EHP 2020 UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen hizkuntza prestakuntzarako plana

EHP 2020. UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen hizkuntza prestakuntzarako plana

Testuingurua

UPV/EHUren Euskararen III. Plan Gidariak (2018-2022) bost ardatz estrategiko ezarri ditu UPV/EHUk euskararen alorrean dituen konpromisoei aurre egiteko:

  • I. ardatza: Euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa.
  • II. ardatza: Formazioa.
  • III. ardatza: Corpus linguistikoaren plangintza.
  • IV. ardatza: Ikerketa eta hedapena.
  • V. ardatza: Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonala (AZP).

Lehen lau ardatzetan, berariaz jasotzen dira irakasleen eta ikertzaileen hizkuntza-prestakuntzarekin zerikusia duten helburuak zein ekintzak. Horrez gain, lau ardatzetan zehazten dira ezinbestean hizkuntza-gaitasun egokia eskatzen duten helburuak zein ekintzak (Ikus 1. eranskina).

Izan ere, UPV/EHUren Euskararen III. Plan Gidarian ondo islatzen denez, hizkuntza-prestakuntza giltzarri da plan horretan aurreikusten diren funtsezko helburuak lortzeko, besteak beste:

  • Graduko, graduondoko eta etengabeko prestakuntzaren arloko euskarazko irakaskuntza-eskaintza bermatu eta handitu ahal izateko (4.2.1. eta 4.2.2. helburuak)
  • Euskara irakasleen eta ikertzaileen lan-hizkuntza izan dadin (4.1.3. helburua)
  • Ikertzaileen artean euskararen ezagutza handitu eta euskarazko komunikazio akademikoaren kalitatea bermatzeko (4.4.4. helburua)
  • Euskarazko irakaskuntzaren bikaintasuna bilatzeko (4.2.3. helburua)
  • Euskarazko irakaskuntzarako materialen eta hizkuntza baliabideen kopurua handitzeko (4.3.1. helburua)
  • Euskarazko irakaskuntzarako materialen kalitate linguistikoa bermatzeko (4.3.2. helburua)
  • Euskarazko irakaskuntzarako materialen, corpusen eta hizkuntza baliabideen erabilera handitzeko (4.3.3. helburua)

Era berean, III. EPGn estrategikotzat jotzen diren hainbat ekintzak, zerikusi zuzena dute irakasleen eta ikertzaileen hizkuntza-prestakuntzarekin. Honako hauek, besteak beste:

  • Euskarri digitaletan euskararen presentzia bultzatzeko ekimenak garatzea (4.3.1.4 ekintza)
  • Euskarazko irakaskuntzarako euskarri diren tresna digitalen garapena bultzatzea (4.2.3.4. eta 4.3.2.1. ekintzak)
  • Irakaskuntzarako materialen eta ikasliburuen sorkuntza zein itzulpena sustatzea (4.3.1.1. ekintza)
  • Euskarazko irakaskuntzarako materialak sortzeko lantalde-proiektuak bultzatzea (4.3.1.3. ekintza)

Hori horrela, Euskararen III. Plan Gidarian irakasleen eta ikertzaileen hizkuntza-prestakuntza ezinbestekotzat jotzen da bai euskararen presentzia, prestigioa eta erabilera handitzeko, bai irakaskuntzaren kalitatea areagotzeko; bai euskararen corpusaren garapenean aurrera egiteko; eta baita ere euskararen hedapena sustatzeko. Areago, irakasleen eta ikertzaileen hizkuntza-gaitasuna giltzarri da planean aurreikusten diren ahalegin guztiak optimizatzeko.