irudimenari eta sinismenari eskatzen diogu. Hortik dator, hain zuzen ere, sasi-fedea deitu deguna, mota askotariko izan ditekeana.

      Hala izan zan antzinako legean, Testamento zaharra irakurtzean ikusten danez.

      Hala da, baita ere, Testamentu berrian. Eta halakoa izango da, aro guzietan, gizonak iraunen duan bitartean. Gizona beti mito fabrikatzaile.

      Neronen oroipenak erabiltzea zilegi bazait, urte asko direla jaun «bien pensant» talde bati eman nion hitzaldi bat arira ekarriko dut. Hitzaldi harrek «Cristianismos falsificados» zuen izena eta sasi-fedeeri buruz, argi ta garbi mintzatu nintzan muga hartan. (Iskanbilla izugarri bat arrotu zan, esan beharrik ez, entzule gehiena oso konserbadorea zalako).

      Urteak igarota pentsaera berari jarraitzen diot oraindik, alegia kristauok, fedea ta jainkomoldekeria elkar nahastera makurtzen gerala. Benetako mitolojiak sortzen dira hortik, beti eta nun-nahi, kristauetan.

      Hitzaldi hartan bertan adibide asko eman nituen. Hemen, ordea, bat bakarrik azalduko dut, «sasi-fede soziolojikoa» dalakoa, alegia. Geiegi luzaturik gabe, ideia hau erakusten saiatuko naiz.

      Gizarteko gertaera bat da erlijioa. Haurrak, beste ezagutza askokin batean ikasten du erlijioa. Gizarte-konbenzionalismoak eta erlijioak sistima bat osatzen dute, segurantza-sistima bat, gizonari nahita-nahiezko bidea ezartzen diotena. Bizi onetarako eta besterako zoriontasun itxurako bat eskeintzen zaio ziudadano zintzo eta esanekoari.

      Etika naturala eta fedezko morala, ohiturak eta automatismoak, Jainko-manuak eta gizonen aginduak, dana nahastuta agertzen da hortan.

      Gizarte guzietan, nahiz laikotuak izan, erlijioa integratuta egoten du. Askotan erlijioa arrazoi-dotrina bat bezela agertzen da, eta misterioz, eta giza trajeriaz, ia ez da mintzatzen, erlijio agertzean.

      (Misterioa eta trajeria dira, ordea, fedearen ataurretaraino eraman behar gaituztenak, ez baizik silojismoak eta formulak).

      Esan dugun bezala, nahastapil honen erdian azitzen da haurra, gizarteak emandako legeak, ohiturak eta egiak (edo sasi-egiak) onartuaz.

      Bainan haurra gizon bilakatzen danean, gizartetik hartutako gauza-mundu guzti horren aurrean zalantzan arkitzen da. Gaztea pixka bat sinets-gogorra biurtzen da nahi-ta-nahiez (eta arrazoiz).

      Izpiritu kritikoa sortzen da, beren barnean, zurrunbilloa bezala, dana ondatzeko prest.

      Ba diteke haurrak aintzakotzat onartu zuen gehiena, gazteak ere onartzea. (Hortik gizon esaneko eta «fededun» asko). Bainan batzuetan, beste bidetik joango dira gauzak. Kasu ontan gizarte-etorkia mesfidantza handiakin ikusten asten da gaztea.

      Etorki hortan maltzurkeri batzuek arkitu ditulako, dana gezurra ta maltzurkeritzat hartuko du. Karta-gaztelu bat bezelako sinismena ondatuko zaizkio, ondapen ikaragarri hortan.

      Bainan nik nere buruari galdera bat egiten diot.

      Gazte horrek galdu duana egiazko federik ote zan edo sasi-fede bat besterik?

      Besteak beste, horrelako kinka igarotzea bearrezkoa da, uste dudanez, fede sendo ta azkarra irixteko. Bestela, baldin fedea beste nolanaiko konbenzionalismo bezala gordetzen bada, «fede» horrek egiazko fedearen izena ez dula merezi uste dut.

      Nere adiskide on eta argia zan gazte batek, berak fedea galdua zeukala esaten zidan eta, gainera, galera hori gertatu zitzaion momentua ziur-ziurrik zekiela.

      Pena handiakin esaten zidan, eta nik, nere baitan, bear bada gazte hura bere sasi-fedean galdu ondoan Jainkoaren urbilago zala, lehen baino, pentsatu ohi nuen.

      Nik bere biziaren berri nekien eta zenbat prejuizioren kontra burruka egin behar izan zuenik gizarajoak. Poza ematen zidan hura pentsatzeak. Jainkoak bakarrik daki, ordea, arima harren barnean gertatua.

      Â«Persona bat, itxurazko fede bat utzita gero, lehen baino Jainkoaren urbilago izan litekela» iskribatu nuen nere lehengo artikuluan.

      Eta hortan nago oraindik, naiz eta iritzi hori nabarmen xamar ahal izan irakurle timorato batzuentzat.

 

  • El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).

  • Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).

  • Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).

  • Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).

Nodo: liferay2.lgp.ehu.es