HirigintzaEuskal Herriko frontoi-plazak
|
"Plazas
con frontón en Euskal Herria" Pamielak
2023an argitaratutako liburua
da, Alberto Ustarroz eta Manuel Iñiguez arkitektoek idatzitakoa. Lan
garrantzitsua da hirigintzaren ikuspegitik, zeren eta, pilotaren eta
frontoien inguruan bibliografia ugaria egon arren, liburu gehienek ez
dute jorratzen frontoien dimentsio urbanoa; eta liburu hau horretan
zentratzen da, hain zuzen.
Liburua Ustarroz eta Iñiguezek sinatutako lana da, baina aitortzekoa eta
txalotzekoa da, halaber, Daniel Carballo hirigintza-irakasle eta pilotariak
egindako koordinazio-lana.
Zeren eta lanaren zati handi bat 1997-2000tik egina egon arren ikerketa-lan kolektibo baten ondorioz (nik
neuk ere parte hartu nuen ikasle moduan), behar-beharrezkoa zen
testuen, planoen eta argazkien bilketa-, txukuntze- eta antolaketa-lan handi bat egitea liburua
argitaratu ahal izateko. Eta hori Carballok egin du, bere doktorego-tesia ere
pilotaren eta frontoien inguruan 2017an egin ondoren
(liburuaren azpi-izenburua, "La transformación del juego de pelota y su
implantación en los centros históricos" haren tesian oinarrituta dago).
Mende laurdena pasa da, beraz, hasierako
ikerketa-proiektutik. Baina emaitza bikaina da. Euskal Herri osoko 36
frontoi-plaza
hoberenen katalogoa erakusten duelako, hiri-tipologia ezberdinetan
antolatuta: plazaren erdian kokatutakoak, elizaren atarian
ezarritakoak, eta abar luze eta interesgarri bat.
Lanak zer pentsa ere ematen du, frontoi horien egungo egoeraren
inguruan. Batzuk estali direlako azken urteotan. Arabako Apilaizkoa
(2020-2021ean estalia) edo Bizkaiko Dimakoa (2005ean estalia) kasu.
Egia
da euria egiten duenean espazio horiek erabilgarriagoak direla orain,
baina estetikaren eta hiri-ikuspegiaren aldetik bidean zerbait galdu ez
ote den sentsazioa geratzen zait batzuetan. |
||||||
2024/8/3 Unai Fdz. de Betoño |