Euskoiker Fundazioa Materiallyrekin lankidetzan ari da. Materialekin lotutako aholkularitza-enpresa da Materially, eta bere propietateak behar bezala identifikatuta dituzten materialen katalogo zabala du.
Materiallyren helburua materioteka(ingelesezko materials library hitzaren egokitzapena) bihurtzea da; hau da, material mota ugariren artxibategi fisikoa eta digitala. “Gu espezializatuta gaude”, kontatu zigun Unai Etxebarriak, Materiallyko CEOak, “alde batetik, material berriak eta lotutako teknologiak identifikatzen, gero gure datu-basean sailkatu ahal izateko eta, bestetik, industriaren erronkei erantzuna emateko eskaintza eta eskari teknologikoa lotzen. Hala, enpresen eta ikerketa-zentroen berrikuntza-prozesuetan jarduten dugu, eta jarduera mota horri atxikitako arriskuak murrizten ditugu”.
Materiallyk Bilbon dituen instalazio fisikoetan, 500-1000 material ingururen laginak daude, baina Material Points delakoak ere baditu: Madrilgo Arkitektoen Elkargoan ikusgai dagoen erakusketa, Milanen antzeko konpainia bat eta Galizian beste materioteka bat (lankidetza-akordioa sinatuta duen ekimen publikoa) ditu; gainera, sarean beste materioteka batzuekin lan egiten dute.
Hala ere, materialen datu-base digitalak 10.000 erreferentzia baino gehiago ditu sarean, eta diseinatzaileek, arkitektoek eta ingeniariek beren proiektuak prestatzeko erabiltzen duten benetako tresna da. Gainera, beren produktu berriak ezagutarazteko eta Materiallyn sartzea eskatzeko material developer garatzaileek erabiltzeko tresna ere bada.
Materiallyren helburua da beren teknologiagatik, jasangarritasunagatik edo beste edozein ezaugarri nabarmenengatik balio erantsia duten material berriak sailkatzea, gero arkitektoen, diseinatzaileen eta ingeniarien esku jartzeko. Profesional horiek material berriak garatzen ari diren milaka fabrikatzaile dituen mundu aldakor bati egin behar diote aurre.
Baina, dokumentazio-lanaz gain, bideratzaile edo erraztaile gisa funtzionatzen dute, beren sareari balioa emanez eta behar dituzten materialak produzitzen dituztenak horiek diseinatzen dituztenekin harremanetan jarrita. Unaik azaldu zigunez, “material bat bilatzeko garaian, baliteke bezero batek behar duena gure datu-basean jasota egotea, gurekin elkarlanean ari diren beste garatzaile batzuek hornitu ahal izatea edo material berri bat bilatu behar izatea eta, horrenbestez, hori karakterizatu ahal izateko azterlanak egin behar izatea. Guk ez ditugu azterlanak zuzenean egiten. Hori beharrean, teknologia-zentroei edo unibertsitateei azpikontratatzen dizkiegu”. Esparru honetan, transferentzia-lanak EHUko ikerketa-taldeekin batera egiteko aukera dago.
Materially, gainera, unibertsitatearekin elkarlanean aritzeko prest dago. Gaur egun, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Material Aurreratuen Ingeniaritza Masterrarekin batera egiten du lan. Masterreko ikasleak praktiketarako onartzeaz gain, inplikatuta egon diren materialekin lotutako kasuei buruzko urteko tailerra eskaintzen dute. Era horretan, industriaren inguruko azterketa unibertsitatetik gehitutako belaunaldi berrietara bideratzen dute.
Bestalde, ikerketa-taldeek aholkularitza-zerbitzuak ere behar izan ditzakete. Duela gutxi, esate baterako, EHUko Eusko Jaurlaritzaren SAREN (IT1619-22) talde kontsolidatuarekin batera egin dute lan Ministerioaren proiektu baitan materialak identifikatzen (VERDHOR akronimoa): Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia Saileko José Tomás San José irakasleak azaldutakoaren arabera, “gure proiektuaren helburuetako bat hormigoizko matrizeak indartzeko egitura teknikoak identifikatzea zen. Batzuetan, gure lanaren izaeragatik, zaila egiten zaigu denbora luzez eta kalitatezko denbora eskainita bilaketa sakonak egitea. Horregatik jo genuen Materiallyrengana eta 4 hilabete baino gutxiagoan prestatu zigun txostena. Txosten horren ondorioz, bi lan-ildo identifikatu ditugu, eta horiek proiektuaren iraupenetik haratago luzatuko dira. Beraz, arazo bat konpondu ziguten denbora gutxian eta arrazoizko kostuan. Haien lan egiteko moduak eta esperientziak denbora murrizten digute. Eta denbora dirua da”.
Aholkularitza-enpresa, gainera, prest dago unibertsitatearekin batera materialekin pilatuta duen bere esperientzia aktibo bihur daitekeen transferentzia- edo ikerketa-proiektuetan parte hartzeko. “Gure kasuan, azpikontratazioa izan da, baina proiektu batzuetan maila bereko bazkide gisa lan egin dezakegula uste dut. Oso interesgarria da ikustea automobilgintzako jatorrizko materialak nola erabiltzen dituzten elikaduran bilgarri gisa, adibidez. Unibertsitatean, askotan, oso bideratuta gaude gure esparrura, baina Materiallyk badu batzuetan falta zaigun zeharkako ezagutza hori. Gainera, ez da oso erakunde handia eta, horregatik, oso azkarrak izan daitezke”, adierazi zuen José Tomásek.
Tresna online erabil daiteke eta dituen ia 10.000 erregistroen artean bilaketa egiteko aukera ematen du. Erreferentzia batzuk doan eskura daitezke, eta gainerakoak harpidetza bidez, bai banakako aukerekin, bai fakultate, sail edo ikerketa-taldeentzako aukera kolektiboekin.
Bilaketa-interfazeak aukera ematen du kategoriaren, aplikazio sektorearen, kokapen geografikoaren, jasangarritasuneko ezaugarrien, manufaktura-prozesuaren, gaitasun berezien, edo laginaren edo fabrikatzailearen kokapenaren arabera iragazteko, besteak beste.
Materialen erregistroek honako datu hauek biltzen dituzte: materialaren hainbat irudi, izen bat, deskribapen laburra, materialaren deskribapen askoz ere zehatzagoa eta iragazkietan (metadatuak) aipatu dugun informazio gehigarria. Horrez gain, enpresa fabrikatzaileko materialaren arduradunaren kontaktua ere eskaintzen du (telefonoa eta helbide elektronikoa).
“Hemen dugu Galiziako automobilgintzako zentro teknologikoak garatu duen material bat, adibidez” erakutsi zigun Materiallyko Izaskun Eskubik. “Beste material mota batzuetarako estaldura eroalea da, propietate elektrikoak eta termikoak dituena, eta hainbat substratutan aplika daiteke. Garatzailearen ikuspuntutik, bere sektoreko aplikazioak argi zeuden, baina guk eraikuntzaren eta higiezinen sektorean erabiltzeko proposamenak, beraiek aurreikusi ez zituztenak, egin dizkiegu. Adibidez, estalkietan botoi ikusezinak sortzeko erabiltzea planteatu da”.
Materiallyren jarduera ez da txosten edo proposamen teorikoetara mugatzen; hori beharrean, sektore berriaren barruan funtsezko harremanak bultzatzen ditu eta aplikazio teknologiko zehatzak aurrera eraman daitezen tarteko urrats guztiak eta laginak bidaltzea sustatzen du.
Aditu bat behar duzu? Jarri gurekin harremanetan
Zein onura du proiektuak enpresekin kontratatzeak?
Nola kontrata ditzazket proiektuak unibestritatearekin?
Euskoikerrek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du mota guztietako proiektuak kudeatzen