Breadcrumb

UPV/EHUko Ikasleen II. Partaidetza Plana

UPV/EHUko Ikasleen II. Partaidetza Plana

UPV/EHU, unibertsitate publikoa den aldetik, konprometituta dago ikasleen garapen pertsonalarekin, prestakuntza osoarekin, gizarteratzearekin eta laneratzearekin. Haren Estatutuen 14. artikuluaren arabera, unibertsitatearentzat oso garrantzitsua da ikasleek parte hartzea unibertsitate bizitzan eta ikasleen elkarteetan. Hori horrela, UPV/EHUk konpromisoa hartzen du bultzatzeko partaidetza politiko, kultural eta sozial hobe bat ziurtatuko dituzten baldintzak, bai eta unibertsitate proiektu bat ere.

Bat etorriz konpromiso horrekin eta ikasleen partaidetza arduratsua eta aktiboa sustatzeko, UPV/EHUko Ikasleen arloko Errektoreordetzak UPV/EHUko ikasleen I. Partaidetza Plana egin zuen 2012an, elkarlanean unibertsitateko kideekin eta agenteekin. Plan hori anbizio handikoa eta aitzindaria izan zen, eta bost jarduera arlo bereizten zituen. Gainera, parte hartzeko aukera berriak eskaintzeaz gain, lehendik zeudenak sendotu zituen.

Hamabi urteko garapenaren ondoren, eta UPV/EHUren 2022-2025eko Plan Estrategikoan jasotako agindua betez, egokia da UPV/EHUren II. Partaidetza Plana garatu eta onartzea. Horretarako, prozesu bat jarri zen abian, eta partaidetzan zuzenean inplikatutako sei eragile-taldek hartu zuten parte: (a) Ikasleak; (b) Irakasle-ikertzaileak; (c) TEKAZEL; (d) organo eta kargu instituzionalak, eta (d) partaidetzan adituak diren pertsonak. Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzak bultzatutako elkarlanaren ondorioz, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak, 2024ko uztailaren 18ko bilkuran, UPV/EHUko Ikasleen Partaidetzarako II. Planaren testua onartu zuen.

II. Partaidetza Planean sei ildo estrategiko proposatzen dira planaren garapena bultzatzeko. Horiekin batera, lau helburu nagusi ere ezarri dira, esku hartzeko eremu bakoitzean aurreikusitako ekintzak ardazten dituztenak. Honako hauek dira helburuak: 1) Partaidetzari buruzko informazioa zabaltzeko eta komunikazioa bermatzeko bideak hobetzea eta berritzea; 2) Partaidetzarako eskaintza sendotzea, egokitzea eta deszentralizatzea; 3) Partaidetzaren kultura sustatzea, ikasleen eta unibertsitateko gainerako kideen arteko parte hartzea, kontsultak eta deliberazioa bultzatuz; eta 4) Partaidetzak hezkuntzan duen garrantzia aitortzeko eta graduondoko ikasleen beharrei erantzuteko bideak  bilatzea (kredituetatik harago).

Esku hartzeko sei eremu ezartzen dira, unibertsitatearen jarduera osoa barne hartzen dutenak ( zeharkako arloa; irakaskuntza eta ikerkuntza arloa; kudeaketa eta ordezkaritza arloa; arlo soziokulturala; arlo komunitarioa; abaluazioaren, jasangarritasunaren eta zeharkakotasunaren arloa) eta, horietako bakoitzean, hainbat ekintza zehatz biltzen dira. Horien guztien bitartez, 110 neurri espezifiko planteatzen dira guztira, datozen urteetan aplikatzekoak.

Azkenik, ebaluazioa eta jarraipena egiteko irizpideak ezartzen ditu, baita hainbat adierazle kuantitatibo ere, eta pilotatze egitura zehatz bat ardazten du, ezarritako ekintza zehatz guztiak praktikan nola inplementatuko diren definitzeko.