Hirigintza


Hasiera | Ikasgaiak | Gogoetak | Hiztegia | Kontaktua


Arkitekturako gradua(k): oinarriak ala ikasketak?

Arkitekturako ikasketak egitera doan Hego Euskal Herriko gazteak kontu bitxi batekin egiten du topo: Donostian ematen den arkitektura-graduak eta Iruñean ematen denak ez dute izen bera. Donostiakoak, UPV/EHU unibertsitatearenak, "Arkitekturako Oinarrietako Gradua" (Grado en Fundamentos de Arquitectura) du izen, eta, Iruñekoak, Nafarroako Unibertsitate Katolikoarenak, berriz, "Arkitekturako Ikasketetako Gradua" (Grado en Estudios de Arquitectura). Bai nahasgarria!

Nahasmena ez da argitzen Estatuko beste unibertsitatera zabaltzen bada begirada. "Arkitekturako Oinarrietako Gradua", Donostiako eskolan emateaz gain, hurrengoetan ere ematen da: Madril, Valentzia, Sevilla, Valladolid, Málaga, Alicante... Eta, aldi berean, "Arkitekturako Ikasketetako Gradua", Iruñeko eskolan emateaz gain, hauetan ere ematen da: Bartzelona, Granada, Zaragoza, A Coruña, Girona...

Berdinak izango ote dira oinarriak eta ikasketak? Berdinak badira, zergatik demonio ez dute izen bera?

Arkitektoek eta medikuek 2009ko urrian batera egin zuten manifestazioa.

Izen ezberdinen afera ulertzeko Boloniako planaren ezartze-prozesuan gertatutakoaz gogoratu behar da, laburki bada ere.

Europako goi-mailako hezkuntza bateratzeko asmoarekin egindako plan hura arkitekturako eskoletan gauzatzeko, Espainiako Hezkuntza Ministerioak agindu bat argitaratu zuen 2007an. Laburbilduz, "Arkitekturako Gradua" lortzeko 5 urteko dozentzia (300 ECTS) gehi Gradu Amaierako Proiektua (30 ECTS) egin behar zen, guztira 330 ECTS eginez. Gradu horrek jada habilitatzen zintuen arkitektura-profesioan erabat aritzeko (proiektuak sinatuz).

Baina Espainiako 2007ko agindu horren ondorioz lortutako arkitekturako graduatuek ez zuten edukiko "master" kategoriarik. Eta Europako beste herrialde batzuetan, ordea, bai. Eta ez hori bakarrik: Espainiar Estatuko ingeniariek, beste agindu baten bidez araututakoak, bai edukiko zuten "master" kategoria. Batzuen ustez agrabio hori konpondu behar zen, berandu baino lehen. Eta, nahiz eta eskola batzuetan "Arkitekturako Gradua" ematen hasi, 2009an arkitektura-eskolak eta arkitektoen elkargoak hasi ziren aldarrikatzen 360 ECTSko eta "master" kategoriako arkitektura-ikasketa bat ezartzea. Aldarrikapen horiek medikuntzako antzeko aldarrikapenekin bat egin zuten 2009ko urriko manifestazio gogoangarri batean.

Presioen ondorioz, Hezkuntza Ministerioak agindu berri bat argitaratu zuen 2010ean. Arkitekturako Gradu berriak jarraituko zuen 300 ECTS edukitzen, baina Gradu Amaierako Lana ez zen aparteko zerbait izango: graduaren barruko ikasgai bat gehiago izango zen, 6 ECTSkoa. Eta gradu berri horrek ez zuen habilitatuko proiektuak sinatzeko; horretarako unibertsitate-masterra egin beharko litzateke, aparte, 60 ECTSrekin. Beraz, guztira, arkitekto gisa lan egiteko eta proiektuak sinatu ahal izateko, 360 ECTS egin beharko ziren. Bolonia 2 bezala ezagutuko zitzaion 2010eko agindu berritik eratorritako prozesuari, zeinak arkitekturako ikasketa-plan guztiak 3 urteko epean bigarren aldiz aldatzea ekarri zuen.

Arkitektoek eta medikuek 2009ko urrian batera egin zuten manifestazioko burua.

Zergatik daude bi izen ezberdineko arkitekturako gradu, beraz?

Zeren eta 2007ko zein 2010eko aginduek ez dute zehazten zein izan behar den graduaren izen zehatza. Bakarrik esaten dute graduaren izenak ezin diola zalantzari leku utzi, argi utzi behar duela gradua zertarako den, eta, egia esan, bai "Arkitekturako Oinarrietako Gradua" bai "Arkitekturako Ikasketetako Gradua" nahiko argiak dira.

Edo ez?

2024/6/20
Unai Fdz. de Betoño


Hirigintza eta Lurralde Antolamendua
UPV/EHU