euskaraespañol

Gaur hasi dira UPV/EHUko teknikarien, eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen lan-eskaintza publiko handienaren oposizio-faseko probak

1.148 plaza izanik, helburua da TEKAZELeko langileen behin-behinekotasun tasa % 8tik behera murriztea 2024ko bukaeran

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/18

Irudia
Guztira 26.273 hautagaik eman dute izena aurkeztutako hamahiru deialdietako batean parte hartzeko. | Argazkia: David de Haro

Gaur hasi dira Barakaldoko BECen euskal unibertsitate publikoak antolatu duen TEKAZEL langileen Lan Eskaintza Publiko (LEP) handieneko ebaluazio probak. Eskaintza berri honetan (Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzean onartua) funtzionarioen 848 plaza eta lan kontratudun langileen 300 plaza daude guztira. Plaza horiek, alde batetik, birjartze tasatik datoz (2022rako Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak % 120ko muga ezarri du), eta, bestetik, egonkortzeko hirugarren prozesu gehigarritik (20/2021 Legean, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoan, jasotakoa).

Gobernu Kontseiluak lan eskaintza onartu eta gero, eskaintza horri lotutako hautaketa prozesu guztien oinarri orokorrak eta espezifikoak diseinatu ziren. Lanpostuak betetzeko prozesuak honako hauek izango dira: 214 barne promozio bidez, 818 merezimendu lehiaketa bidez eta 116 oposizio‑lehiaketa bidez. Helburua da prozesu guzti horien ebazpenaren ostean, TEKAZELko langileen behin‑behinekotasun tasa % 8tik behera egotea 2024ko urtea amaieran.

Azaroaren 18tik 24ra bitartean egingo dira oposizio faseko frogak oposizio‑lehiaketa bidez deitutako 116 lanpostuak betetzeko. Lanpostu hauek hamahiru eskala hauetakoak dira: gestioko teknikariak (orokorra); unibertsitate gestioa (orokorra); artxibo, biblioteka eta museoetako laguntzaileak; gestioko teknikaria (ekonomia); unibertsitate gestioa (enpresa zientziak); gestioko teknikaria  (zuzenbidea); gestioko teknikaria (psikologia); gestioko teknikaria (medikuntza); unibertsitate gestioa (erizaintza); administrariak; administrari laguntzaileak; eta menpekoak.

Hamahiru prozeso horietarako guztira 26.273 eskabide onartu dira. Gaur eta bihar BECen egingo dira probak eta gainerako probak datorren astean egingo dira Landakon eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean.

"Lan eskaintza publiko hau oso garrantzitsua da langileak kudeatzeko euskal unibertsitate publikoa garatzen ari den politikaren barruan –adierazi du Eva Ferreira errektoreak–, horrek langileen behin‑behinekotasuna nabarmen murriztea eta enplegua egonkortzea dakarrelako. Arlo honetan, gure politikaren helburu nagusietako bat da diseinatzea karrera profesional sendoak, egonkorrak eta denboran zehar hobetzeko aukerak izango dituztenak. Eta lan eskaintza publiko berri honetako probak egitea, gure erakundean TEKAZEL langileentzat egin den handiena, borondate argi horren froga da.”