Esta web utiliza solamente cookies propias, necesarias para la navegación Aurrera

  • Email-en bidez bidali 
  • Facebook-en zabaldu 
  • Twitter-en zabaldu 
  • Meneame-n zabaldu 
  • Delicious-en zabaldu   

Begirada feminista bat Euskadiko artearen historiarako

08/03/2022

Una habitación propia

Transferentzia-proiektuen helburua da gizartea unibertsitatean sortzen den ezagutzaren partaide bihurtzea: enpresak, erakundeak edo herritarrak. Artearen historia ikuspegi feministarekin aztertzen denean, artearen sistema edo kanona dela eta ilunduta geratu diren oso proposamen artistiko interesgarriak dituzten emakumeak aurki ditzakegu. Emakume horiek berriro ezagutzea eta baztertze horren kausak identifikatzea da 2021eko urriaren 13tik 15era bitartean Bilbao Arten egindako “Una habitación propia” jardunaldietan bildu ziren EHUko irakasle batzuen helburua.

Jardunaldiak Lempicka y Asociadas guneak antolatu zituen eta hizlari gisa bertan izan ziren Artearen eta Musikaren Historia departamentuko hiru irakasle, gai horren inguruko transferentzia-jarduerak egiten dituztenak.

Garazi Ansa Garazi Ansa.

Jardunaldiaren abiapuntua Linda Nochlin omentzea zen. Emakume hark, 70eko hamarkadan, ikuspegi feministatik abiatutako artearen historiari buruzko ikerketa akademikoen lerroa sortu zuen “¿Por qué no hubo grandes mujeres artistas?” (zergatik ez zen emakume artista bikainik izan?) artikuluarekin. Ekimenaren helburua zen testu haren gaurkotasunetik abiatuta irakurketa berri bat egitea, gaur egun egiteke zer lan dagoen ikustea eta zer kritika egin diezaiokegun aztertzea.

Testuinguru haren baitan, Garazi Ansak “¿Es posible escribir una historia del arte sin “genios”?” (idatz al dezakegu jeniorik gabeko artearen historia?) izenburupean egin zuen aurkezpena. Bertan, jenio artista horren inguruko ideia maskulinoa eta artearen kontzeptualizazioa (elkarri eragiten dioten artisten eboluzio gisa) aztertu zituen.

Ane Lekuonak, bere tesiko ikerketak oinarritzat hartuta, “Entender, retorcer, dinamitar, a vueltas con el canon, una vez más” (ulertzea, bihurtzea, dinamitatzea, kanonarekin bueltaka, beste behin) izeneko hitzaldia eskaini zuen. Bertan, artearen historia nola kontatu diguten eta emakumezko batzuk ezkutuan zergatik geratu diren azaltzen saiatu zen.

Haizea BarcenillaHaizea Barcenilla.

Bestalde, Haizea Barcenillak “Sistemáticamente excluidas: El (no) lugar de las mujeres en el sistema del arte vasco” (Emakumeen lekua -lekurik eza- Euskadiko artearen sisteman) aurkezpenarekin hartu zuen parte. Aurkezpenaren oinarriak 2016an Eusko Jaurlaritzarentzat aurrez egindako beste transferentzia-lan bateko ideiak ziren: “Presencia de  las mujeres en el arte visual y audiovisual” (Emakumeen presentzia ikusizko eta ikus-entzunezko artean). Txostenean, emakumeek Euskadiko artean zuten presentzia neurtu eta haien ikusgarritasuna hobetzeko erakundeei zuzendutako gomendioak eskaintzen ziren.

“Bi ikerketa-ildo nagusi ditut”, azaldu zigun Haizea Barcenillak: “haietako bat genero-ikuspegia duen artearen historiarekin lotuta dago, eta bestea museologiarekin, erakundeekin eta instituzionaltasunarekin. Askotan gurutzatzen dira, Baginen, Bagara erakusketa prestatzeko garaian gertatu zen moduan. Bertan, genero-gaiekin komisariatuta ikertu ditugun gaiak nahasten ziren”.

Baginen, bagara

Baginen, bagara 1

2021eko azaroaren 27tik 2022ko martxoaren 13ra bitartean Donostiako San Telmo museoan ikusgai egon den Baginen Bagara.  Emakume artistak: Ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketak hari lotutako hainbat jarduera bildu ditu eta, gainera, horren inguruko katalogoa editatu dute. Horren guztiaren jatorria da artearen sistemaren konfigurazioan duen eragina eta emakumezko sortzaileek sistema horretan duten ordezkaritza modu arduratsuan islatzeko erakunde publikoak duen kezka. “Haien bilduma generoaren ikuspegitik abiatuta berrikusteko eskaera egin zigun museoak. Alde batetik, aurretik presente zeuden, baina haien inguruko ikerketa edo erakusketa gutxi egin zen emakumezko artistei ikusgarritasuna ematea zuten helburu eta, bestetik, erakundearen erosketa-politikaren inguruko gogoeta egitea eta bilduma falta ziren emakumezkoen lanekin osatzea. Erakusketa ospakizun hutsa izatetik harago, emakumezko horien lana orain arte zergatik ikertu edo ikusgai jarri ez den azalduko luketen arrazoiak arakatzea proposatu genien”, azaldu zigun Haizea Barcenillak, Garazi Ansarekin batera Euskoiker Fundazioaren bidez transferentzia-proiektu gisa erakusketaren komisarioa izan denak.

Baginen bagara 2

Baginen, Bagara erakusketak, 1000 metro koadrotan, San Telmo museoaren eta Gipuzkoako Aldundiaren bildumako 130 artelan biltzen ditu (Kutxa Fundazioak utzitako 8 lan barne). Erakusketak artearen sistemari buruzko atala jasotzen du lehenik eta behin. Bertan, museoek lanak nola eskuratzen dituzten eta mekanismo horiek emakumezkoak askotan nola baztertzen dituzten azaltzen da.  Atal horretan, haien inguruko oso ikerketa gutxi egin den Euskadiko emakumezko artista aitzindari batzuen lanak daude ikusgai. Bigarren atalean, aldiz, emakume artistek arterako gorputzarekin egindako erabilera arakatzen da. Horixe da, adibidez, Esther Ferrerren kasua.

Baginen bagara 4

Oso berezia da emakumeen artea nola jaso izan den eta artean generoak zer eragin izan duen aztertzen duen atala. “«Loreena eta aulkiena» deitzen diogu eta emakumeek beren lanetarako aukeratu dituzten gaiak aztertzen ditu. Gainera, gai horiek, askotan, etxeko esparrura mugatzen zirela ikusiko dugu, beste gune publiko batzuetara iristeko zailtasun gehiago zituztelako,” azaldu zigun Haizeak. “Bereziki deigarria iruditu zitzaigun aulkiena; izan ere, loreena ikertuta zegoen aurretik, baina bilduma aztertzen ari ginela, aulki ugari zeudela eta loreekin lotutako arrazoi beragatik zela jabetu ginen: ikusizko aukera interesgarriak dituzten etxeko objektuak dira”.

Atal horretan bertan, artearen historian zehar maskulinitatea eta feminitatea definitzeko erabili diren moduei buruzko gogoeta egin da. “Irene Laffite oso artista maskulinotzat jo zuten haren pintzelkadak materiaz oso kargatuta daudelako, oso lodiak direlako eta, nolabait, bortitzak direla esan dezakegulako. Maskulinotzat jotzen zutenean, lausengatu egiten zuten. Aldiz, Amable Ariasen pintura-lana, emakume batek egindakoa izan balitz, femeninotzat jotakoa izango zatekeen: pastel-kolore leunak, konposizio orekatuak, xehetasun ugari... erabiltzen zituen. Baina inoiz ez zuten femeninoa hitza erabili Amable Ariasez hitz egiteko. Hori beharrean, lirikoaren edo poetikoaren moduko terminoak erabiltzen dira. Femeninoa deitzea umiliagarria litzateke. Erakusketak, beraz, aurrez ezarrita dauden eta oso kategoria hierarkiko ezberdinak dituzten bi termino horien erabilera aztertzen du”.

Baginen Bagara 3

Erakusketak beste hainbat atal du: 80ko edo 90eko hamarkadetan emakumeek egin zituzten baina historiagrafia konbentzionalenetatik kanpo geratu diren lanak nabarmentzen dituen berrikusketa historiografiko bat edo besterik gabe “Bagara” izena duen atala, adibidez. Azken horretan, elkarrekin oso ondo funtzionatzen duten belaunaldi ezberdinetako euskal artisten obrak azaltzen dira gurutzatuta: Nagore Amenabarro, Itziar Okariz, Elena Mendizabal, Pilar Soberón, Esther Ferrer… Beste gune batek Mari Paz Jiménez, Euskadin abstrakzioarekin esperimentatu zuen lehen emakumezko artista, baina gero artearen historiak ahaztuta utzi duena, ikusgarri egin du. Ane Lekuonak ere berreskuratu du emakume horren lana bere doktorego-tesiaren zati batean. 

Erakusketak beste gogoeta probokatzaile batzuk jasotzen ditu: “profesionaltasunaren inguruko tranparen” inguruan egiten dena, adibidez. “Profesionaltasun eza” emakume artistak baztertzeko edo entzutea kentzeko aitzakia izan dela gaiaren inguruko gogoeta jasotzen du, artista entzutetsu askok beren lana erdiprofesionalitatetik garatu zutela kontuan izan gabe.

Haurrentzako ipuinak artearen historia feminismotik abiatuta zabaltzeko

Haizeak eta Garazik esku artean duten beste transferentzia-proiektu bat da emakumezko artistetan oinarritutako eta haurrei bideratutako euskarazko liburuen bilduma zuzentzea. Liburuak Pamielak editatu ditu eta lehenengoa salgai dago liburu-dendetan. Esther Ferrer eta denbora. (Ia) guztia moztu eta itsats daiteke” da liburuaren izena eta egileak Aintzane Usandizaga (idazlea) eta Aran Santamaría (artista) dira.

Esther Ferrer

Proiektuaren jatorria ikuspegi feministatik abiatutako artearen historiari buruzko ikerketa-lerroa da ; hain zuzen ere Garazik eta Haizeak komunean duten gaia da. Lerro horren barruan, liburuen helburua da imajinario kolektiboan emakumezko euskal artista batzuen lana sartzea edo berriro sartzea (liburu bakoitzean artista bana). Artea haurrengana gerturatzeko aukeratu duten modua artistarengana gerturatzea da, eta ez haien biografiatik abiatuta; hori beharrean, gerturatzea haien lanetan jorratutako gaietatik egin da, baina haurrentzako modu dibertigarrian berriro interpretatuta.

Esther Ferrerren kasuan, bere lanean garrantzi handia duen gaia da denbora eta hortik dator, hain zuzen ere, lehen liburu honen izenburua.  

Unibertsitateko transferentziaren rola

EHUko hiru ikerlariek, Haizeak, Garazik eta Anek, etengabe egiten dituzten transferentzia-jarduerak. Aipatu ditugun horiei, gainera, helburu bera duten unibertsitatearen-gizartearen arteko beste ikerketa-proiektu batzuk gehitu behar dizkiegu: artearen historia berrikustea ikuspegi feministatik eta ondorioak publiko orokorrari zabaltzea, gai horiek mugatuta geratu ohi diren esparru akademikoetatik zabalduta. 

Haizeak jarduera horiekin izandako esperientzia azaldu zigun: “niretzat, transferentzia ikerlari eta irakasle gisa betetzen dudan lanari atxikita dagoen zerbait da. Gainera, asko gustatzen zaidan eta ilusio handiz egiten dudan zerbait da. Irakasle gisa betetzen dudan lanarekin paralelismo ugari dituela uste dut”.

Ane Lekuonaren planteamendua ere positiboa zen: “Zer eskaintzen dit? Niretzat, dena da ona. Askotan, zure kapsulatxoan sartuta zaudela eta egiten duzunak zure ingurukoei bakarrik axola diela dirudi. Orduan, transferentziak pertsona gehiagorengana iristeko aukera ematen dizu eta, jendearen interesa ikusten duzunean, poztu egiten zaitu.” 

Ane LekuonaAne Lekuona.

Baina, noski, dena ez da abantaila. “Batzuetan, beste lan batzuetarako denbora asko kentzen digu. Baginen, Bagara ekimenak, adibidez, bi urteko ikerketa-lana eskatu digu”, aitortu zigun Haizeak, baina gero hau gehitu: “Baina egia da museoko bildumarekin egindako lanetik ikerketa-lerro berri mordoa atera dugula, eta ikerketa hutseko emaitzak ere atera ditugula. Argitaratu dugun katalogoaz gain, material ugari dut eta bertatik hainbat argitalpen aterako direla espero dut. Gainera, martxoan, emakumeei eta bildumei buruzko nazioarteko kongresuaren keynotea egitera gonbidatu gaituzte Leiden-en. Nire ikerketa-lerroak erakusketekin eta museoekin oso lotuta daudenez, ikerketa transferentzia-ekintzei oso konektatuta dago”. 

Edonola ere, honen moduko gaietan egindako transferentziak gizarte osoarentzako ekarpena egiten du eta, horrekin lotuta, bereziki kontuan hartu beharrekoa da honako hau: “Feminismoarekin lotutako gaiak lantzen dituzunean, dibulgazioa eta transferentzia ezinbestekoak dira arlo akademikoan horren inguruko ikerketa ugari dagoelako, baina, maila sozialean, ezaguna den artearen historia mundu akademikoan ezagutzen duguna baino askoz ere patriarkalagoa eta askoz ere tradizionalagoa da. Oso transferentzia argirik ez egotearen modukoa da”.

Harremanetarako