Tituluaren gakoak
Gure inguruneko industria enpresek gero eta sarriago eskatzen dituzte zuzendaritza karguetarako profil berriak, beren baitan biltzen dituztenak ingeniaritza ezagutzak, batetik, eta kudeaketa ekonomikoa eta enpresari buruzkoak, bestetik. Industriaren sektoreko prozesuen antolaketa eta zenbait alderdi espezifikoren kudeaketa sakonago ezagutzeak diziplina anitzeko ikuspegia ematen die Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduko ikasleei, haien prestakuntza aberastuz eta lan merkaturako aukerak ugarituz.
Profil hori lortzeko ohikoa izaten da espezializazioa eskuratzea behin graduko ikasketak amaitu eta gero. Hala ere, Industria Enpresen Kudeaketako aditu titulua, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Graduari lotua, graduarekin batera egiten da, eta balio erantsi handia ematen dio tituluari.
Bi ikasturtetan zehar, eta metodología aktiboak erabiliz, gaitasun hauek eskuratzen dira, besteak beste:
- Ekoizpenaren plangintzari buruzko erabakiak hartzeko gaitasuna, prozesu industrialen motak kontuan hartuta.
- Ulertzea «Lean Production» delakoarekin zerikusia duten lanabesak eta haiek aplikatzeko gai izatea.
- Proiektuak antolatzea, planifikatzea eta kudeatzea industria enpresen arloan, diziplina anitzeko inguruneetan lan eginez.
- Ezagutzea kudeaketa sistemak eta jakitea kudeaketarako tresna informatikoak erabiltzen kalitatearen, ingurumenaren, eta segurtasunaren eta prebentzioaren arloan.
- Prozesu batean ingurumenari dagozkion alderdiak aztertu eta baloratzea, eta balizko irtenbide teknikoak ebaluatzea.