Revista Nacional de
Arquitectura delakoan
harribitxiak topatzen dira batzuetan. Esaterako, 1944ko 36.
zenbakian Gasteizko Loma jeneralaren plazarako diseinu berri bat
argitara eman zen. 1992tik Agustín Ibarrolaren "Hombro con hombro"
izeneko
burdinezko eskulturak
okupatzen duen espazio bertsuan, hain zuzen. Bada, mende erdi lehenago,
arkitektura-lehiaketa bat egin zen bertan iturri monumental bat
ezartzeko, "uren
ekarrera" (Albinako urtegitik Gasteizera doan azpiegitura) oroitzeko.
Lehiaketa, baina,
ez zen oso ondo atera.
|
López Delgado
arkitektoak proposatutako iturriaren kokapena plazan. |
Gasteizko Udalak antolatu zuen lehiaketa hura, 1944ko
apirilean. Hala ere, Arquitectura
aldizkariak esaten ez duen arren, lehiaketa hutsik geratu zen, alegia,
esleitu gabe. Aldizkariak sari bat eskuratutako Felipe
López Delgado
arkitektoaren diseinua argitara eman zuen (haren iturri-diseinuan
emakume baten eskultura bat planteatu zuen, oparotasuna irudikatzen
ei zuena), argitu gabe diseinu horrek ez zuela lehiaketa irabazi.
|
López Delgado
arkitektoak proposatutako iturriaren sekzioa. |
Lehiaketa hutsik geratu arren, orduko alkatea, José
Lejarreta, saiatu
omen zen monumentuaren enkargua Moisés Huerta Ayuso eskultoreari
esleitzen (Ana
Arregui historialariak dioenez),
Francisco de Vitoriaren omenezko eskultura ondo-edo egiten ari zelako
une bertsuan, Gasteizen bertan. Helburu horrekin bigarren lehiaketa bat ere egin zen,
baina arrakastarik gabe:
bigarren aldiz ere hutsik uztea erabaki zuen epaimahaiak 1945eko
martxoan. Arrazoi nagusietako bat izan zen Huertak diru gehiegi eskatu
izana.
|
Loma jeneralaren plaza, gaur egun,
Ibarrolaren eskulturarekin.
|
Frankismoak, beraz, ez zuen lortu Loma jeneralaren plaza
zentrikoan
monumenturik kokatzea. Gerora jarriko zuen José Ángel Cuerda
alkateak 10 m luze den Ibarrolaren panel erliebeduna. Eta aurten iragarri
du udal-gobernuak beste lehiaketa
bat egingo duela, Posta kalearekin batera, Loma jeneralaren plaza
ere
eraberritzeko. Ea ez den errepikatzen frankismoan gertatutakoa.
|