Breadcrumb

Eduki publikatzailea

Agustin Azkaratek jaso du 2021eko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria

Agustin Azkarate saria jasotzen

Agustin Azkarate historialari eta arkeologoari 2021eko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria eman diote gaur Gasteizko Santa Maria Katedralean.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien 2021eko Saria emateko ekitaldia izan da astearte honetan, azaroak 9, Gasteizen, erakundeetako ordezkarien eta zientzia- eta kultura-arloko pertsona ezagunen presentzia zabalarekin.

Aukeratutako lekua egiteko ezin egokiagoa izan da: Gasteizko Santa Maria Katedrala, zeinaren berritze-planaren inspiratzaile intelektuala eta zuzendari zientifikoa izan baitzen sarituetako bat, Historian doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkeologia katedradun, Agustin Azkarate Garai-Olaun.

Eva Ferreira García Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak hitzaldien txanda ireki zuen, Agustin Azkarateren irakaskuntza- eta ikerketa-lana azalduz, bere ustez, “bere diziplinaren esparru espezifikoa, Arkeologia, gainditzen baitu, beste espezialitate batzuekin elkarrizketa konplexu eta emankorra garatzeko”. Baina horretaz gain, errektoreak adierazi zuenez, bere lanean “badago ezagutza transferitzeko anbizio handia” eta beste esparru eta diziplina batzuetara aplikatzeko alderdi bat.

Ondoren, Sariaren erakunde babesleen ordezkari gorenek hartu zuten hitza. Alde batetik, Txomin García LABORAL Kutxako lehendakariak, Azkarate irakasleak bere espezializazio-arlotik harago indarrak mobilizatzeko duen gaitasuna azpimarratu zuen. Diziplina anitzeko eta lankidetzako dimentsioa, gazteen prestakuntzari nahiz mundu akademikoaren eta erakunde publiko eta pribatuen arteko zubiak ezartzeari aplikatzen zaiona. “Finean, pertsona berritzailea eta oso eskuzabala, ondare kultural, sozial eta zientifiko garrantzitsua utzi duena”, Txomin Garcíaren hitzetan.

Bestalde, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak, Agustin Azkarateren ibilbidea kokatu zuen Araban XX. mendearen hasieran Eusko Ikaskuntzaren kide sortzaile diren Eguren, Barandiaran eta Aranzadi euskal arkeologiaren aitzindariek hasitako lanetan; lan horiek, Gerra Zibilaren eta gerraosteko lehen parentesiaren ondoren, Arabako Arkeologia Institutuak hartu zituen. Urkizak honela definitu du saritua: “Ondarearen Zientziaren arkeologo, irakasle, sustatzaile eta sozializatzailea; ezagutzaren ikertzaile eta esploratzailea, elkarlanaren, ahalegin bateratuaren eta helburu komunen inguruan sinergiak sortzearen aldeko apustua egiten dugunok inspiratu eta bultzatzen dituena”.

Epaimahaiaren akta irakurrita, Agustin Azkaratek Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2021eko Saria egiaztatzen duen diploma jaso zuen. Eskerrak emateko, “Anboto eta Udalaitz begien bistan” dituen baserri batean bere familiaren jatorria eta haurtzaroa gogoratu zituen. Saria Vitoria-Gasteizi eskaini zion, “duela ia berrogei urte adoptatu ninduen eta naizen guztia zor diodan hiriari”. Arabako hiriburuak, hiri “aitzindari eta berritzaile” gisa, “ondarearen kudeaketa modu integralean, natura eta kultura uztartuz, sortzeko eta eraldatzeko ahalmen handia duen formula dela erakusten du”. Eta, azkenik, honako hau ziurtatu zuen: “Oinordetzan jasotako ondareak, izan ginenaren memoriak, nortasun propioa ematen digu, berezi egiten gaitu, behin betiko indartzen gaitu, globalizazioaren marea geldiezinari arrakastaz aurre egiteko”.

Ekitaldiaren amaieran, Iñigo Urkullu lehendakaria Azkarate irakasleari esker ona azaldu zion “Eusko Jaurlaritzaren solaskide etengabea izan da, bere ideiak eta proposamenak aurkeztu ditu eta bere lankidetza eskaini du aholkua eskatu diogun bakoitzean”. Bikaintasun profesionalaren adierazgarri dira Gasteizko Santa Maria Katedrala berritzeko plana eta “20 urtez katedrala berreraikitzeko abenturaren berri herritarrei eman dien kontzeptu eredugarria”. Lehendakariak Ane Zulaika ere zoriondu du. Izan ere, “begirada gazteak ere behar ditugu, bai, iragana ulertzeko eta gizarte arduratsu bat eraikitzen jarraitzeko”.