Gauza jakina da informatika modan dagoela. Komunikatzeko eta irudiak sortzeko dugun modua aldatzera etorri diren Adimen Artifizial sortzaileko ereduetatik hasi (adibidez, ChatGPT), eta orain pentsaezinak diren prozesatze-ahalmenak kostu energetiko txikiagoarekin hitzematen dituzten ordenagailu kuantiko misteriotsu horietara arte. Sarri, komunikabide jeneralistetan tokia topatzen dute informatikaren arloko gaiek, teknologiak gure antolatzeko eta harremanak izateko modua aldatzen duen heinean.
UPV/EHUko Informatika Fakultatea jakitun da gizartearen aldaketa horiez, eta hainbat arlotara zabaltzen du haren transferentzia-lana. Euskoiker Fundazioak, UPV/EHUren transferentzia-jarduera dibulgatzeko asmoz, Alexander Mendiburu Alberro Informatikako dekanoarekin hitz egin du fakultateko jarduerari buruz. Ia berrehun irakasle eta ikertzaile ditu fakultateak, eta 1.000 ikasle baino gehiago graduen eta masterren artean. Gainera, 5.000 pertsona baino gehiago trebatu ditu bere ibilbidean zehar.
Fakultateak bi gradu eskaintzen ditu: Ingeniaritza Informatikoko Gradu klasikoa, eta Adimen Artifizialeko Gradu berria; iazko ikasturtean graduatu zen gradu horren lehen promozioa. 2023an, fakultateko ikertaldeek 2,3 milioi euro kudeatu zituzten, 70 proiektu ingurutan. Gainera, 147 artikulu argitaratu zituzten aurrerapen teknologikoaren abangoardiako gaiei buruz.
Enpresa Gelak dira fakultatearen transferentzia-jarduera nagusietako bat, ikasleengan duten inpaktua eta eskaintzen duten prestakuntza kontuan hartuta. “Fakultateak 6 unibertsitate-enpresa gela ditu, eta askoz ere gehiago eduki genitzake, baina gure helburu estrategikoekin eta gure indarguneekin lerrokatzen zirenak sendotu nahi genituen”, azaldu du Alexander Mendiburu Alberrok. “Ikastegirako, Gelak irakaskuntzarako tresnak dira, ikasleentzako espezializazio-ibilbideak sortzea ahalbidetzen digutenak. Baina, aldi berean, prestakuntza-, ikerketa- eta transferentzia-jardueretan nahasten dituzte irakasleak eta ikertzaileak”.
Honako hauek dira une honetako gelen espezializazio arloak (eta enpresak/erakundeak): zibersegurtasuna (ZIUR Fundazioa), konputazio kuantikoa (Multiverse Computing), superordenagailuak (Donostia International Physics Center), softwarearen ingeniaritza (LKS Next), ikerketaren arloko hastapenak (Basque Centre for Applied Mathematics) eta errealitate birtuala eta errealitate areagotua (Innovae).
Gelek topaketak, jardunaldiak eta prestakuntza-jarduerak koordinatzen dituzte ikasturte akademikoan zehar. Era berean, praktikak, proiektuak eta gradu amaierako lanak sortzen dituzte, horiek sustatzen dituzten enpresekin edo erakundeekin elkarlanean. Ikasleek graduko lehenengo mailan eska dezakete gela horietan parte hartzea, baina aurrerago sartzen dira talde horietara, euren interesak garbiago dituztenean.
“Argi dago Gelen testuinguruan ikasleen eta enpresen artean ezartzen diren harremanek kontratazioak ekartzen dituztela, baina horrek ezin du izan helburu nagusia”, esan zigun Alexanderrek, fakultateak gelen funtzionamenduarekin lotuta aplikatzen duen filosofiari dagokionez. Gelek espezializatzeko bide bat eskaini behar diete arlo oso zehatz batean sakondu nahi duten ikasleei (eta, are, irakasleei). “Transferentzia enpresekin edo erakundeekin elkarlanean, eta ez horiekin lehian, egin daitekeela erakusten duen adibide bikaina da. Arlo pribatutik aseko ez liratekeen beharrak asetzen ditugu, eta profesionalentzat, ikasleentzat eta irakasleentzat interesgarriak diren jarduerak egiten ditugu. Hainbat enpresari eskaerak ukatu dizkiegu, euren lan-dinamika ez zetorrelako bat filosofia horrekin”.
2020an aurkeztu zuten HiTZ Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroa, bi ikertalderen elkarlana sendotuz: AhoLab eta IXA; bigarren talde hori historikoa da fakultatean. Haren ikerketa-fokua, hizkuntza-teknologiena, oso lerrokatuta dago egungo olatuarekin, hau da, itzulpen automatikoaren edo ahotsa ezagutzearen arloetan gertatzen ari diren aurrerapenekin. Mundua aho zabalik uzten ari dira teknologia horiek. Avature enpresarekin eta fakultateko beste talde batzuekin elkarlanean, Adimen Artifizialaren eta Hizkuntza Teknologiaren Katedra lortu du Ikastegiak, lehiaketa-deialdian. Espainia Digitala Agenda 2026ko Adimen Artifizialaren Estrategia Nazionalaren barruan dago aipatutako katedra.
Hizkuntza naturala ez da fakultatean katedra duen arlo bakarra. Unibertsitate osoan 9 katedra bakarrik dauden arren, Informatika Fakultateak ditu horietako bi. Duela ez asko, 2023an, sortu zuten UPV/EHU-INCIBE Zibersegurtasun Katedra, deialdi batetik abiatuta. Lehendik dagoen unibertsitate-enpresa gela (ZIUR) indartzea du helburu, izugarrizko gaurkotasuna duen arlo honetan, hots, zibersegurtasun arloan. Erakunde publikoek (Espainiako Zerga Agentzia, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala edo Gizarte Segurantza) zein pribatuek (Iberdrola, Santander, Orange o Telefónica) zibereraso entzutetsuak jasan dituzte azken urteetan, informazioa lortzeko edo erakundeei estortsio egiteko: zenbateko bat ordaindu, edo euren sistemen eta informazioaren gaineko kontrola galdu. Eraso mota horien aurrean erakunde publikoek eta pribatuek duten erresistentzia hobetzen saiatzeko Zibersegurtasunaren Institutu Nazionalak (INCIBE) emandako erantzunetako bat da katedra honen sustapena. Izan ere, egungo egoera geopolitikoak larriagotu baino ez du egiten egoera.
Basque Quantum aliantzan parte hartzen du UPV/EHUk. Konputazio kuantikoarekin lan egiten duten edo haren onurak jaso ditzaketen 18 ikerketa-erakundek osatzen dute aliantza. Euskadik IBM Quantum System One superordenagailu kuantikoa jasoko du, eta Euskadiko ikerketa-ehuna prestatzea da aliantzaren helburua, superordenagailua aprobetxatu ahal izateko. UPV/EHUk 6 fakultatetako eta 9 sailetako (3 campusetakoak) 80 ikertzaile baino gehiago ditu norabide horretan lanean (EHU Quantum Center). Informatika Fakultatearen barruan, hainbat egitasmo lerrokatuta daude aliantza horren helburuekin. Dagoeneko aipatu dugu Multiverse Computing gela. Duela 4 urte sortu zuten hura, konputazio kuantikoaren arloan interesa zuten ikasleak prestatzeko.
Konputazio konbentzionalak bi egoeratan (0 eta 1) egon daitezkeen bit-ekin lan egiten du. Aldiz, konputazio kuantikoak qubit-ekin lan egiten du; horiek, oinarrizko bi egoera horietan egoteaz gain, mekanika kuantikoaren bidez deskriba daitekeen gainjartze-egoera batean egon daitezke. Ondorioz, bit batek baino askoz ere informazio gehiago gorde dezake qubit batek, eta askoz ere azkarrago eta kostu energetiko askoz ere txikiagoarekin egin daitezke eragiketak. Horrek zuzeneko eragina izan dezake zifratze-sistemetan edo adimen artifizialen entrenamendu-zentroen kontsumoan. Hori dela eta, nazioartean ahalegin eta interes handia ari dira jartzen informatikaren arlo horretan.
Gainera, Informatika Fakultateak teknologia berrien prestakuntzarekin duen konpromisoa dela eta, 2024/2025 ikasturteaz geroztik hautazko irakasgai bat eskaintzen da Fakultateko bi graduetan: Fundamentals of Quantum Computing. Modu horretan, Multiverse Computing gelan egiten diren jarduerez gain, fakultateko eskaintza ofizialaren parte da teknologia kuantikoa, Unibasq-ek ziurtatua eta onartua.
Transferentzia beti ez da neurtzen kanpoko enpresen edo erakundeen arabera. Batzuetan, hartzailea gizartea da; bereziki, unibertsitatean lantzen diren gaien dibulgazioaz edo dimentsio sozialaz hitz egiten dugunean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bidez finantzatutako Informatika Fakultatearen ONDARE proiektuak hausnarketarako eta elkarrizketarako espazio bat ireki nahi du Adimen Artifizialaren (AA) gainean, hainbat dimentsio eta ezagutza arlotatik abiatuta, eta UPV/EHUren Gipuzkoako campusean dauden askotariko diziplinak aprobetxatuz: adibidez, zuzenbidea, filosofia, psikologia, osasuna, hezkuntza, antropologia, arkitektura, ingeniaritza edo ekonomia.
Proiektu horren bidez hainbat jarduera antolatu dira, hala nola orain dela gutxi egin duten InfoFIA. AAren alderdi teknikoak eta filosofikoak eta gizarte, politika eta kultura arloan duen inpaktua aztertzea zen jarduera haren helburua. Laburtuz, AAren gaineko hainbat ikuspuntu entzuteko aukera ematen duen hausnarketarako espazioa da ONDARE: datu pertsonalen tratamenduagatiko eta kudeaketagatiko kezka, ereduen azalgarritasuna, alborapen posibleak edo arlo jakin batzuek (adibidez, medikuntza edo zuzenbidea) erabakiak hartzean izan beharko luketen funtzioa.
Interes sozialak eta Next Generation funtsek lagunduta, informatikaren arloko ikerketa- eta garapen-proiektuak egiteari ekin diote enpresek. Proiektu horien ondorioz zerga-murrizketak lortzeko, egiten duten proiektua hobaria duen balizko kasuren batekin (Ikerketa, Garapena edo Berrikuntza Teknologikoa) bat datorrela ziurtatu behar du ziurtagiri-emaile batek. Ziurtagiri-emaileak fakultatera joaten dira, hainbat ezagutza arlotako adituen bila:
“ChatGPT-k eredu oso zehatz batzuk erabiltzen ditu AAren barruan, LLM izenekoak (Large Language Models), eta deep learning arloari dagozkio. Baina, AAk askoz ere metodo gehiago ditu makinei adimena emateko”, azaldu du Josu Ceberio Uribek, UPV/EHUko Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Saileko irakasleak eta ziurtapenetan lan egiten duen adituak. “Egia da gaur egun AA mota jakin hori aplikatzen saiatzen direla, esaterako, mantentze-lan prediktiboetan edo irudietan elementu jakin batzuk identifikatzeko orduan. Baina, orientatzeko zure mugikorrean Google Maps erabiltzen duzunean, AA da ibilbiderik azkarrena trazatzen duena, une horretako faktoreak kontuan hartuta. Eta badakigu LLMak baino askoz ere lehenagokoa dela Google Maps. Hain zuzen ere, ‘ChatGPT unea’ iritsi zenerako, fakultate honetan ibilbide luzea genuen AA oso maila altuan ikertzen, Fakultateko hainbat talderen proiektuetan ikus daitekeen moduan. Esperientzia hori dela eta, aditu gisa lan egin dezakegu ziurtagiri-emaileentzat”.
I+G+b arloko proiektuen ziurtapena transferentzia-jarduera bat da, eta dagoeneko hitz egin dugu gai horren gainean, newsletterreko beste artikulu batzuetan. Informazio gehiago eskuratzeko, artikulu hau irakur daiteke: I+G+b arloko proiektuak ziurtatzea eta Parte hartu ENACekin eta batu zaitez sektore guztietako 900 adituk baino gehiagok osatzen duten sarera
Aditu bat behar duzu? Jarri gurekin harremanetan
Zein onura du proiektuak enpresekin kontratatzeak?
Nola kontrata ditzazket proiektuak unibestritatearekin?
Euskoikerrek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du mota guztietako proiektuak kudeatzen