Denok dugu honako hauetan fidatzeko beharra: igogailuen segurtasuna, elikagaien etiketatze zuzena, edaten dugun uraren kalitatea, azterketa diagnostikoen fidagarritasuna, ibilgailu baten osagaien segurtasuna, kontagailu elektrikoaren edo gasolina-hornigailuaren neurtzeko gaitasuna, edota salerosketa elektronikoen segurtasuna.
Konfiantza hori lortzeko, hainbat motatako ebaluazioak edo kontrolak ezartzen dizkiete produktuei, hala nola entseguak, ikuskapenak edo ziurtapenak. Oro har, adostasuna ebaluatzeko jarduerak (OEC) deitzen zaie horiei. Merkatuaren eta gizartearen zerbitzura jarritako produktuek, prozesuek, zerbitzuek eta instalazioek legez ezarritako baldintza jakin batzuk betetzen ote dituzten eta, hortaz, arauzkoak ote diren ebaluatzea da horien helburua; edo, bestela, borondatezkoak diren arau, zehaztapen edo beste dokumentu batzuetan deskribatzen diren baldintzak betetzen dituzten egiaztatzea.
Kontrol horien emaitza erabakigarria da gure eguneroko bizimoduko alderdi guztietan. Hori dela eta, funtsezkoa da horiek egiten dituzten erakundeek haien jarduera behar adinako konpetentzia teknikoarekin egitea eta emaitzetan fidagarritasuna eskaintzea. Hortaz, jarduera horiek zuzen gauzatzearen gaineko konfiantza sortzeko nazioarte mailan ezarritako tresna da egiaztapena.
Espainian ENAC da egiaztatze-erakunde nazional gisa jarduteko izendatuta dagoen erakundea, eta ebaluazio-erakundeen konpetentzia teknikoa ebaluatzea da haren zeregina. Horretarako, nazioarteko arauetan oinarritutako ebaluazio zorrotza egiten du maila tekniko altua duten profesionalen talde baten bidez. Profesional horiek ebaluazio-erakundeak ikuskatzen dituzte, nazioarteko arauen arabera.
ENACeko auditoreen taldeak honela osatuta egoten dira: batetik, auditore burua, auditoretza gidatzen duena eta erreferentziazko egiaztatze-araua sakon ezagutzen duena; eta, bestetik, ebaluazio-erakundeak lan egiten duen arlo teknikoetan adituak diren pertsonak.
Hori dela eta, ezagutza tekniko altua duten pertsonen elkarlana behar du etengabe ENACek. Pertsona horiek erreferenteak izan behar dute eta sakon ezagutu behar dute ebaluatzaileak garatzen duen jarduera. Hala, gai izan behar dute aipatutako jarduera konpetentzia maila egokiarekin garatzen ari den ebazten duen epai profesional bat igortzeko.
Adituaren papera funtsezkoa da auditoretza-prozesuetan. Izan ere, hark ebaluatzen du ebaluazio-erakundearen maila teknikoa, honakoen bidez: langileei elkarrizketak; dokumentuen, baliabideen eta erregistro teknikoen berrikuspena; eta egiaztatu beharreko jardueraren behaketa, baldintza errealetan. Epai profesional bat igortzea da helburua, aipatutako jarduera eskatzen den konpetentzia eta kalitate mailarekin gauzatzen ari ote den ebazten duena.
Irakasleak, ikerlariak, profesionalak, enpresa eta administrazioetako teknikariak... Ari daitezke ENACekin elkarlanean, teknikari aditu gisa. EHUko irakasle eta ikerlarien kasuan, ezagutzaren transferentziarako jardueren baitako beste aukera bat da. ENACekin elkarlanean aritzea modu errazean batera daiteke irakasle- eta ikerlari-jarduerarekin. Izan ere, bakoitzak libre duen denboraren arabera doitu daiteke egin beharreko auditoretza kopurua.
Jarduera aberasgarria da, aditu gisa zure errekonozimendu profesionala areagotzeko aukera ematen baitizu, ENACeko profesional taldearen parte izango zarelako; hau da, prestigio ezaguna duen komunitate baten parte. Era berean, zure esperientzia profesionala aberastu egingo da, jarduera berriak egitea eta lanerako beste modu batzuk ezagutzea ahalbidetuko dizuten ebaluazioetan parte hartuko duzulako. Gainera, ezagutza partekatzea erraztuko dizu eta profesionalen harreman-sarea areagotuko duzu, sektore guztietako 900 adituk baino gehiagok osatzen dutelako ENACen laguntzaile-sarea. Hori gutxi balitz, diru-sarrera ekonomiko gehigarriak jasotzea ahalbidetuko dizu jarduera honek, beste transferentzia-jarduera bat delako, gainerakoen arau berdinetan oinarritzen dena (kontsultatu Euskoiker Fundazioaren Ikerlarientzako Gida).
Sektore tekniko eta ekonomiko ia guztietan presente dagoen tresna da egiaztapena, esaterako, honako hauetan: elikagaien segurtasuna, ekoizpen ekologikoa, animalien osasuna, hondakinen kudeaketa, ingurumenaren babesa, zerbitzu diagnostikoak, industriako segurtasuna, ekoizpen energetikoa, garraioaren segurtasuna, kontrol logistikoa, zibersegurtasuna eta IKTen segurtasuna, hirigintzako eta eraikuntzako segurtasuna, compliance, laneko segurtasuna edo osasuna. Gaur egun, lankidetzarako 70 eskaintza baino gehiago ditu eskuragarri ENACek sektore guztietan. Interesa baduzu, ENACen webgunean kontsulta ditzakezu eskuragarri dauden eskaintza guztiak.
Zure ezagutza eta esperientzia arloari egokitutako lankidetza-eskaintzarik topatzen ez baduzu, zure curriculuma bidal dezakezu ENACera (posta elektronikoko helbidea: cae@enac.es. Gaia atalean), gaia atalean “Candidato (Izen-abizenak) - Fundación Euskoiker” idatzita. Izan ere, etengabe behar izaten ditugu teknikari adituak edozein arlo teknikotan.
Zalantzaren bat baduzu eta teknikari aditu gisa laguntzeari buruz gehiago jakin nahi baduzu, ENACekin harremanetan jar zaitezke telefono honen bidez: 914 573 289.
Aditu bat behar duzu? Jarri gurekin harremanetan
Zein onura du proiektuak enpresekin kontratatzeak?
Nola kontrata ditzazket proiektuak unibestritatearekin?
Euskoikerrek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du mota guztietako proiektuak kudeatzen