Esta web utiliza solamente cookies propias, necesarias para la navegación Aurrera

  • Email-en bidez bidali 
  • Facebook-en zabaldu 
  • Twitter-en zabaldu 
  • Meneame-n zabaldu 
  • Delicious-en zabaldu   

Segurtasun-txostenen ebaluazioa

01/06/2022

Esther Acha eta Alex López, EHUko irakasleak

Gure inguruan enpresa batzuek substantzia arriskutsu askorekin egiten dute lan.  Enpresa horiek guztiek substantzia horiek manipulatzeagatik dituzten arriskuak eta inguruan sor ditzaketenak aztertu behar dituzte eta dagozkien segurtasun-txostenak idatzi, Industria, merkataritza eta Turismo Sailaren 2006ko ekainaren 15eko aginduaren 5 artikuluaren arabera (2006ko uztailaren 12ko EHAA). 

Baina txosten horiek onartuak izan daitezen, ebaluatu egin behar dira eta Euskoiker Fundazioa da Eusko Jaurlaritzak ebaluazioa egiteko Egiaztatu duen hiru erakundeetako bat. Esther Acha Peña eta Alexander López Urionabarrenechea Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoko eta Ingurumeneko Saileko irakasleek egiten dituzte Fundaziorako transferentzia-proiektuak, eta irakaskuntzarekin eta ikerketarekin uztartzen dute zeregin hori. Isabel de Marco katedratikoa erretiratu ostean lortu dute lanpostua. De Marco urte askotan aritu zen ebaluazioak egiten eta enpresek egindako Segurtasun Txostenak hobetzen, Eusko Jaurlaritzarekin eta enpresekin batera.

“Guk aztertzen dugun dokumentazioak substantzia horiek industriarako instalazioen kanpoaldean sor ditzaketen arriskuak eta ondorioak aztertzen ditu”, dio Alexander Lópezek. Enpresek haien berezko babes-planak dituzte diseinatuta haien ekipamenduak eta barneko langileak babesteko. Substantzia arriskutsu horietakoren batek eragindako istripuak fabriken kanpoaldean sor ditzakeen arriskuen ingurukoak dira ebaluatzen diren segurtasun-txostenak. Horrek kanpoaldeko larrialdietarako plan egokiak egitea ahalbidetzen die Eusko Jaurlaritzako larrialdi-zerbitzuei. 

Arriskua handitu eta hedatu egiten da istripua gertatzen denetik denbora igarotzen den heinean”, azaldu digu  Esther Achak. “Beraz, parametro kritikoetako bat da nola eta noiz jardun daitekeen eta noraino hedatu daitekeen, likidoa baldin bada, gainazalean, edo gasa bada, atmosferan. Istripuaren hipotesia aztertzeko eta kalkuluak egiteko programa eta gida tekniko batzuk daude. Oso arlo arautua da, baina beti dago interpretaziorako tartea, eta gure zeregina da enpresetara bisitak egitea eta informazioa lortzea tankeen neurri errealen, balbulen, langileen, jarduteko denboren eta beste ezaugarri batzuen inguruan”. 

Sustancias peligrosas

Enpresen ehundurarekin harremana

Enpresetara eginiko bisitak segurtasun-txostenean idatzitakoa argitu eta ikusteko beharrezkoak izateaz gain, ebaluazio-prozesuaren zatirik interesgarrienetakoa dira, ikertzaileek instalazio errealak aztertzeko aukera baitute. “Ebaluaziorako guztiz beharrezkoa da kasu askotan, baina guretzat pertsonalki ere oso interesgarria da”, zehaztu du Alexander Lópezek. Gainera, gomendiorik onenak zuzeneko esperientzia horretatik datoz gehienetan: «Bi errail perimetral hemen eta hemen jarriz gero, isuria hedatzea mugatuko da eta balizko hodei toxikoa edo sukoia ez da instalaziotik aterako».” Helburua instalazioaren kanpoaldean balizko eraginik ez izatea edo eragina ahalik eta txikiena izatea da. 

Prozesu horretan ebaluatua izango den enpresak aukeratzen du enpresa ebaluatzailea. Eusko Jaurlaritzak hainbat erakunde akreditatzen ditu, eta enpresak haien artean aukera dezake. Eta unibertsitateak erakargarritasun berezia du. “Gure ebaluazioak gustuko dituzte guri gauzen zergatia ezagutzea gustatzen zaigulako, eta, beraz, askotan beharrezkoa den horretatik harago joaten gara”, esan du Esther Achak. “Hori da gure zeregina, azkeneko koma ere ondo jarrita egotea. Badakite batzuetan denbora apur bat gehiago behar izaten dugun arren, gure txostenek berrikusketak dituztela, kalkulu berriak, iradokizunak... Eskaintzen diegun balio erantsia da”.

Enpresak oso adi egon behar dira araudi aldaketetara; izan ere, aurretik arriskutsua ez zen substantziaren bat izatera igaro daiteke. Alde batetik, AVEQ-KIMIKA bezalako elkarteek zeregin oso garrantzitsua betetzen dute, haien enpresa bazkideei informazioa helarazten dietelako, baina, bestalde profesionalak eta EHUko ikertzaileak harremanetan jartzen dituzten ebaluazio-prozesuak ere oso garrantzitsuak dira enpresen etengabeko eguneraketan. Izan ere, ebaluatzaileek araudi aplikagarriaren eguneraketak ezagutzen dituzte, haien lana dela eta.

Gainera, industriako jarduketak aldatu egiten dira eta denborarekin substantzia desberdinek hartzen dute protagonismoa. “Hidrogenoa da geroz eta arreta handiagoa eskaini beharko diogun substantzia”, azaldu du Esther Achak. “Ez da berria, beti izan da industria petrokimikorako oinarrizko substantzia, esaterako, eta beti izan da substantzia arriskutsua, baina erretzerakoan isuririk sortzen ez duenez balio erantsia duen substantzia da, eta sortzeko prozesu berriak bilatzen ari dira eta noizbehinka erabilera berriak aurkituko dira. Baliteke hidrogenoarekin lotutako enpresak sortzea, beraz, biltegiratutako kopurua areagotu egingo da eta substantzia arriskutsuek sortutako istripu larrien araudiak (840/2015 ED) eragingo dien instalazio gehiago egongo dira. 

Transferentziak unibertsitateko ibilbideari egiten dion ekarpena

Transferentziako jarduerak gehitu behar zaizkio irakasle eta ikertzaileen jardunari. Beraz, beharrezkoa da jarduera horiek pizgarri ekonomikoak baino gehiago eskaintzea. Segurtasun-txostenak ebaluatzeko zereginek harremanetan jartzen dituzte EHUko ikertzaileak eta enpresen ehundura eta haiek egiten dituzten jarduketak. “Sarri unibertsitatean instalazio handiekin lan egiteko esperientzia falta zaigu”, adierazi digu Esther Achak. “Biltegiak ezagutzea, hodi eta balbula handiak... Gure laborategietan sistema txikiagoekin egiten dugu lan. Teoriatik atera eta enpresen praktikarekin esperimentatzea falta zaigu, eremu oso zehatzetan arazo oso zehatzak irtenbide oso zehatzekin nola konpondu dituzten ezagutzeko. Eta, errealitate horretatik abiatuta, teoria modu arrazoizkoago batean ezartzea, arriskuak murrizteko”.

Alexander López honakoa erantsi du: “Gainera, ebaluazio horiek egiteak Euskadiko industria-jardueraren mapa ezagutzeko aukera ematen digu, zer substantzia dauden, non dauden, zein erabilera dituzten, etab, gure eskoletan erabil ditzakegun adibide praktiko ugari ematen dizkigu. Gure irakaskuntzak lotura handia du industriarekin, beraz, ebaluatzaile modura egiten dugun jarduera atzeraelikatzen du.

Harremanetarako