EHP 2020. UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen hizkuntza prestakuntzarako plana

EHP 2020. UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen hizkuntza prestakuntzarako plana

Oinarriak

Esandakoagatik, EHP-2020 planak abiapuntu ditu euskarak UPV/EHUn egun duen egoeraren diagnosia eta hurrengo urteei begira ezarritako helburu estrategikoak. Horrela, bada, helburu estrategiko horiek aintzat hartuz, printzipio gidari hauek hartu dira oinarri gisa prestakuntza-ekintzen katalogoa diseinatzeko:

  • Hizkuntza- eta komunikazio-gaitasunak ezinbesteko dira irakaskuntza- zein ikerketa-jardunean.
  • Zenbat eta hizkuntza-gaitasun jasoagoa izan, orduan eta malgutasun eta segurtasun handiagoa dute irakasleek eta ikertzaileek, ikasgelan jarduteko, materialak sortzeko edota ikerketa-lanak ekoizteko.
  • Irakasle eta ikertzaileek, eredu onak eskaini ez ezik, hizkuntza- eta komunikaziogaitasunak garatzen lagundu ere egin behar diete ikasleei.
  • Funtsezkoa da irakasleek eta ikertzaileek kontzientzia har dezaten nolako ekarpena egiten dioten eta egin beharko lioketen euskara akademiko-profesionalaren garapenari.
  • Irakasleek eta ikertzaileek haien zeregin profesionalei hertsiki zuzendutako prestakuntza-jarduerak behar dituzte.
  • Irakasle eta ikertzaile guztiek ez dute ingurune eta profil soziolinguistiko bera, eta ezta zeregin profesional berberak ere; hortaz, ez dituzte guztiek premia berberak hizkuntza-prestakuntzari dagokionez.
  • Hizkuntza-prestakuntzarako ahaleginak optimizatu egin behar dira prestakuntza-ekintzen iraupena eta modalitatea, lortu nahi den helburuaren arabera doituz.
  • Irakasleek eta ikertzaileek alor honetan egiten dituzten ahaleginek ezagutza osoa izan behar dute ibilbide akademikoa balioesteko UPV/EHUren prozesuetan zein laguntzak edo lanpostuak eskuratzeko UPV/EHUren deialdietan.

Printzipio horiek aintzat hartuz, EHP-2020 planean 6 prestakuntza-programa aurreikusten dira, eta, guztira, 15 prestakuntza-ekintza ezberdin. Horien bidez, askotariko profil, premia eta helburuak dituzten irakasleen zein ikertzaileen eskariari erantzutea bilatzen da, betiere marko egituratu, egonkor eta estandarizatu baten testuinguruan.