Bilboko Ingeniaritza Eskolako GCIS ikerketa taldeak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologia Sailak, Grupo Campus enpresarekin batera, “Lactatus” proiektua deitu dutena garatzen dihardute; hau da, laktatoaren atalasearen bidez erresistentzia-kiroletako errendimendua aurreikustea ahalbidetuko duen sistema garatzen. Lehen zuzeneko aplikazioa denbora-pasako korrikalariengan egindakoa izango da, horrela, haien atalaseak odol-analisirik egin beharrik gabe identifikatu ahal izango dituzte.
Laktatoaren atalasea deitzen zaio kirolari batek laktatoa odolean pilatzen hasi baino lehen jasan dezakeen gehieneko kirol-intentsitateari. Odoleko laktato maila areagotzeak korrikalariak laktatoa lortzeko sistema aerobikoen gaitasuna gainditu duela eta sistema anaerobikoak erabiltzen hasi dela esan nahi du. Horiek potentzia handia dute, baina ez dute denboran zehar irauten eta nekea eragiten dute berehala. Horrenbestez, odoleko laktato-kontzentrazioa areagotzeak kirolaria bere mugak gainditzen ari dela erakusten digu eta aurki ahaleginaren maila gutxitu beharko duela proba amaitu nahi badu.
Gehieneko ahalegin-maila jasangarria oinarrizkoa da erresistentzia-kirol oro burutzeko, izan denbora-pasako lasterketa, izan txirrindularitza, igeriketa edo triatloia. Gainditzen ez bada, kirolaria gai izango da jarduera fisikoa denbora luzez mantentzeko. Norbanako bakoitzak, entrenamendu eta sasoiaren araberako atalasea izan ohi du; nahiz eta esperientziak berak gakoak eman ditzakeen, atalase hori zehaztasunez kalkula daiteke “laktatoaren testa” eginez.
“Laktatoaren testean” kirolariak intentsitatea areagotzen duten ariketak egiten ditu eta serie bakoitzaren arteko atsedenetan odola ateratzen zaio, laktato mailak aztertzeko. Horrela, “laktatoaren kurba” deritzona ikusgarri egiten duen grafikoa irudika daiteke eta era jasangarrian manten daitekeen erritmorik altuena identifikatu. Ariketak era kontrolatuan egin behar dira; normalean fisiologia-laborategi batean egiten dira eta merkatuko prezioa 150 eurokoa izan ohi da. Pertsona baten laktatoaren kurba denboraldiko une batetik bestera egoera fisikoarekin eta entrenamenduarekin batera alda daitekeela kontuan izanik, denbora-pasako korrikalariari ez zaio oso eraginkorra gertatzen.
Euskal Herriko Unibertsitatean, hainbat irakaslek jasotzen errazagoak ziratekeen datuen bidez laktatoaren kurba zenbatestea posible zela pentsatu zuten, adibidez, wearable (ordulariak / pultsometroak) delakoak erabiliz bihotzeko erritmoa hautemanez.Bestalde, Grupo Campus kirol-munduarentzako berritzaileak diren aplikazioak eta konponbideak garatzen dituen enpresa da. Itxaropenen eta interesen loturatik sortu zen denbora-pasako korrikalariei laktato atalaseak odol-analisien beharrik gabe balioztatzea ahalbidetuko dien aplikazioa garatzeko unibertsitate-enpresa elkarlanerako proiektua.
Helburua hori izanik, proiektuak laktato-probak egin dizkie 200 korrikalariri baino gehiagori sistema diseinatzen lagunduko duten datuak biltzeko. “Ez zaigu ‘eredua’ hitza gustatzen, ez baitugu uste baldintza guztietarako laktato-kurbak balioztatzeko eredu bat eta bakarra egon daitekeenik”, dio Eva Portillo proiektuaren ikertzaile nagusiak.“Aitzitik, behar ditugun ereduak lortzen lagunduko digun sistema ari gara diseinatzen”. Dagoeneko korrikalari boluntario horien datu anitz bildu dira: entrenamendua eta txapelketak, adina, pisua, taila, tenperatura eta hezetasuna, hautemandako ahalegin-eskala (Borg), taupadak,... Informazio nabarmengarriena baliatuz laktatoaren kurba balioztatzen lagunduko duen sistema garatu eta Grupo Campusek eskainitako web-aplikazioan txertatuko da.
“Urte bukaerarako produktuaren lehen bertsio bideragarria izango dugula aurreikusten dugu” azaldu du Evak. “Kirolarien gehiengoarentzako erabilgarria izango den konponbidea diseinatzea eta garatzea lortzeko dugun grinak ikerketa-erronka berri eta handizaleak eragiten dizkigu”. Oraingoz, baikor dira emaitzekiko eta softwarearen aurre-bertsioak gai dira korrikalarien laktato-atalasea saiakeren % 81ean aurreikusteko (sistema “entrenatzeko” erabili ez diren subjektuen testetako datuak baliatuz).
Proiektuan lanean ari den unibertsitate-irakasleen taldea hainbat diziplinatakoa da, nahiz eta hiru sail nagusitan duten jatorria: Eva Portillo Pérez eta Itziar Cabanes Axpe Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Sailetik datoz; Jon Irazusta Astiazaran eta Susana Gil Orozko, Fisiologia Sailetik; eta Jordan Santos Concejero, berriz, Gorputz Hezkuntza eta Kirol Sailetik. “Interes partekatutik sortu den elkarlan aberasgarria da eta beste hainbat proiektutan ere elkarlanari ekin diezaiogun ari da eragiten”.
Fisiologia eta Gorputz Hezkuntza eta Kirol Sailetako ikerlariek laktato-probak egitera eta ikuspegi fisiologiko eta kirol-ikuspegitik irizpideak eta jarraibideak ezartzera bideratu dute beren jarduna, bestalde, ingeniaritza-sailekoek arazoa landu ahal izateko metodologia eta garapen berritzaileak lantzera bideratu dute.
Azkenik, Grupo Campus kanpo-enpresak sistema hori merkaturatzeko produktu bilakatzeko lanean dihardu, web-aplikazioari, aplikazio mugikorrari eta datu-baseen erabilerari lotutako garapenen bidez.Gainera, federazioekiko eta kirol-munduarekiko beharrezko kontaktua ahalbidetzen du. Evaren hitzetan “proiektuan kanpo-enpresa baten parte-hartzea izatea, curriculumaren aldetik izan ditzakeen abantailez gain, eskala kontua da. Haiek arduratu dira boluntarioak biltzeaz eta hitzorduak kudeatzeaz, eta horiei esker lortu dugu sistema eraikitzeko datu kopuru esanguratsua. Bestela, ezinezkoa zitzaigukeen proiektua garatu ahal izatea”.
Aditu bat behar duzu? Jarri gurekin harremanetan
Zein onura du proiektuak enpresekin kontratatzeak?
Nola kontrata ditzazket proiektuak unibestritatearekin?
Euskoikerrek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du mota guztietako proiektuak kudeatzen