Hirigintza


Hasiera | Ikasgaiak | Gogoetak | Hiztegia | Kontaktua


Arkitektura Eskolako parte-hartze baxua

Atzoko EHUko errektoreordetzarako hauteskundeen emaitzaz irakurketa asko egin daitezke, baina hemen eta orain kontu zehatz batean zentratuko gara: Arkitektura Eskolako parte-hartze baxuan. Zenbatekoa izan da? EHUko batez bestekoa baino baxuagoa?

Bada, bai. Alde batera utzita Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak (TEKAZEL), datuak ez dauzkagulako beste hautes-mahai batean bozkatzen zutelako, Arkitektura Eskolan irakasleen eta ikasleen boto gutxiago jaso ziren atzo gainerako EHUko zentroetan baino. Zehazki, bi estamentutan jaso dira boto gutxiago: doktore iraunkorren partetik eta ikasleen partetik.

Zenbakietan jar dezagun baieztapen hori. Emaitza zehatzez harago (eta emaitzetarako erabiltzen den ponderazio-sistema klasista samarra alde batera utzita), hauek izan ziren atzoko hauteskundeetako partaidetza-zifra orokorrak, EHU osoan:

-Doktore iraunkorrak: 2.326tik 1.937k eman zuten botoa (% 83,28ko parte-hartzea).

-Doktore ez-iraunkorrak eta iraunkor ez-doktoreak: 1.649tik 927k eman zuten botoa (% 56,22ko parte-hartzea).

-Gainerako irakasle eta ikertzaileak: 1.801etik 571k eman zuten botoa (% 31,7ko parte-hartzea).

Alegia, EHUko 5.776 irakasle eta ikertzaile guztietatik 3.435ek eman zuten botoa (25 baliogabeak ere barne hartuz): alegia, EHU osoko irakasleen eta ikertzaileen parte-hartzea % 59,47koa izan zen.

Ikasleei dagokienez, 42.837tik 6.270k eman zuten botoa: alegia, EHU osoko ikasleen parte-hartzea % 14,64koa izan zen.

Atzoko hauteskundeetako Arkitektura Eskolako hautetsontzi bat.

Eta Arkitektura Eskolako hautes-mahaiari dagokionez, hauek izan ziren partaidetza-datuak:

-Doktore iraunkorrak: 27tik (denak Arkitekturakoak) 17k eman zuten botoa (% 63ko parte-hartzea).

-Doktore ez-iraunkorrak eta iraunkor ez-doktoreak: 62tik (horietatik 14 Enpresa Eskolakoak zirela) 36k eman zuten botoa (% 58,06ko parte-hartzea).

-Gainerako irakasle eta ikertzaileak: 54tik (horietatik 14 Enpresa Eskolakoak zirela) 21ek eman zuten botoa (% 38,89ko parte-hartzea).

Alegia, Arkitekturako hautes-mahaiko erroldako 143 irakasle eta ikertzaile guztietatik 74k eman zuten botoa (baliogabe bakarra ere barne hartuz): alegia, Arkitekturako hautes-mahaiko irakasleen eta ikertzaileen parte-hartzea % 51,75ekoa izan zen.

Ikasleei dagokienez, 981etik (horietatik 20 Doktoretza Eskolakoak zirela) 51k eman zuten botoa: alegia,  Arkitekturako ikasleen parte-hartzea % 5,2koa izan zen.

Hau da, Arkitektura Eskolan, bozkatzaile apur batzuk bertakoak izan ez arren goiko datuetan zehaztu moduan, parte-hartzea ia 8 puntu portzentual baxuagoa izan da irakasle eta ikertzaileen artean, EHUko guztiko datuekin alderatuta, eta 9 puntu portzentual baxuagoa izan da ikasleen artean, EHUko guztiko datuekiko. Izugarria izan gabe, ezberdintasun nabarmena.

Eta, horrez gain, nabarmendu behar da estamentu erabakigarrienean (boto ponderatuen bidez azken emaitzaren % 56a eramaten duelako), hots, irakasle doktore iraunkorretan, bai jazo dela ezberdintasun izugarri samar bat: EHU osoko doktore iraunkorren artean partaidetza % 83koa izan den bitartean, Arkitektura Eskolako doktore iraunkorren artean soilik % 63koa izan da: 20 puntu portzentual baxuagoa, alajaina.

Zergatik ote?
2024/11/27
Unai Fdz. de BetoƱo


Hirigintza eta Lurralde Antolamendua
UPV/EHU