Azken urte honek ekarri duen gauza on bakanetako bat izan da zientziaren dibulgazioa gaurkotasunaren lehen planora igaro dela. Komunikabideetan adituak inguratzeko irrikaz aritu dira, munduan zer gertatzen ari zen azaltzeko. Baina zientzia birologia edo epidemiologia baino askoz ere gehiago da, eta egokiena litzateke ezagutza zientifikoa etengabe zabaltzea gure gizartean, eta ez larrialdi bat dugunean bakarrik. Unibertsitateak ekarpen handia egin behar du jakintzaren transferentzia hori gerta dadin, eta newsletterraren ale honetan bi dibulgatzaile zientifiko elkarrizketatu ditugu, biak ala biak alor desberdinetatik etorriak.
Alex Fernández Muerza kazetari zientifikoa da, El País, Eroski Consumer, Muy Interesante eta halako hedabidetan kolaboratu izan du, eta UPV/EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea da. Juan Ignacio Pérez Iglesias Animalien Fisiologiako katedraduna da, UPV/EHUko errektore izana, eta gaur egun Kultura Zientifikoko Katedra zuzentzen du, alegia, zientzia dibulgatzeko UPV/EHUko ahalegin antolatu eta instituzionaletako bat.
Fernándezek azaldu digunez, kazetaritzaren mundutik etorria izanagatik ere, “bi profiletako edozein da baliozkoa, zientzian espezializaturiko kazetaria zein kazetaritza-dohainak garatzen dituen zientzialaria”. “Dilema hori argitzen saiatzen gara divulgador.es ataria sortu genuen hainbat lankideren artean. Atari horretan, zientziaren komunikazioaren alorrean jarduten duten zenbait pertsonari galdetzen genion nola hasi ziren eta zer iritzi zuten gai horri buruz. Ohartu ginen oso profil desberdinak daudela. Batzuk ondo konpontzen dira kazetaritzaren mundutik etorrita, eta beste batzuk fin aritzen dira zientziaren mundutik etorriak izanik ere."
Oso antzeko ildoan, berez beste diziplinatik datorren Pérezek berretsi digu ezagutzen dituela “kazetari zientifiko oso onak, hasierako prestakuntza zientifikorik ez dutenak”. “Eta ez da nabaritzen, esaterako, Luis Alfonso Gámez, Antonio Martínez Ron eta halako profesionalen kasuan, bi adibide ipintzearren. Bestalde, badaude komunikatzeko gaitasun bikainak dituzten zientzialariak ere: Carlos Briones, José Manuel López Nicolás, José Miguel Mulet, Clara Grima... Nire ustez, berdin dio lana ondo eginez gero. Ni oso pozik nago komunikazio zientifikoaren ekosistema hori askotarikoa izatearekin”.
Bi elkarrizketatuak ados daude, eta irizten diote dilema faltsua dela. Hala, gaineratzen dute hobe dela ondo egindako dibulgazioa eta gaizki egindakoa bereiztea, eta ez dibulgazioaren jatorriari erreparatzea.
Alex Fernándezen esanetan, dibulgazioaz hitz egiten dugunean, “Zerbitzu publikoarekin loturiko arrazoiak daude. Zientzialariek gizartetik jasotzen dutena itzuli behar dute ezagutza moduan. Bestalde, beren lana ezagutaraztea ona izan daiteke ikertzailearentzat berarentzat ere, bere azterketa-eremuan interes soziala handitzen baitu eta horrek eragina izan baitezake finantzaketan. Eta, azkenik, gizarteak jakintza eskuratzeko duen eskubidea dugu, eta hor dibulgazioak esku hartzen du, eskubide horri erantzuna emanez”.
Juan Ignacio Pérezek dibulgazio zientifikorako hiru zeregin identifikatu zituen. Lehenik eta behin, “aurrerapen zientifikoen berri eman behar die zientziarekiko interesa dutenei”. Bigarrenik, askoz ere lan zailago bat: “Jakintza zientifikoa jakintza hori ez dutenen eskura ipintzea”. Eta, hirugarrenik –eta oso garrantzitsua hori ere–, nahiz eta batzuetan ez hain agerikoa izan, “zientzia espazio publikoan ipintzea, espazio publikora iristen ez denak ez baitu behar bezalako prestigiorik eta babesik”. Baina, zeregin horietatik harago, iradokitzen zuenez, gai zientifikoei buruzko zabalkundea egiteaz gainera, agian ona izango litzateke gizarteari zientziak nola funtzionatzen duen transmititzea, harrituta geratu ez dadin eskura dauden datuetan oinarritutako irizpide-aldaketak gertatzen direnean: “Jakintza zientifikoa bere kabuz zuzentzen da, beti da behin-behinekoa. Einsteinek grabitatearen kontzepzioa hankaz gora ipini zuenean, ez zen faltsua zientziak ordura arte onartzen zuena. Fenomeno bera kontzeptualizatzeko modu desberdinak ziren, baina Einsteinena Newtonena baino askoz osoagoa eta irismen handiagokoa da. Eta berrikusi egin behar izan genuen ustez bagenekien hori”.
Juan Ignacio Pérezek azaldu zuenez, unibertsitatearen ikuspegitik “dibulgazioak sorreran zuen zeregina betetzen laguntzen du: ezagutzaren transferentzia. Gainera, dibulgazio-ekintzek unibertsitatea sozialki ikusarazten laguntzen dute, eta horrek ondorioak ditu unibertsitatea epe luzera finantzatzearekin loturik”.
Dibulgazio zientifikoak forma asko hartzen ditu UPV/EHUn. Badira egitura formalak, hala nola Kultura Zientifikoko Katedra, orain 10 urte sortu zena ezagutza zientifikoa jarduera eta bitarteko digitalen bidez zabaltzeko; edo Jarduera Zientifikoa Hedatzeko Zuzendaritza, 20 urtetik gorako tradizioa duten jarduerak koordinatzen dituena, hala nola Zientziaren Astea. Dena den, batzuetan dibulgazioak transferentzia-kontratuen forma ere hartzen du, eta kontratu horiek komunikabide edo argitaletxeen eta unibertsitatearen artean ezartzen dira (OTRI edo Euskoiker bidez), unibertsitateko adituek aldian-aldian kolaboratzeko. Eta, jakina, borondatezko dibulgazioan sartzen diren jarduera ugari daude, eta horiek izan dira, hain justu, gerora gehiago egituratutako ekimenen ernamuin. Gaur egun, horretaz guztiaz gainera, UPV/EHUko irakasleak buru-belarri ari dira elkarlanean The Conversation Españarekin, eta unibertsitate honek astean artikulu bat edo bi argitaratzen ditu. Ildo horretan, hauxe azpimarratu zuen Juan Ignacio Pérezek: “Nire ustez, gure unibertsitatea da Espainiako aktiboena zientziaren dibulgazioan eta gizarte-komunikazioan”.
Oraindik ere argitzeke dago ea jarraituko ote duen gizartean pandemiarekin loturik sortu den zientzia-gose horrek. Juan Ignacio eszeptikoa da, eta adierazten du kontra egiten diela “baiezkoan dauden lankide batzuei”. “Ni neu ezezkoan nago. Nahiz eta orain jendeak kontzientzia handiagoa izan, ikusi baitute txertoak garatu dituztela. Horrek, zalantzarik gabe, eragin positiboa izango du zientziaren pertzepzioan. Baina ez dut uste ondoriorik izango duenik herritarren artean jarduera zientifikora baliabide gehiago bideratzeko borondatearekin loturik, datozen urteetan lehentasunak beste batzuk izango baitira, hala nola susperraldi ekonomikoa”.
Baina aldez aurreko jarrera hori aldatu edo ez, gai batzuek beti erakarri dute gizartearen arreta. Alex eta Juan Ignacio biak bat zetozen kontu batean, hau da, espazioa arakatzea izan dela zeresan ugari eman duen betiko gai horietako bat, eta oraindik ere agerkarien azalak betetzen dituela. Jakina, aurreikus daiteke osasun-arloarekin zerikusia duen guztiak ere lehen lerroan jarraituko duela, pandemiaren eraginez. Juan Ignaciok gaineratu duenez, “gaixotasun neurodegeneratiboekin edo minbiziarekin lotutako gaiek interes handia piztu dute beti, eta hala egiten jarraituko dute, zahartzen ari baikara”. Gainera, biek ala biek uste dute ingeniaritza genetikoak ikuspuntu askotatik izango duela komunikabideen begirada: elikagai berriak ekoitziko dira –laborategiko haragia adibidez–, tratamendu mediko berriak diseinatuko dira, eta gizakietan alterazio genetikoak egiteko aukerari buruz eztabaidatuko da.
Pérezen iritziz, gainera, “asko hitz egingo da giza bilakaeraz, aurkikuntza iraultzaileak egingo baitira. Tira, dagoeneko ari dira egiten; izan ere, bizpahiru urteren buruan, Marokoko fosilekin 100.000 urtez egin baitugu atzera, espeziea agertu zen garaiari dagokionez. Eta nik uste dut Asian ere agertuko direla fosil interesgarriak, ikerketak ugaritu ahala”.
Alexek, berriz, adierazi zuen “informazioaren teknologiak eta adimen artifizialaren aukerak gai liluragarriak” iruditzen zaizkiola, aplikazio ugari dituztenak. “Adibidez, ibilgailu autonomoak”. Halaber, uste du klima-aldaketak bereganatuko duela gizartearen arreta: “Pandemia pasatuko dela pentsarazten duten zantzu asko daude, baina badago gizadiarentzat mehatxu bat, eta hamarkada asko daramatza hurbiltzen-hurbiltzen: klima-aldaketa, alegia”. Hala ere, Juan Ignacio eszeptikoagoa da pizten duen interesari dagokionez, nahiz eta ez duen ukatzen gaiak duen garrantzia: “Azken batean, jendeak ez du hitz egin nahi horretaz. Horri buruz hitz egiten baduzu, onartu behar duzu benetako arazoa dela eta jarrera arduratsua izan behar duzula. Nik uste dut jendeak ez duela ikusi nahi. Ezikusiarena egiten dugu”.
Alex orain dela gutxi sartua da UPV/EHUn, eta adierazi zuen harentzat arrazoi garrantzitsua dela harreman profesionalei eustea eta unibertsitatean sartu zenean profesional gisa zituen lan-errutinen zati bat mantentzea: “Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasleei lehen pertsonan hitz egin diezaieket hedabideetarako egin ditudan benetako lanez, nire esperientzia profesionalaz”. Onartzen zuen, halaber, alderdi ekonomikoak izan zezakeela nolabaiteko erakargarritasuna: “Unibertsitateko hasierako soldatak ez dira oso altuak, eta hedabideekin kolaborazioak egitea izan daiteke konpentsatzeko modu bat”.
Juan Ignaciok, berriz, dibulgazio-jarduera ugari antolatzen ditu, bai eta haietan parte hartu ere, baina, jakintza transferitzeko proiektuen atalean, hainbat hedabiderekin kolaboratzen du. Deia egunkarirako egiten duen zientzia orokorreko asteroko zutabeari dagokionez, honako hau adierazi zuen: “Katedran egiten dudan jardueraren testuinguru orokorrean, koherentea da. Eta ez dut baztertzen etorkizunean lankidetza hori zabaltzea beste hedabideren batekin”. Berriki egin duen beste kolaborazio bat Julia en la Onda programan eginiko Masterclass-ak izan dira. Horietan, animalien gaineko bitxikeriak azaldu ditu: “Niri asko interesatzen zait animalien biologia, horrexegatik aritu naiz horretan, eta iruditzen zait istorio liluragarriak daudela kontatzeko. Oso gustura hartzen dut norbaitek animaliei buruz hitz egiteko eskatzen didanean”. Horretaz guztiaz gainera, Juan Ignaciok adierazi zuen transferentzia-jarduerek eta, oro har, dibulgazioak “balioesteko oso zaila den zerbait” eskaintzen diotela. “Izan ere, oso jende interesgarria ezagutu dut, horretan aritu izan ez banintz ezagutuko ez nukeena, Espainia osoko eta diziplina guztietako jendea. Hori, pertsonalki, oso aberasgarria iruditzen zait”.
Aditu bat behar duzu? Jarri gurekin harremanetan
Zein onura du proiektuak enpresekin kontratatzeak?
Nola kontrata ditzazket proiektuak unibestritatearekin?
Euskoikerrek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du mota guztietako proiektuak kudeatzen