Iazko udan, aztertu genuen zer eratako lanak egiten dituen Arte Ederretako Fakultateak jakintza transferitzeko, gure berripaperaren ale batean. Oraingo honetan, EHUren Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan ipiniko dugu arreta.
Arkitekturak inpaktu izugarria du gizarte osoaren gainean, eta, batez ere, oso ikusgarria. Goi Eskola Teknikoaren Arkitektura Sailak ehun irakasle eta ikertzaile inguru ditu, baina baditu sail gehiago ere, hala nola Fisika Aplikatua, Matematikak edo Hizkuntza. Jakintza transferitzeko proiektuak askotarikoak dira, baina, gaur egun, lau lan-esparru nabarmentzen dira: energia-eraginkortasuna, ondarea, teknologia berriak eta egurrezko egiturak.
Eraikinek sorrarazten dute gastu energetikoaren % 40 eta CO2 isurien % 36 inguru. Europar Batasuna araudi bat prestatzen ari da eraikin-parkearen eraginkortasuna hobetzera bideratuta, eta, poliki-poliki, behartuko du erreformak egitera, eraikinek «ia zero» kontsumo izan dezaten. Administrazio publikoetatik hasiko da neurria, baina, lehentxeago edo geroxeago, eragingo digu gainerako herritarroi ere. Hori dela eta, energia-eraginkortasuna interes handiko esparrua da arkitekturaren ikuspegitik gaur egun.
Horrekin loturik, Arkitekturako Goi Eskola Teknikoak proiektu bat garatu du: protokolo bat, eraikin baten energia-kontsumoa aldi berean kalkulatu ahal izateko, smartphone baten aplikazio bat baliatuta. Sistema horri esker, zenbatets liteke zer-nola aldatzen den energia-kontsumoa, dagokion erreformak egiten diren heinean, hala nola fatxadak isolatuta edo leihoak aldatuta; halaber, esku-hartzearen kostu optimoa zein den ere zehatz liteke. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzarentzat egin da, zeina behartuta egongo baita berrikuntzak egitera titulartasun publikoko eraikin askotan, hemendik urte gutxiren buruan indarrean jarriko den Europako araudiaren ondorioz.
«Eraikinaren hiru dimentsioko eredu birtuala sortzen dugu, eta, ondoren, sentsoreek hartutako informazioa txertatzen, erabiltzaileen kontsumoa eta erosotasun-maila aldi berean erakusteko. Zoragarria da», adierazi zigun Santiago Sánchez Beitiak, Fisika Aplikatuko Saileko kideak eta ikerketa-proiektu bateko ikertzaile nagusiak –eskolako hamabi irakasle inguruk esku hartu dute proiektu horretan–.
Jakina, badira bestelako esku-hartze mota gehiago ere esparru honetan, jakintza transferitzeko kontratu gisa egin litezkeenak; haien artean sinpleena, eraikinen ziurtagiri energetikoa eskuratzea. Dena dela, enpresa bat, erakunde bat edo partikular bat unibertsitatera joaten denean ezagutza adituaren bila, normalki proiektua konplexuagoa izaten da ziurtagiri energetiko estandar bat baino; izan ere, ez da eskaintzarik falta merkatuan halakoak egiteko.
Arkitekturaren alorreko beste lan-eremu garrantzitsu bat arkitektura-ondarea identifikatzearekin, katalogatzearekin eta balioestearekin dago lotuta. Gure gizarteko hainbat eragile, eskuarki publikoak, unibertsitatera joaten dira jakintza bila, jakiteko zer eraikinek duten ondare-balioa eta jakiteko, halaber, nola lor ote daitekeen ondare horri balioa ematea.
Ondarearen alorreko adibide asko eman daitezke, garapen handiko eremua baita. Santiago Sánchez Beitiak proiektu bat gidatu zuen, ondare-baliodun itsasargien Espainiako katalogoa egiteko. «Martxan dauden 190 itsasargietatik, nire ustez 130ek ondare-balioa daukate», jakinarazi zuen Sánchez Beitiak. Itsasargiak oraindik ere nabigazioan erabiltzen diren eraikinak dira, baina gero eta gehiago daude automatizatuta, eta farozainen alboko etxebizitzak ez dira baliatzen; hala, kasu batzuetan, eraikin horiek hondatuta daude. «Itsasargi bat benetako seinaleztapen-fabrika bat da, eta hala hartu behar da kontuan, ondare industrialaren elementu gisa», azaldu zigun Sánchez Beitiak.
Lauren Etxepare eta Maialen Sagarna, Arkitektura Sailekoak, beste proiektu baten arduradun izan ziren 2011n, Urola haraneko errotak eta burdinolak ebaluatzeko eta katalogatzeko, ZAIN Fundaziorako. «Proiektuaren interesa ez zen zegoenari buruzko katalogazioa egitea bakarrik, baizik eta metodo bat sortzea hartarako, irizpide objektibo batzuk garatuta eraikinen ondare-balioa sailkatzeko eta zehazteko», azaldu zuen Etxeparek.
Egindako proiektu horiez gain, gaur egun Eraikitako Ondarearen eta Eraikinen Birgaitze, Zaharberritze eta Kudeaketa Masterreko irakasleek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmen batean parte hartzen dute, Pasaiako badiako ondare-elementu guztiak –dela arkitektonikoak, dela urbanistikoak– aztertzeko, identifikatzeko, berreskuratzeko eta museo modura emateko. Badia haren inguruak industrializazio- eta desindustrializazio-prozesuak izan ditu, eta, horren ondorioz, eremu batzuk hondatuta geratu dira askotan. Foru Aldundiak haiek leheneratzeko interesa du, eta txosten bat eskatu du, jarduteko gomendio teknikoei buruz. Masterreko irakasleek, Montpellierreko Arkitekturako Goi Eskola Nazionaleko irakasleekin batera, urtebete daramate lanean, eta aurten daukate aurreikusita hitzarmeneko lanak amaitzea.
Santiago Sánchez Beitiaren arabera, «ardatzetako bat ondare-balioa duten elementuak identifikatzea da, ez Erdi Arokoak bakarrik, baizik eta XIX. eta XX. mendeko arkitektura-adibide oso interesgarriak ere bai». «Garai hartan egindako pabiloi industrial askok eta langileentzako eraikin ugarik izugarrizko balioa daukate.»
Lan-esparru honen barruan, elementu arkitektonikoak ikustea eta irudikatzea biltzen da, irudikapen birtualen bidez edo maketak sortuta (eta horrek batzuetan hiru dimentsioko inprimatzeak biltzen ditu, irudikapen birtualetatik abiatuta). Eskolak FabLab bat dauka, era guztietako fabrikazio digitaletara egokituta, zeina FabLab sarearen parte baita.
Teknologia berriak gertuago daude adierazpen grafikotik eraikuntzatik baino, baina kasu batzuetan bi esparruak nahasi egiten dira. Hori gertatzen da, adibidez, BIM teknologiarekin (Building Information Modelling), zeinak ahalbidetzen baitu eraikinak moldekatzea, informazio geometrikoa eta geografikoa bilduta, harreman espazialak zehaztuta eta osagaiei buruzko propietateak gaineratuta. Teknologia hori artikulu honetan aipatu ditugun hainbat proiektutan erabili da, eta Europako zuzentarauak presio egiten ari dira, teknologia hori erabil dadin obra publiko guztietan, eskuz esku igarotzen diren planoak albo batera utzita; izan ere, eraikuntza-informazioa artxibo bakarrean zentralizatzen uzten du (.ifc), eta haren gainean lan egin dezakete inplikatutako alderdi guztiek.
Espainian, Sustapen Ministerioaren erabakiz, nahitaezkoa da BIM teknologia erabiltzea eraikingintzako lizitazio publikoetan 2018ko abenduaren 17tik aurrera, eta, 2019ko amaieratik aurrera, azpiegituretako lizitazio publikoei ere eragingo die. Horrek aldaketa ugari ekarriko ditu, bai sektoreko enpresentzat, bai administrazioarentzat berarentzat. Iñigo León Cascante, Arkitektura Saileko irakaslea eta BIM Euskadi Batzordeko kidea, beste sei arkitektoko taldearekin batera (haietako bost irakasleak dira Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan), transferentzia-proiektu bat garatzen ari dira IVAPerako, zeinak euskal administrazioaren beharrizanak aztertzen baititu, teknologia berri honekin lotuta.
«229 lanpostu identifikatu ditugu BIM alorreko prestakuntza-beharrarekin, lau profil profesionaletan eta prestakuntzaren hiru sakontze-mailatan banatuta. Eta hori Eusko Jaurlaritzan bakarrik», adierazi du Leónek. «Horri gaineratu behar zaio udaletan, enpresa publikoetan eta gainerakoetan diren lanpostuak. Honelako proiektu bati ekiten diozunean, konturatzen zara ez dela horren erraza mugatzea zer den administrazio publikoa zentzu zabalean.» Prestakuntza-gomendioez gain, lanaren barruan sartzen da teknologia ezartzeko estrategia bat ere, zeina Erresuma Batuan edo Irlandan ezarri dituzten estrategietan inspiratuta baitago. «Agian martxan ipini beharreko neurri premiazkoenetako bat zera da, behatoki bat, 2018ko abendutik aurrera altxatuko diren eraikin guztiak identifikatzeko.
Bada mirarizko eraikuntza-material bat, makina bat zeresan ematen ari dena arkitektoen artean. Ez da, ordea, atzo goizeko materiala, nahiz eta harekin gaur egun erabiltzen diren teknika industrial asko berriak diren. Egurraz edo zuraz ari gara, XXI. mendeko arazoei konponbide ugari eskaintzen dizkien aspaldiko ezagunaz.
Haren balio nagusietako bat jasangarritasuna da: tona bat porlan sortzeak tona bat CO2 isurtzen du atmosferara; tona bat egur ekoizteak, berriz, bi tona CO2 erretiratzen ditu. Zuhaitzak eraikuntza-material berriztagarriak dira, eta, aldi berean, kutsadura atmosferikoaren maila murriztea ahalbidetzen dute. Dena den, ez dira gutxi egurrarekin eraikitzeak dituen abantaila praktikoak ere. Bizkorrago eraikitzen da, material atseginagoa eta gozoagoa da gizakiarentzat eta egituraren hutsak errazago hautematen dira hormigoian baino. Baliteke zeure artean galdetzea: ez ote da material arriskutsuagoa suteen kasuan? Bada, ez: izan ere, tenperatura altuekin hormigoia lehertu egiten da, eta altzairua, berriz, konkortu; ingeniaritza-egurra, aldiz, ikaztu egiten da, eta suak denbora behar du hura kontsumitzen.
EHUk hasieratik parte hartzen du Eusko Jaurlaritzaren Basotek izeneko ekimenean, zeinaren helburua baita egurraren balio-katea egituratzen laguntzea EAEn. Orain gutxi, EHUk transferentzia-hitzarmen bat sinatu du ekimen horri dagokionez, eta zuraren sektorearekin lotutako EHUko hainbat taldek parte hartzen dute, haien artean ESMAARQek (Egurrezko Egiturak Arkitekturan), zeinaren ikerlari nagusia Santiago Sánchez Beitia baita. «Ikerketa-talde honetan, zaharberritzeetan lan egiten du, forma arkitektoniko berriak garatzen FabLab bidez, baita solairu berriko eraikuntzetan ere», kontatu digu Sánchez Beitiak. «Kontua zera da, zuraren enplegua sustatzea esparru guztietan, baina, guri dagokigun kasuan, eraikuntzaren munduan. Erabat ziur gaude: epe laburrean, ohikoa izango da etxebizitzak egurrezko egiturekin eta inguratzaileekin altxatzea, edo egurraren deribatuekin. Energia-kontsumorik gabeko eraikuntzak izango dira, eta jasangarriak ikuspegi guztietatik.»
Oro har, jakintza transferitzeko proiektu oso desberdinak ikus ditzakegu, Arkitektura Eskolatik gizarterantz. Haietan parte hartzen duten irakasleentzat, nolabaiteko akuilua da etengabe berritzen aritzeko. «Transferentzia-proiektuak aitzakia paregabea dira gure ezagutza berritzeko eta ideia berriak txertatzeko», kontatu digu Lauren Etxeparek, bere esperientzia abiapuntu hartuta. «Eta, gainera, gustagarria da gure ideiak paperean ez geratzea, baizik eta errealitate bilakatzen ikustea.»
Tankera honetako proiektuek efektu garrantzitsua dute gizartean, eta askotan begien bistakoa eta ikusgarria izaten da inplikatuta dagoen irakaslearentzat. Horixe izan liteke ordainsaria. Edonola ere, Iñigo Leónek zera zioen: «Gure proiektuan sei irakasle gaztek parte hartzen dugu, lan-ezegonkortasun maila desberdinarekin. Presio handia dugu argitalpenak egiteko JCR eta SCOPUSek indexatutako aldizkarietan. Transferentzia-proiektuetan esku hartzen dugunean, ikusten dugu lan garrantzitsua ari garela egiten, gizarte-erronka handi bati heltzen, teknologia berrietara egokitzeko, eta, gainera gero gure irakaslanarekin dago lotuta. Baina, bestetik, beti izaten dugu zalantza, ez ote genukeen denbora hori argitaratzen eman behar. Uste dut bide onetik doala transferentziaren seiurtekoarekin azken deialdian ikusi dugun aldaketa, baina oraindik ere goiz da jakiteko haren aplikazioak inpakturik izango ote duen irakasleen eta ikertzaileen akreditazio-prozesuetan ere. Oraingoz, beharrezkoa da seiurteko bat edukitzea ohiko ikerketan, transferentziako bat eskatu ahal izateko, baina adoregarria da ikustea esparru horrek gutxienez errekonozimendu handiagoa jasotzen duela.»
Transferentzia-seiurtekoan izan diren aldaketek zeresan ugari eman dute berriki, dela deialdiaren arazo informatikoengatik, dela ikerlarientzat erakargarriago egiten dutelako transferentzia. Lehendabiziko ebaluazio honen emaitzak argitaratzen direnean, berripaper honen ale bat eskaini diogu haiek aztertzeari.
Aditu bat behar duzu? Jarri gurekin harremanetan
Zein onura du proiektuak enpresekin kontratatzeak?
Nola kontrata ditzazket proiektuak unibestritatearekin?
Euskoikerrek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du mota guztietako proiektuak kudeatzen