Esta web utiliza solamente cookies propias, necesarias para la navegación Aurrera

  • Email-en bidez bidali 
  • Facebook-en zabaldu 
  • Twitter-en zabaldu 
  • Meneame-n zabaldu 
  • Delicious-en zabaldu   

Formula Student Bizkaia

21/09/2021

Ez da ohiko transferentzia-proiektu bat. Learning by doing sistema eta proiektuetan oinarritutako ikaskuntza erdigunean jartzen dituen irakaskuntza-metodologia bat da. 2006az geroztik, ingeniaritzako ikasle talde handi bat (hirurogei bat ikasle) enpresa baten modura antolatzen da, lau irakaslek gidatuta, Formula Studenten nazioarteko txapelketetan parte hartzeko. Urtero batzen dira pertsonak lantaldera, eta urtero uzten du norbaitek. Baina erronkak aurrera jarraitzen du. Urtero, lantalde gisa, lasterketetarako auto bat diseinatzen, eraikitzen, optimizatzen eta gidatzen dute, beste herrialde batzuetako Formula Studenteko taldeen aurka lehiatzeko.

Borja DíezBorja Díezek, Formula Student Bizkaiaren team leaderrak, jendeaurrean hitz egiten du bere taldeak urtean zehar antolatzen dituen ekitaldi publikoetako batean.

Dena den, autoa begirada guztien erdigunea izan arren, aitzakia bat baino ez da trebetasun tekniko (hozte-sistemak, txasisak, elementu dinamikoak, elektronika, tentsio altuko elementuak, simulazioa eta kontrola diseinatuz) eta pertsona arteko trebetasun (kudeaketarako, komunikaziorako, lidergorako eta taldean lan egiteko trebetasunak barne hartuz) ugari lantzeko. Hezkuntza-esperientzia bat da. Lehenengo urtean, zeure buruarekiko konfiantza handirik gabe sartzen zara esperientzia horretan, eta, hiru urteren buruan, produktu funtzional bat eraiki izanaren eta/edo lantalde bat gidatu izanaren esperientziarekin atera zaitezke. “Lantaldean izena eman nuenean, ideia bakarra nuen buruan: ikasi egin nahi nuen, eta eskolan ikusten genuen teoria aplikatu. Ezer ez nekiela uste nuen, eta une horretan kalera ez botatzea zen nire kezka nagusia, baliagarria izatea”, adierazi du Borja Diezek. Gaur egun, lantaldean sartu eta hiru urtera, ardura handieneko kargua du, Team Leader kargua, eta ia 60 ikaskide koordinatzen ditu. Oso argi du zein den proiektu honen zeregin nagusia: “Jendeari prestakuntza ematea, ikasi nahi duenari beste modu batera eskuratzeko zaila den esperientzia eskaintzea... Eta autoa aitzakia bat baino ez da. Ez gara lasterketa-talde bat, eta lehiatzea ez da gure helburu nagusia. Huts egiteko, ikasteko eta hobetzeko aukera ematen du espazio honek. Autoek erakarri edo ez erakarri, Formula Student Bizkaiak ezagutza handia eskain diezazuke zure bizitza profesionalerako, eta bizitza pertsonalerako ere bai”.

Parte-hartzaileak: irakasleak eta ikasleak

Javier Corral Ingeniaritza Mekanikoko Saileko irakaslearen arabera, “Ingeniaritza Eskolan eskuratutako ezagutza teorikoak praktikan jarri ahal izatea zen proiektuaren abiapuntua, hori bezain erraza, edo hori bezain zaila. Hortik abiatuta, erraldoi bat eraiki dugu, eta, espazio horretan, urtero ingeniaritza-proiektu konplexu bat garatzea helburu duen enpresa ertain baten gisa funtzionatzen duen egitura baten parte izatera pasatzen dira parte-hartzaileak.” Javierrez gain, haren saileko beste bi irakaslek (Charles Pinto eta Mikel Diez) eta Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko beste irakasle batek (Asier Zubizarreta) “faculty advisor” funtzioa betetzen dute, hau da, proiektuaren koordinatzaile akademikoak dira. Egitasmo honen protagonistak ikasleek izan behar dutela finkatzen duen printzipioari jarraituz, haien papera bigarren mailan kokatzen da. Hala, ikasle taldearen esku uzten dituzte erabaki teknikoak zein antolaketari dagozkion erabakiak, baina erabaki horiek EHUren ingurune instituzionalean praktikan jarri ahal izatea errazten dute

Javier CorralJavier Corralek, auto-gidariaren atzean, taldearen aire zabaleko ekitaldi publikoetako bat gainbegiratzen du.

Lantaldean 3 urte pasatzea da idealena, kasu batzuetan zikloa laburragoa edo luzeagoa den arren. Urtero, hogei ikasle berri inguru sartzen dira lantaldean, eta beste hogeik uzten dute, haien prestakuntza-aldia amaitu delako. Sofia Artola antolaketa-taldeko “team member”-a da, eta urtero hautaketa-prozesua nola antolatzen duten kontatu digu: “Karrera ia guztietako geletatik pasatzen gara, lehenengo ikasturtekoetatik izan ezik, oso gazteak baitira oraindik, eta hitzaldiak ematen ditugu. Ondoren, elkarrizketa pertsonalak egiten ditugu. Aurten 50 hautagai genituen 20 postu ingururako.” Proiektu bati aisialdiko ordu kopuru handia eskaini ahal izatea da postu guztietan bilatzen den oinarrizko ezaugarria.

Ordainetan, proiektua oso erakargarria da ikasleentzat. “Ziklo osoa igarotzen duzu: ideia izan, diseinatu, fabrikatu, muntatu eta probatu”, aipatu du Borja Diezek; “horregatik erakartzen dute jende asko mota honetako proiektuek. Nire kasuan, gradu-amaierako lanerako (GrAL), monoplazaren bateriak kudeatzeko sistema diseinatu nuen. Urtebete proiektuarekin borrokan pasatu ondoren, eseri eta idazten hasi nintzen... eta hiruzpalau egunetan prest nuen.  Eta oso ondo egon daitezkeen eskolako beste lan batzuekin alderatuta, hauek balio erantsia dute, aurkezpenera eraman ditzakezulako, fisikoki, eta epaimahaiko kideak gonbida ditzakezu han bertan probatzera”.

Sofía ArtolaSofía Artolak, ezkerrean, informazioa trukatzen du bere antolaketa-taldeko beste kide batzuekin Formula Student Bizkaiak antolatzen dituen ekitaldietako batean.

Esperientzia honek eskaintzen dituen giza alderdia, harremanak eta lan-mundurako sarbidea ere nabarmendu ditu Sofia Artolak: “Lan asko egiten dugu, baina gero zerbait hartzera ere joaten gara. Azken finean, elkar ezagutzen dugun espezialitate ezberdinetako etorkizuneko ingeniari asko gara, eta hori aukera bat da lan-harremanei dagokienez. Proiektua babesten duen enpresa batean lanean dauden pertsona asko ezagutzen ditut, edo lanpostu bat lortu dutenak, taldean haiekin denbora partekatu zuen norbaitek gomendatu egin zituelako handik urte batzuetara”.

Formula Studenten urtea

Lantaldearen prestaketa-jarduera frenetikoa da ikasturte osoan zehar, irailetik ekainera. Sailetan banatutako enpresa ertainaren egitura honen bidez, lantaldearen zati batek autoa diseinatu eta probatzen du. Bitartean, beste batzuek ekintza osagarriak egiten dituzte: errekrutatzea, koordinazioa, sustapena, babesleak lortzea, ekitaldiak antolatzea, negozio-plana diseinatzea, eta beste batzuk. 

2020-2021 denboraldiaren prestaketa 2021eko uztailaren 9an amaitu zen RollOut ekitaldi ofizialarekin; hartan, autoaren aurkezpena egiten da Bizkaia aretoan. Era berean, Design for companies ekitaldi teknikoa egin zen (uztailaren 13an, BECen); bertan, lantaldeko kideak harremanetan jartzen dira lantaldea babesten duten enpresetako profesionalekin, eta ibilgailuaren diseinuari buruzko alderdi zehatzen gainean eztabaidatzen dute. Bigarren saio tekniko horretan, Formula Student Bizkaiako barne-sail ezberdinetako arduradunek kontsulta teknikoak egin zizkieten enpresa babesleetako profesionalei, hala nola AlterityMaditHartingTecnaliaSistemodel edo SENER enpresetako profesionalei. Interesa agertzen zuten babesle guztiak jasotzea zen ekitaldiaren ideia, baina, aurten, pandemiak ezarritako mugen ondorioz, uneko erronka premiazkoenei irtenbidea eman ziezaieketen enpresen hautaketa bat egin behar izan dugu.

Saio hauen ondoren, txapelketen denboraldia hasten da, eta egindako lanaren alderdi ezberdinak ebaluatzen dira txapelketa horietan. Proba dinamikoetan ibilgailua probatzen da, eta hainbat alderdi ebaluatzen dira, hala nola azelerazioa, erresistentzia, eraginkortasuna, maniobrak egiteko gaitasuna edo zirkuituan duen portaera. Proba estatikoetan, berriz, autoa geldi egoten da, eta beste alderdi batzuk aztertzen dira, hala nola diseinuaren gaineko erabakiak, proiektuaren kostuak edo negozio-plana. Lantaldeak urtean bi txapelketatan parte hartzen du, normalean. Batetik, Silverstone zirkuituan (Erresuma Batua); tradizio handiko txapelketa da, Erresuma Batuan baitu jatorria Europako Formula Studentek. Bestetik, Montmelo zirkuituan (Bartzelona). 2021. urte honetan, antolaketarekin lotutako zenbait arrazoi eta pandemiaren zirkunstantziak medio, Bartzelonan bakarrik parte hartu dute. Bertan, seigarren postua eskuratu dute Concept Classen, eta 9. postua sailkapen orokorrean.

Proiektuaren jarraipena

“Proiektu hau boluntarioa da, eta irabazi-asmorik gabekoa. Ingeniaritzako konpetentziak eskuratzeko bide alternatiboak daudela erakutsi nahi dugu. Hemen inork ez du euro bakar bat ere irabazten parte hartzeagatik”. Javier Corralek horrela deskribatu du proiektu honetan parte hartzeko duen motibazioa. Ezagutza transferitzeko proiektu baten gisa egituratuta dagoen arren, dirua ezin dela langileei ordaintzeko erabili ezartzen dute babesleekin sinatutako kontratuek, horien artean Bizkaiko Aldundiarekin sinatutako kontratuak, zeina babesle nagusia den. Autoa fabrikatzeko eta txapelketekin lotutako gastuei (garraioa, ostatu hartzea, etab.) aurre egiteko erabiltzen da aurrekontu osoa. “Honetan parte hartzen dugun irakasleok ikusi egiten dugu zer eragin duen ikasleengan: konfiantza gutxirekin sartzen dira, eta proiektu konplexuak aurrera eramateko gai direla irteten dira. Eta uste dugu beharrezkoak direla horrelako proiektuak, oinarrizko zeharkako konpetentziak lantzen dituztenak, baina, era berean, egia da proiektu horiek aitortzeko mekanismo formalen bat izan beharko lukeela EHUk. Batez ere, proiektuan parte hartzen duten irakasleen erreleboa errazteko eta proiektu gisa denboran zehar mantenduko dela bermatzeko. 

Formalki, transferentzia-proiektu baten gisa egituratzen da egitasmoa, Euskoiker Fundazioaren bidez. Dena den, pertsona batzuek ez dute hala hartzen hainbat deialditan ebaluatzeko orduan, ez delako I+G+b zerbitzuak eskatzen dituen kanpoko enpresa bat eta, hortaz, ez delako ohiko transferentzia-proiektu bat, irakaskuntza-jarduera bat baizik. Hezkuntza Berrikuntzako Proiektu erraldoi bat izan daiteke, azken finean, prestakuntza-jarduera bat baita. Bertan, gelan garatutako trebetasunak aplikatzen dira arazoak konpontzeko, proiektuetan oinarritutako ikaskuntza-metodologien bidez. Nolanahi ere, proiektuan parte hartzen duten irakasleek denbora daramate unibertsitateari proiektuaren jarraipena ziurtatuko duten egitura bat eta aitortza bat eskatzen.

Harremanetarako