Apirilaren 25ean 40 urte beteko ditu Euskoikerrek unibertsitatearen eta gizartearen arteko ezagutzaren transferentzia sustatzeko lanetan. Duela hilabete gutxi, zuzendari-kudeatzailearen aldaketa izan da Fundazioan: orain arte karguan izan den Javier Muniozguren Colindresek Alfonso Hernández Fríasi utzi dio lekua. Artikulu honetan, Euskoikerren 40 urteko ibilbidea ekarriko dugu gogora eta Fundazioko zuzendari-kudeatzaile berriari elkarrizketa egingo diogu:
Unibertsitateko katedraduna naiz EHUko Ingeniaritza Mekanikoaren Sailean. 1986ko irailetik ari naiz Bilboko Ingeniaritza Eskolan lanean, ia 33 urte daramatzat, eta hasieratik egon naiz ikerketan eta ezagutzaren transferentzian murgilduta. Urte hauetan guztietan, ikerketa ildo batean baino gehiagotan aritu naiz eta Ministerioaren edo beste erakunde batzuen ikerketa-proiektu lehiakorretan ere aritu naiz lanean, baita transferentzia-proiektuetan ere, enpresekin, nahiz eta ez zaidan bereizketa egitea gustatzen.
Terminologiari buruz. Ez zait gustatzen lehiakorrak eta ez lehiakorrak bereiztea, enpresekin egiten diren transferentzia-proiektuak lehiakorrak ez balira bezala...Egia esan, alor gutxitan egongo da merkatuan bertan baino lehia handiagoa. Enpresa batek proiektu bat egiteko kontratatzen zaituenean, ia beti, beste aukera batzuk aztertuak izaten ditu aurretik. Ba al dago proiektu baten kalitate-adierazle hoberik, enpresa batek bere poltsikotik hura finantzatzeko jarritako dirua baino?
Askotariko proiektuak egin izan ditugu, baina denak ingeniaritza mekanikoaren arloan. Hasieran, Matriplast S. Coop (gaur egun FPK) enpresarentzako material konposatuzko kapot bat diseinatu eta kalkulatu genuen, Tresnen Euskal Fabrikatzaileen partzuergoarentzako giltzen gama baten geometria aztertu eta birdiseinatu genuen; egin genuen proiektu interesgarri bat RENAULT markarentzat ere (zuzenean Frantziarekin), haien modeloetako baten txasisean, balaztatzean, sortzen ziren bibrazioak murrizteko; aritu ginen txapa-konformazioaren simulazioan lanean MATRICI, BATZ, ABGAM eta TECNALIA (lehen Robotiker) enpresekin eta abar. Azkenaldian landu ditugun proiektuen artean ditugu, adibidez, robot baten diseinua, VICINAYk fabrikatzen dituen kateen katebegiak ultrasoinuen bidez ikuskatzeko, eta SENERentzat aireontziekin lotuta egin dugun proiektu bat.
Zenbait aldi bereiziko nituzke nire ibilbidean. Garai batzuetan, irakaskuntzako gaiak enpresetarako (edo ikerketarako) egiten genituen gure garapen-lanekin lotuta egon dira eta beste garai batzuetan, berriz, ez. Une emankorrenak bi jarduerak lerrokatuta egon direnekoak izan dira. Azken finean, enpresekin egiten diren lanak irakasten ari zaren horrekin lotuta daudenean, ikasleei, prestakuntza teorikoa eskaintzeaz gain, diseinuari lotutako datuak eta errealitate praktikoak ere eskaintzeko aukera izaten da.
Fundazioaren erabiltzaile izan naiz. Oso goiz hasi nintzen transferentziarekin lotutako proiektuetan murgiltzen, Unibertsitatean sartu orduko, ia-ia Euskoikerren hasieran.Gogora ekarri behar da duela 40 urte sortu zela Fundazioa, artean, unibertsitateetan, Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko eta berrikuntzarako Bulegorik (OTRI) ez zenean.
Garai hartan, gure inguruko enpresek, haien industria-garapenetan aurrera egiteko helburuarekin, unibertsitateko irakasleekin lankidetzan aritzeko interesa zuten. Ingeniaritzako gaiak ziren batez ere eta harreman gehienak garai bateko Bilboko Industria Ingeniaritzako Eskolako irakasleekin sortu ziren.Fundazio bat baino gehiago sortu zen garai hartan estatu osoan, unibertsitatearen eta enpresaren artean zuzenbidearen araberako harreman bat ezarri ahal izateko.Ondoren, Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko Bulegoak sortu ziren unibertsitateetan eta gaur egun, bi aukerak daude erabilgarri transferentzia-kontratuak izapidetzeko.
Nik uste dut bi bideak justifikatzeko behar adina ekimen dagoela eta uste dut, gainera, handitu egin litekeela ekimen kopurua EHUko irakasleen artean transferentziaren kultura sustatuko balitz. EHUko irakasle batzuek ez dakite enpresekin eta erakundeekin transferentzia-proiektuak egin daitezkeenik ere.
Uste dut transferentziari, unibertsitatean, asko geratzen zaiola oraindik irits daitekeenera iristeko. Urrun dago kontratu mota horietan parte hartzen duten irakasleen eta ikertzaileen ehunekoa izan behar genukeen ehunekotik. Gainera, ia beti industriaren arloa hartzen dugu ardatz gisa eta EHUko ikertzaileek beste arlo askotan egin diezazkieke balio-ekarpenak enpresei, elkarteei edo erakundeei.Adibidez, artearen arloan, zaharberritzearekin, komisariotzarekin edo museoentzako aholkularitzarekin lotutako lan horiek guztiak.Eta badira adibideak beste alor batzuetan ere; adibidez, komunikabideetan edo osasun-zientzietan, medikuntzarekin edo sektore farmazeutikoarekin lotutako proiektuekin.
Bestalde, enpresen, erakundeen edo partikularren beharretara doituta, neurrira eginiko prestakuntzarekin ere lotuta egon daiteke transferentzia.Eta horrek zientziaren arlo guztiak hartzen ditu.Nolanahi ere, hazteko potentziala ikusten dut. Unibertsitateak asko du, oraindik, gizarteari eskaintzeko.
Transferentziako seiurtekoa bazegoen lehendik ere, baina hura eskatuta, kanpoan gelditzen ziren ikerketako seiurtekoak. Aukera zenuen sei urte ebaluatua izateko, zure artikuluen arabera edo eginiko transferentziaren arabera. Kontua da, ikerketako seiurtekoa eskuratzeko irizpideak (batez ere artikulu zientifikoen arabera) argi daudela zehaztuta eta behar adinako denbora-tartean ebaluatu direla eta beraz, eskatzaileak modu fidagarrian aurreikus dezake ebaluazioaren emaitza.Transferentziaren irizpideek eta ebaluazioak, ordea, ez dute oraindik bide luzerik egin eta beraz, ebaluazioaren emaitza ez da hain aurreikusgarria. Horregatik, ikertzaile gehienek ikerketako seiurtekoa eskaintzen dute transferentziako seiurtekoaren kaltetan.
Aurtengo aldaketaren arabera, bi seiurteko motak ez dira baztertzaileak, osagarriak baizik. Proiektu pilotu bat da eta ateak zabaldu zaizkio ikertzaileek ikerketako edo transferentziako sei urteko blokeak modu independentean eskatzeko aukera izateari.Hau da, bi seiurtekoak aldi berean eska daitezke, nahiz eta baterako eta besterako aurkeztu beharreko merezimenduek desberdinak izan behar duten.Transferentziako seiurtekoarekin lotutako merezimenduak, jakina, transferentziarekin eta berrikuntzarekin daude lotuta, dagokion estatuko aldizkari ofizialeko aginduan azalduta dagoen moduan.
Espainian seiurtekoak sortu zirenean, helburua zen, ikerketan, Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, igarritako gabezia bat konpontzea. Helburu hori, gutxi gorabehera, bete da. Orain gure unibertsitate-sisteman dugun gabezia transferentziarekin dago lotuta eta aldaketa hau unibertsitateak jada baduen transferentzia-gaitasuna “indartzeko” Ministerioak abian jarritako ekimentzat hartu behar da.
Beraz bai, espero dut aldaketa honi esker, gure unibertsitateko irakasle eta ikertzaileei interes handiagoa piztea transferentzia-jardueren inguruan. Ikuskizun dago, jakina, proiektu pilotu honetan merezimenduak nola ebaluatuko diren. Deialdi honen emaitzak baldintzatu egin dezake seiurteko honek etorkizunean sortuko duen interesa, baina nire iritziz, oso ekintza positiboa da unibertsitateko irakasleentzat.
Bada, adibidez, ikasgela teknologikoak. Ni neu Bilboko Ingeniaritza Eskolako Tecnalia ikasgelako arduraduna naiz. Badira beste Tecnalia ikasgela batzuk Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean eta Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Badira beste ikasgela teknologiko batzuk ere; hala nola Velatia-Ormazabal ikasgela, Nortegas ikasgela eta ZIV ikasgela,denak Bilboko Ingeniaritza Eskolakoak. Eta gehiago ere badira, Aeronautikako ikasgela, Makina-tresnen ikasgela eta Espazioa ikasgela, baina prestakuntzarako eta hezkuntza-lankidetzarako dira horiek.
Ikasgela teknologikoen atzean dagoen ideia zera da, zentroak espazio fisiko bat eskaintzea enpresa edo zentro teknologikoko langileen eta unibertsitatearen artean lankidetza abiarazteko. Enpresak bere ikerketa-ildoak eta erronka teknologikoak ekartzen ditu, baita dagokion ezagutza-arloan duen jakintza ere. Unibertsitateak espazio horretan parte hartzeko aukera ematen die doktoretza aurreko eta ondorengo ikertzaileei, ikerketa-ildo horietan interes dutenei, ildoarekin lotutako doktoretza-tesiak, gradu amaierako lanak edo masterrak egiteko prest dauden ikasleei eta abarrei. Espazio honek aukera ematen du zentro bateko irakasleen eta enpresa edo zentro teknologiko bateko langileen artean harreman pertsonalizatua abiarazteko, eta testuinguru horretan, ohikoa izaten da transferentzia-proiektuak sortzea.
Nire iritziz, ez. Egia da ezagutza arlo horietan hartu dutela indar gehien, baina nik uste, zentzua dutela beste arlo askotan ere, unibertsitatearen ikerketako interesak eta ingurune sozial eta produktiboarenak lerrokatzeko mekanismo gisa. Beste fakultate edo zentro batzuek antzeko proiektuak plantea ditzakete haien ezagutza arloari dagokion ezaugarriak aintzat hartuta.Gainera, enpresa edo zentro teknologikoetakoak ez diren eragile sozialekin egin dezakete lan; hala nola foru-aldundiekin, udalekin, fundazioekin edo Eusko Jaurlaritzarekin.
Lehen, irakasleek uste zuten espiritu zientifiko askeak zirela eta nahi zuten horretan egin zezaketela lan.Denboraren poderioz, erakundeek, gure ingurunearentzat erabilgarri diren nolabaiteko ikerketa-norabideak finkatu dituzte.Eta zientzialariok, denboraren poderioz, ikasi dugu ez garela hain askeak eta geure ingurune industrial, ekonomiko eta sozialarekiko betebeharra dugula.
Hau da, pixkanaka jabetu gara gure soldatak ordaintzen dituztenak gure erakundeak eta herritarrak badira, ditugun gaitasunak gertuen dugun ingurune horren erronketara bideratu behar ditugula.
Aditu bat behar duzu? Jarri gurekin harremanetan
Zein onura du proiektuak enpresekin kontratatzeak?
Nola kontrata ditzazket proiektuak unibestritatearekin?
Euskoikerrek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du mota guztietako proiektuak kudeatzen