HirigintzaGaza (bir)kolonizatzeko asmoak
|
Gazako inbasio bortitzaren erdian, 2023ko abenduan, bi irudi bolo-bolo ibili ziren sare sozialetan: "Gaza 2030" izenburuko bat, jatorri ezezagunekoa, eta, "Esna, hondartzaren ondoan etxe bat edukitzea jada ez da amets bat" lelodun beste bat, kolono sionistentzako etxeak egiten dituen Harey Zahav enpresa eraikitzailearena.
Aipatutako lehen irudia txantxa bat izan daiteke (graziarik gabekoa, dudarik gabe), Interneten batetik bestera mugitzen diren meme horietako bat. Bigarren irudia, ez hainbeste, polemika piztu ondoren hala saldu nahi izan duten arren. Irudia egin eta zabaldu duena enpresa eraikitzaile ezaguna delako, eta irudiarekin batera azalpen aski sinesgarria ere argitara eman duelako: 2005ean hustutako Gazako Gush Katif asentamendu-multzoa berreskuratu eta zabaldu nahi dute sionistek, kostaldeko eremuak irabaziz (berreskuratuz, haien arabera), 2023-2024ko inbasio gupidagabea baliatuz. Nova Katif dei daitekeen asentamendu-multzo berria, hain zuzen.
Gaza
(bir)kolonizatzeko asmoa ez delako, gainera, enpresa eraikitzaile baten
amets espekulatibo hutsa. Mugimendu sionista zabal bat dago atzean.
Gero eta gehiago antolatzen ari dena: hain zuzen ere, 2024ko
urtarrilaren amaieran konferentzia bat antolatu zuten Jerusalemen, "Asentamenduek Segurtasuna Dakarte" izenpean,
2005ean
Gazan eta Samarian hustu ziren asentamenduak berreskuratzeko presioa
areagotzeko. Eta konferentzian ez ziren eskuin muturreko soilik lau katu
bildu: jende andana izan zen eta gobernuko
11-12 ministro ere izan ziren bertan.
Konferentzia horretan
erakutsitako (bir)kolonizazio-planoa ikusita, ez da harritzekoa izan
2024ko maiatzean argitaratu den "Gaza 2035" txostena, zeinetan,
oraingoan bai, Israelgo
gobernuak esku-hartze zuzena eduki omen duen
(egiaztatu ez duen arren). Lau haizetara zabaldu den Gaza berriko
irudiak, adimen artifizialaz egindakoa, noski, argi uzten du Gaza
berria nazioarteko negozio-metropoli bihurtzeko sionistek duten asmoa.
Gaza berri horretan palestinarrek ere lekurik edukiko ote duten ikusteko dago. Zeren eta, zoritxarrez, orain arteko zantzuak ez dira batere baikorrak, eta gehiago ematen du giza-ordezkatze masibo baten atarian gaudela. Eta horrek XX. mendeko beste kolonizazio-plan ilun bat ekartzen digu gogora, distantziak distantzia: naziek Europako ekialdean aurrera eraman nahi izan zutena. |
||||||||
2024/6/10 Unai Fdz. de BetoƱo |