Jarraian, I+G+b arloko proiektuak ziurtatzeari buruzko ohiko zalantza batzuk argituko ditugu. Ezagutzaren transferentziarekin lotutako jarduera da hori eta zure ikerketako zereginen baitan lan horiek egiteko eta lan horiek kobratzeko aukera duzu.
Enpresek I+Gan edo berrikuntza teknologikoan egiten duten inbertsioaren zati bat Sozietateen gaineko Zergan deduzitzeko aukera dute. Proiektu hori izan daiteke gantzaren kantitate txikiagoa duen elikadura-produktu berri bat edo makina industrialetarako osagaiek higadura txikiagoa izatea ahalbide dezakeen eta ingurumenarekiko begirunetsuagoa den lubrifikatzaile berria garatzea. Proiektuak berrikuntza izan behar du oinarrian eta, horretarako, sektoreko gainerako enpresak zer egiten ari diren jakin beharra dago.
Segurtasun juridikoa izateko eta gero, dedukzioa eskatzean, Ogasunarekin arazorik izan ez dezaten, enpresek Zientzia eta Berrikuntza Ministerioari Arrazoitutako Txosten Loteslea eska diezaiokete. Eta, horretarako, enpresek proiektua babesteko ziurtagiria aurkeztu behar diote ministerioari. Ziurtagiri horrek ENACek akreditatutako Ziurtatze Erakunde batek igorritakoa izan beharko du gai horretan aditua den pertsona batek egindako txostenaren arabera. Aditu hori izango da hiru kategoria hauetako batean proiektua kalifikatuko duena:
Ikerketa “planifikatutako jatorrizko azterketa da eta horren helburua da zientzia eta teknologia arloetan ulermen handiagoa eta ezagutza berriak lortzea”; aldiz, garapena deitzen zaio “prozesu edo produkzio-sistema berriak diseinatzeko edo material edo produktu berriak fabrikatzeko edo lehendik eskuragarri zeuden materialen, produktuen, prozesuen edo sistemen hobekuntza teknologiko nabarmena lortzeko ikerketako emaitzak (...) aplikatzeari”. Ikerketa eta Garapena kalifikazioa jasotzen duten hobekuntza teknologikoei esker, inbertitutakoaren % 25 ken daiteke Sozietateen gaineko Zergan.
Amaitzeko, berrikuntza teknologikoa deitzen zaio “produktu edo produkzio-prozesu berriak lortzeko edo lehendik daudenetan hobekuntza adierazgarriak lortzeko garaian aurrerapen teknologikoa dakarren edozein jarduerari. Berritzat joko dira ikuspegi teknologikoari dagokionez lehendik zeudenekiko nabarmen ezberdinak diren ezaugarriak edo aplikazioak dituzten produktu edo prozesuak”. Kasu honetan, hobekuntza aurrerapena izango da hori abian jarri behar duen enpresarentzat, baina baliteke dagoeneko lehiakideek dagoeneko abian izatea. Aurrera eraman behar duen enpresaren ikuspegitik hobekuntza da, baina ez du derrigor ezagutza arloan aurrerapen handia izan beharrik. Berrikuntza teknologikotzat jotako hobekuntzei esker, aurreko horiekiko txikiagoa den dedukzioa ahalbidetzen dute (zehatzago esanda, % 12koa).
Eskakizunetako bat adituek ikerketa-proiektuetan azkenaldian pilatutako esperientzia izatea denez, ziurtatze-erakundeek adituen datu-base zabalarekin egiten dute lan (gehienetan, jardunean dauden unibertsitateko ikerlariak edo irakasleak).
Ziurtatze Erakundeek adituen bi profilekin egiten dute lan:
Alde batetik, “lau digituko” aditua dago (ebaluatu beharreko proiektuaren ezagutzarekin lotuta UNESCOk ezarritako kodeko lau digituei egiten dio erreferentzia). Aditu horrek bere esparru baitan esperientzia handia du eta bere lana da enpresak planteatutako berritasuna zein den identifikatzea eta proiektua ebaluatuko duen teknikari adituak bete beharreko profila definitzea. Gerora, ebaluazio-prozesua koherentea eta araudiaren araberakoa dela bermatu beharko du.
Bestalde, teknikari aditua edo “sei digitukoa” aipatu behar dugu eta UNESCOren kode baitako ezagutza esparru espezifikoari egiten dio erreferentzia. Horixe da enpresak proposatutako berritasuna benetan aztertzen duena eta ikerketa eta garapeneko proiektuaren edo berrikuntza teknologikoaren aurrean gaudela edo horietako bakar baten aurrean ez gaudela zehazten duena. Aditu hori izaten da aurkeztutako proiektuak zer kalifikazio jasoko duen zehazten duen txosten teknikoa benetan igorriko duena eta gero, Ziurtatze Erakundeak bere ziurtagiria horren baitan prestatuko du.
“Lau digituko” adituak esperientzia handia izan behar du Unesco kode baitan eta hori bere ibilbide zabalean proiektuetan, tesietan, irakaskuntzan edo beste jarduera batzuetan izandako partaidetzaren bidez justifikatu ahal izango du. Ez da eskakizunetako bat aditu mota hori katedraduna izatea, baina askotan, esparru jakin batean esperientzia handia duten ikerlariak katedradunak izaten dira. Aditu hori, horrenbestez, ez da izaten doktoretza burutu berri duen ikerlaria, baina aldi berean ez da beharrezkoa azken urteotan ikerketa-proiektuetan lan egin izana. Ziurtatze-enpresa bakoitzak akreditatuta dagoen UNESCO kode horietako bakoitzerako profil hori duten adituen aukeraketa txiki batekin egiten du lan eta araudiak gutxienez 8 urteko esperientzia profesionala eta I+G+b arloan gutxienez 4koa bakarrik eskatzen duen arren, gehienetan, ziurtatze-enpresek lan egiten duten “lau digituko” adituen talde horrek nabarmen gainditzen ditu gutxieneko baldintza horiek.
Bestalde, teknikari adituak edo “sei digitukoak” esparru oso jakin bateko punta-puntako berritasunen berri izan behar du aurkeztutako proiektuaren berritasuna identifikatzeko eta sailkatzeko gai izan dadin. “Sei digituko” aditu gisa parte hartzeko, ezinbesteko baldintza da ebaluatu beharreko proiektuaren esparru jakinarekin lotutako ikerketa-proiektuetan parte hartu izana eta azken 5 urteotan 24 hilabeteko esperientzia pilatuta izatea. Finantzaketa publikoa (lehia mailako deialdiak) edo pribatua (enpresentzako proiektuak) jasota izan dezakete proiektu horiek, baina beharrezkoa da 24 hilabete horiek denboran zehar gainjarritakoak ez izatea eta, gainera, “lau digituko” adituak zehaztutako ezagutza horiekin lotura izan behar dute.
Bistakoa den moduan, beharrezkoa izango da ebaluatu behar dituzun hobekuntza teknologiko horiei lotutako enpresak finantzatutako proiektuetan ez parte hartu izana. Interes-gatazka sailera eta ikerketa-taldera ere hedatzen da eta, horrenbestez, ziurtatze-erakundeek ez diote esleituko proiektu bat azken bi urteotan ebaluatu beharreko enpresa hori ordaintzailea izan den proiektuetan parte hartu duen saileko edo ikerketa-taldeko kide bati.
“Enpresak identifikatzen digu proiektuan zer erakundek hartuko duten parte eta, gainera, lehiakideak nor izango diren ere jasotzen du. Datu horiek aintzat hartuta, proiektuan parte hartuko duten adituen interes-gatazka posiblerik baden aztertzen dugu. Horren azken helburua da mendekotasun ekonomikoak direla eta partziala ez den ebaluazio independentea lortzea”, azaldu zigun Miriam Rodríguezek (DNV).
Alde batetik, adituaren lanek proiektua ebaluatzen eta txostena idazten emandako denboragatik ordainsari ekonomikoa jasotzen dute. Ordainsari horrek beste edozein transferentzia-proiektuk bezala funtzionatzen du eta Euskoiker bidez izapide daiteke.
Transferentzia-jarduera horiek, gainerako guztiek bezalaxe, unibertsitateko barneko deialdietan ere aitorpena jasotzen dute (ordainsari mailako osagarriak, transferentzia-seiurtekoak).
Bestalde, kolaborazio horiei esker, adituaren ikerketa esparru bereko enpresek uneotan egiten ari diren ikerketa-proiektuekin harremanetan egon daitezke. Miriam Gonzálezek (DNV) kontatu zigun moduan, “gurekin elkarlanean ari diren adituek adierazten digutena da ebaluazio horiek egiteko haien arrazoi nagusia beren ikerketa esparruan egunean egotea ahalbidetzen diela”.
Isabel Delgado (ACIE) ados dago ikuspegi horrekin eta, bere esperientziaren arabera, “merkatuko azken garapenei dagokienez egunean egoteko aukera da gure datu-baseko adituek ikerketa-prozesuetan parte hartzearekin lotuta gehien aipatzen duten arrazoia. Egia da egindako lanaren truke ordainsaria jasotzen dutela, baina parte hartzera gehien bultzatzen dutena da enpresa-munduan zer egiten ari diren jakitea”.
Enpresak bere proiektua Ziurtatze Erakunde bati aurkezten dio hori babesten duen txosten teknikoa eta ziurtagiria eskatuz. Ziurtatzeko aurkeztutako proiektuak edozein ezagutza esparrutakoak izan daitezke, baina, uneotan, proiektuen bolumen handieneko ezagutza arloak honako hauekin lotutakoak dira: IKT (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak), ingeniaritza industriala, zientzia klinikoak, materialak edo kimika.
Ziurtatze-enpresa proiektuaren ezagutza arloan espezialista den “lau digituko” aditu batekin harremanetan jartzen da aurkeztutako dokumentazioaren lehen berrikusketa egin, berritasuna identifikatu eta proiektua ebaluatu behar duen teknikari adituak (edo, oso aparteko kasuetan, teknikari adituek) bete behar dituen eskakizunak ezar ditzan. Arraroa izaten da teknikari aditu bat baino gehiago aukeratzea, baina gerta daiteke bereziki konplexuak eta diziplina anitzekoak diren proiektuetan.
Ziurtatze-erakundeak “lau digituko” adituak ezarritako eskakizunak beteko dituen teknikari aditu bat bilatzen du jarraian. Lehen bilaketa ziurtatze-enpresako datu-basean egiten da eta, ezarritako eskakizunak betetzen dituen aditurik topatzen ez badu bakarrik, ziurtatze-enpresa horrekin elkarlanean aritzen diren unibertsitateen artean ad hoc bilaketa egiten da. Identifikatzeko urrats hori gehienez astebetekoa izatea komeni izaten da eta, horregatik, ziurtatze-enpresak beti ari dira jardunean dauden ikerlariekin beren datu-baseak handitzen.
Teknikari adituak enpresak aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta zuzenean txostena idazten du edo, bestela, ez-adostasuneko txostena igortzen du kalifikazioarekin lotutako erabakia hartzea ahalbidetuko liokeen datu gehiago aurkez dezan enpresak. Enpresak aurkeztutako informazioak adituaren eskaerari erantzuten ez dienean, baliteke prozesu hori luzatzea.
Azkenik, teknikari adituak bere txostena igortzen du eta hark ziurtatze-batzorde baten eskuetatik igaro behar izaten du. Hark, azaldutakoa aztertu ondoren, enpresarentzako ziurtagiria prestatzen du.
Une horretan, enpresak eskumena duen ministerioari ziurtagiria eta txosten teknikoa aurkez diezazkioke eta, trukean, Arrazoitutako Txosten Loteslea jasoko du. Horixe da Sozietateen gaineko Zergan egindako kenkariaren aurrean erreklamazioa jasoz gero Ogasunari aurkez diezaiokeen dokumentua.
Ziurtatze-enpresetako teknikari aditu gisa lan egin nahi baduzu eta azken bost urteotan gutxienez 24 hilabetez ikerketa-proiektuetan parte hartu izanaren eskakizuna betetzen baduzu, Euskoiker Fundazioko Aitziber Conderekin (<aitziber.conde@euskoiker.es>) jar zaitezke harremanetan. Berak lagunduko dizu Fundazioarekin hitzarmena sinatuta duten ziurtatze-enpresa ugarietako datu-baseetan sartzeko eman beharreko urratsen inguruan.
Azaldu dugun moduan, ezagutza arlo batzuk (IKT, industria, zientzia klinikoak, materialak edo kimika) beste batzuk baino aktiboagoak dira, baina ziurtatze-erakundeei ezagutza esparru guztietan adituak izatea interesatzen zaizkie; izan ere, sail batzuetako espezialistengana gutxitan jotzen duten arren, beharra dutenean funtsezkoa izaten da bizkortasuna. “2500 lagun baino gehiago ditugu gure datu-basean eta etengabe ari gara gehiago gehitzen. Guretzat ezinbestekoa da proiektua ebaluatu behar duen aditua identifikatzeko bigarren pauso horretan azkar jokatzea”, adierazi zigun Isabel Delgadok (ACIE).
Aditu bat behar duzu? Jarri gurekin harremanetan
Zein onura du proiektuak enpresekin kontratatzeak?
Nola kontrata ditzazket proiektuak unibestritatearekin?
Euskoikerrek 30 urte baino gehiagoko esperientzia du mota guztietako proiektuak kudeatzen