Esta web utiliza solamente cookies propias, necesarias para la navegación Aurrera

  • Email-en bidez bidali 
  • Facebook-en zabaldu 
  • Twitter-en zabaldu 
  • Meneame-n zabaldu 
  • Delicious-en zabaldu   

Room4Steel, Enpresa Gela berria

01/06/2021

Room4Steel, Enpresa Gela berria

Ezagutza helarazteko mekanismoak dira Enpresa Gelak. Horietan, irakaskuntza eta ikerketa nahasten dira. Joan den martxoaren 21ean Room4Steel aurkeztu zuten Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Siderex Siderurgia Klusterrak babestutako Gela berria da Room4Steel. Euskadiko Siderurgia Klusterreko enpresek eta SPRIk babesten dute espazio berri hau. 2021-2022 ikasturtean sartuko da indarrean, parte hartu duten klusterreko zortzi kideek proposatutako proiektuekin: Sidenor, Aceros inoxidables Olarra, Tubos Reunidos Taldea, ArcelorMittal, Tubacex Taldea, Sarralle Taldea, Idom eta Fives Steel Spain.

Zer dira Enpresa Gelak?

Transferentzia antolatzeko sistema bat dira gelak. Sistema horrek tradizio handia du Eskolan, eta beste fakultate batzuetara ere esportatu da. Enpresa batek edo enpresen talde batek (adibidez, klusterrek) proiektu batzuk jartzen dituzte azken ikasturteetako ikasleen eskura, MAL edo GRAL lanetan garatu ditzaten. Enpresak hitzarmen bat sinatzen du unibertsitatearekin, bulegoen bidez (adibidez, Euskoiker) ezagutza helarazteko kontratu bat. Eta, normalean, lan eremua egokitzeko materialak ere ematen dituzte enpresek (ekipo informatikoak edo beste ekipamendu batzuk, proiektuen arabera).  

Alberto OleagaAlberto Oleaga, Room4Steel gelaren zuzendaria.

Alberto Oleaga Siderex Gelaren zuzendariaren arabera, “proiektuetan parte hartzen duten ikasleei apur bat ordaintzeko balio du ekarpen ekonomikoak, enpresako praktikak ordaintzen diren moduan; beste zenbateko txiki bat proiektuen tutoreak diren irakasleei ordaintzeko eta gelaren mantentze-lanetarako bideratzen da”.

Eskolak, bestalde, ikasleek lan egiteko espazioa uzten du eta gelako jarduera antolatzen du. Gelako jarduerak barne har ditzake araututako edo arautu gabeko prestakuntza, proiektuen tutoretza eta beste jarduera batzuk, egitasmoaren ezaugarrien arabera. Proiektuetako lanaren zatirik handiena Eskolaren beraren espazioetan egiten da, baina proiektu batzuen kasuan beharrezkoa izan daiteke enpresak bisitatzea, noski.

Lankidetzarako espazio gisa osatzen dira gelak. Bertan, enpresen, ikasleen eta unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen interesak batzen dira.

Siderurgiari buruzko gela bat, zergatik?

ASIER SAN MILLÁNAsier San Millán, Siderex klusteraren arduraduna.

Asier San Millan Siderex klusterraren arduradunak nabarmendu zuenez, “ikastetxeetatik irteten diren pertsonek gaitasun espezializaturik ez izatea da gure sektoreak duen arazo nagusietako bat. Lanpostu batzuk zeharkakoak dira eta industria guztietan daude, eta kasu horretan ez dugu arazorik izaten, baina arlo batzuetan jende espezializatua behar dugu”. Cristina Bilbaok, Siderexeko berrikuntza-arduradunak, are gehiago zehaztu zuen:  “azken urteetan eskolan izan diren aldaketen ondorioz, materialen gaineko ezagutza espezifikoa indarra galtzen ari zela ikusi genuen; gure klusterreko kideei, zehazki, material metalikoak interesatzen zaizkie, eta material horiek master oso espezifiko batean alboratuta geratu ziren. Hala, ikasketak amaitu berri zituzten ikasleek altzairu moten gainean zuten ezagutza oso oinarrizkoa edo ia hutsala zela ikusi genuen”. 

Egoera horri aurre egiteko, materialen gaineko irakaskuntza espezializatua barne hartzen duen prestakuntza-ibilbide bat proposatzen du Room4Steel gelak. Interesgarria izango da parte hartzen duten ikasleentzat, eta parte hartzen duten enpresetako langileak ere erakar ditzake, haien burua birziklatu nahi duten kasuetan.

Bestetik, irudiarekin lotutako kontu bat ere badugu. Alberto Oleagak kontatu zigunez, “siderurgia-sektoreak historia luzea izan arren, ez ditu asko erakartzen EAEko etorkizuneko ingeniariak. Horretan eragina izan du industria-birmoldaketaren oroitzapenarekin eta une horretako iruditeria kolektiboarekin lotutako okerreko irudiak. Irudi horren arabera, industria mota hori ez zen naturarekiko lagunkoia, eta Bilboko kutsadura atmosferikoaren erantzulea zen. Baina, noski, sektorea erabat aldatu da eta, gaur egun, norbait altzairu-fabrika batera sartu eta bertan topatzen duenak ez du inolako zerikusirik duela 40 urtekoarekin. Industria-birmoldaketa izan zuen eta, oraintxe bertan, industria saneatua da, etorkizun handikoa”.

“Hori da egiteko dugun zeregin pedagogikoaren beste aurpegia”, azaldu zuen Asier San Millanek. “Gelan parte hartzen duten pertsonak guri interesatzen zaizkigun ezagutza espezifikoetara hurbiltzea da zeregin horren zati bat, baina beste zatia, agian garrantzitsuagoa dena, sektorea nola modernizatu den komunikatzea da eta, hala, irudi zikin, arriskutsu edo zaharkitu horrekin amaitzea; izan ere, irudi hori ez dator bat gaur egungo siderurgia arloko lanarekin”.

Eta, noski, ikasleen proiektuek irtenbideak eskainiko dizkiete sektore honek dituen erronka zoragarriei, zeinak asko eta anitzak diren: produkzio-prozesuetan gas naturalaren ordez hidrogeno berdea erabiltzen hastea, hondakinak kudeatzeko sistemetan hobekuntzak egitea, digitalizazioa eta big data, 4.0 industria, matxurak aurreikustea, labeen hondar-beroa aprobetxatzea eta abar luze bat.

Zergatik dira interesgarriak gelak ikasleentzat?

Orokorrean, Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasle askok enpresa-gela batean egiten dituzte praktikak eta GRAL/MAL. Gela ezberdin asko daudenez, ez da aukera elitista bat, baina egia da geletako hautaketa-prozesuan lehentasuna ematen zaiela notarik onenak dituzten ikasleei edota gaiaren arabera interes handiena dutenei.

Alberto Oleagak azaldu zuenez, “gela bakoitzak batzorde tekniko bat du, hauek osatua: gelako zuzendaritza, zuzendaritza teknikoa (sektorearen gaineko ezagutza espezifikoak dituen Eskolako irakaslea) eta enpresako bi edo hiru pertsona. Lehenengo urte honetan 8 proiektu izango ditugu Room4Steel gelan, parte hartzen duen enpresa bakoitzeko bat, eta hauek egingo dute hautaketa: proiektuaren ardura duen enpresako pertsonak, gelako zuzendariak eta zuzendaritza teknikoak. Dena den, enpresak izaten du azken hitza”.

Etorkizuneko egresatuarentzat, gela hauetako batean parte hartzeak haien profila bideratzea esan nahi du, eta sektore honetako enpresei interesatzen zaizkien ezagutzetan apur bat gehiago espezializatzea. Gainera, lehen aldiz harremanetan jartzen dira profesionalekin, enpresako tutorearekiko harremanaren bidez eta prestakuntza-ibilbideaz arduratzen diren kanpoko irakasleen bidez. Azkenik, proiektuaren emaitza erabilgarria izango da enpresarentzat, eta ez da lan akademiko soil bat izango.

CRISTINA BILBAOCristina Bilbao, Siderex klusterraren berrikuntza arduraduna.

Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen baten barruan egonik, prozesuaren kalitatearen jarraipena eta ebaluazioa egiten dira, beste praktika-eskaintza batzuetan bezalaxe. 

Cristina Bilbaok honakoa adierazi zuen, martxoaren 16an Bilboko Ingeniaritza Eskolan egindako Siderex Gelaren aurkezpen-jardunaldia gogoratuz: “orokorrean ikasle asko erakarri zituen egitasmoak, baina, zehazki, emakume asko, eta hori ikustea gustatu zitzaidan. Webgunearen bidez dagoeneko jaso ditugun ikasleen erdiak emakumezko ikasleenak dira, eta hori oso positiboa iruditzen zaigu; izan ere, sektore oso tradizionalaren irudi hori desagertzen ari dela esan nahi du horrek”.

Zergatik dira interesgarriak gelak enpresentzat?

Batetik, gelak garapen bat eta ikerketa bat egiten ditu, aurrez enpresak markatutako norabide batean. “Ateratzen den proiektu bakoitza, interesatzen zaien zerbait da”, azaldu zuen Alberto Oleagak. “Dagoeneko enpresaren barruan lantzen ari diren zerbait izan daiteke, eta norbaitek garatzea nahi dute, prestakuntza jasotzen duen bitartean, kontratazio posible baterako. Kontratazioa ez da ziurtatuta egoten, baina pertsonak hobeto ezagutzeko modu gisa ikusten dituzte gelak enpresek, etorkizunean hautaketa bat egiteko”.

Room4Steel, aurkezpena

Bestetik, antzeko ildo batetik, Asier Millanek honakoa adierazi zuen: “Honelako gelek primerako formatua dutela iruditzen zaigu. Azken finean, ikasleek enpresei interesatzen zaizkien erronkak lantzea, hezkuntza-zentroetako irakasleekin elkarlanean, oso positiboa iruditzen zait talentua gure sektorean atxikitzeko”.  Talentua erakartzea eta atxikitzea kezka bat da sektore askorentzat, baita siderurgia-sektorearentzat ere. Alberto Oleagaren arabera, “enpresei asko interesatzen zaie unibertsitateetan presentzia izatea, haientzako profesionalak ikaslerik onenen artean aukeratu ahal izateko. Eta Eskolan presentzia handia izateko modu bikaina da gelaren bidez egitea”.

Azkenik, Room4Steel gelaren kasuan, unibertsitatetik irten berri diren ikasleak siderurgia-jarduerara hurbiltzea da helburuetako bat, egon litezkeen aurreiritziak aldatzea, eta etorkizun handia duen, oso berritzailea den eta etengabe aldatzen ari den sektore baten errealitatea komunikatzea. 

Zergatik dira interesgarriak gelak unibertsitateko irakasle eta ikertzaileentzat?

Siderex klusterra

Enpresa-gelak interesgarriak izan daitezke EHUko irakasleentzat ere, laguntza ematen dieten enpresekin harremana izateko. Kasu batzuetan, harreman horretatik abiatuta beste ikerketa-proiektu batzuk sortu dira kanpo-deialdietan, ezagutza helarazteko proiektuak edo beste mota batzuetako lankidetza informalagoak.

Gela batzuek, azkenean, prestakuntza arautua ematen dute unibertsitatearen egituraren barruan ere; esaterako, master batean edo titulu propio batean, eta gelako irakasle eta ikertzaileak izan daitezke irakasleak. 

Horrez gain, EHUko irakasleentzat haien interesekoa den ikerketa arlo batekin harremanetan egoteko eta arlo horrekin lotutako proiektuak zuzentzeko bitarteko bat dira gelak, eta, gainera, ordainsari txiki bat izan dezakete.

Harremanetarako