euskaraespañol

Irekiera ekitaldi jendetsuarekin hasi da ‘Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia’ kongresua

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/12

Joxe Azurmendi. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Donostiako San Telmo Museoko ekitaldi aretoa txiki geratu zen atzo Joxe Azurmendi (Zegama, 1941) pentsalariari eskainitako kongresuaren irekiera ekitaldirako. Izan ere, 140 lagunek parte hartu zuten kongresuaren lehen egunean, abenduaren 11ean, aretoa betetzeko beste. Irekiera ekitaldiko aurreneko hitzak antolatzaileenak izan ziren: Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea, Jon Insausti Donostiako Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkaria, Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakaria, Pedro Miguel Etxenike fisikaria eta Iñaki Zabaleta Joxe Azurmendi Katedra Proiektuko koordinatzailea izango dira aurkezpen mahaian. Ondoren, Joseba Zulaika antropologoak, Miren Azkarate hizkuntzalari eta euskaltzainak eta Pruden Gartzia euskaltzain urgazle eta idazleak hitzaldi bana eskaini zuten. Horiei entzuten izan ziren euskal kulturaren eta erakundeetako ordezkari aski ezagunak. Joxe Azurmendiren ekarpena hainbat ertzetatik aztertuko du 'Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia' izeneko kongresuak. Horretarako, berrogeita hamar aditu elkartuko ditu abenduaren 11tik 13ra Donostiako San Telmo museoan.