“Hurbileko polizia” eredua zer den galdetuko baligute, seguru asko gutariko gehienok ez genuke jakingo zer erantzun. Alabaina, Londreseko Metropoliko Polizian 10 urtetik gora daramatza eredu horrek ezarrita, oso emaitza onekin, eta Bilbo ere hori aztertzen ari da, bertako auzoetan abiarazte aldera.
“Hurbileko polizia auzo zehatz batetik bakarrik eta oinez patruilatzen duen polizia da”, azaldu digu UPV/EHUko Gizarte Psikologia Saileko Cesar San Juan Guillének, “eta paradigma aldaketa dakarrena, jada ezagutzen dugunari dagokionez”. Agente mota horren egitekoa da bere auzoa oso ondo ezagutzea eta bertako biztanleek bera ezagut dezatela. Konfiantza ematen duen irudia izan behar du, eta zenbait trebetasun eduki behar ditu negoziatzeko eta gatazkak kudeatzeko unean. Krimenak prebenitzeko ezartzen dira aipatu trebetasunak, bai eta gertakari gehien eragiten dituzten bizikidetza gatazkak konpontzeko ere.
“Urteak behar dira horrelako eredua ezartzeko, beharrezkoa baita agente berrien kontratazio politikak berrikustea”, gaineratu du Césarrek. “Kontua ez da kalean poliziak jartzea. Hurbileko poliziak pertsonen arteko hainbat trebetasun eduki behar ditu, baita hizkuntza trebetasunak ere, bere egunean ohiko polizia bati eskatu ez zitzaizkionak.” “Eredu horrekin, ekintza-gizon edo -emakume” irudiak indarra galtzen du”. Londreseko Metropoliko Poliziak eskarmentua dauka eremu horretan, eta bertako biztanlerian pisu nabarmena duten etnia ia guztietako hurbileko agenteak dauzka, komunitate horietan elkarri eragiteko behar diren hizkuntza trebetasunak dituztenak.
Polizia eredu berri horretaranzko bidea egiteko beharrezkoa da pentsamoldea aldatzea, prestakuntza handia jasotzea eta irizpideak aldatzea langile berriak kontratatzean. Césarren ikerketa-taldeak garatu ditu eredu berri horren printzipioak, baita horren bilakaera neurtzeko adierazle garrantzitsuak identifikatu ere, eta Bilboko Udaltzaingoari eskaini dio aholkularitza hori guztia, interes handia baitu paradigma berri horretan.
Poliziaren jarduera antolatzeko modu horrek kontuan hartzeko abantailak dauzka, bai informazioa eskuratzeko arloan, bai delituak prebenitzeko orduan. Poliziaren rola proaktiboagoa da erreaktiboa baino, eta, ondorioz, hobekuntzak egon daitezke herritarren segurtasun pertzepzioan. “Bitxia da segurtasun pertzepzioak lotura zuzenik ez izatea krimen kopuruaren adierazleekin”, adierazi du gaia ikertzen denbora daraman Césarrek. “Espainiak, adibidez, Europako kriminalitate tasa txikienetakoa dauka, eta, hala ere, segurtasun-pertzepzio okerrenetakoa dauka Europar Batasun osoan. Oso ezkorrak gara alderdi horretan.”
Césarrek eta bere taldeak, Kriminologia Aplikatuko Ikerketa Taldeak, urteak daramatzate delituak prebenitzeari zuzendutako ikerketa ildo ezberdinak lantzen. Jorratzen duten ikerketa ildo nagusiak gazteen kriminalitatearekin dauka zerikusia, eta urtero ebaluatzen dute Eusko Jaurlaritzako gazte-justiziaren plana. Beste alde batetik, ingurumen kriminologiaren arloa ere jorratzen dute. Delituak egiteko unean espazioak duen eragina ikertzen du eremu horrek. Ildo horren barruan, delituak egiteko aukerak areagotzen edo murrizten dituzten guneen ezaugarriak hautematen saiatzen dira.
Honakoa erantzun digu Césarrek, Euskoiker fundazioaren bidez erakundeekin edo komunikabideekin ezagutzaren transferentzia-jardueretan parte hartzeak zer ematen dion galdetu diogunean: “zentzua ematen dio nire lanari. «Benetako» ikerketa da, gizartean eragiten duena. Askoz ere gehiago asebetetzen nau horrek aldizkari zientifiko batean argitaratzeak baino, izan ere, badakit kriminologo gutxi batzuek baino ez dugula irakurriko.”
Zentzu horretan, honakoa ere esan du: “gure ikerketa-taldearentzat, jardueraren funtsezko alderdia da komunikabideekin kolaboratzea. Badakit, gizartea kezkatzen duen kontu bati buruz telebistako saio batera hitz egitera joaten den hori ni ez banaiz, seguruenik beharrezko ezagutzak ez dituen norbait izango dela.” Horregatik, Césarren ustez, komunikabideekin kolaboratzeak batzuetan eskatzen duen ahalegina egin behar dute unibertsitateko irakasleek, beren espezialitateko gaiei dagokienean. “Ez da erraza, komunikabideen formatuak eta horien denbora-mugek, zenbaitetan, ñabardura gehiago beharko lituzketen baieztapenak egitera bultzatzen gaituzte-eta, baina beharrezkoa dela uste dut.”
Aditu bat behar duzu? Jarri gurekin harremanetan
Zein onura du proiektuak enpresekin kontratatzeak?
Nola kontrata ditzazket proiektuak unibestritatearekin?
Euskoikerrek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du mota guztietako proiektuak kudeatzen