UPV/EHUren kontsultaguneak

UPV/EHUren kontsultaguneak

  • AZPidazki: TEKAZELeko langileei administrazio-agiriak euskaraz idazten laguntzeko "on line" sistema.
  • EHULKU: Euskarazko irakaskuntzan eta testugintzan jarduteak sortzen dituen hizkuntza-zalantzei erantzuteko sareko hizkuntza-aholkuak.
  • EHUskaratuak corpusa: Euskara Zerbitzuaren itzulpenen corpus eleaniztuna.
  • GAIKA corpusa: Euskara Zerbitzuaren itzulpenetako terminoen corpus eleaniztuna.
  • Ereduzko Prosa Gaur: Ereduzko egileen testu hautatuek osatutako corpusa; era askotara kontsultatzeko aukera eskaintzen dio euskara landua erabili nahi duen orori.
  • UPV/EHUko izendegia: UPV/EHUko ikastegien, sailen eta jakintza-arloen izenak biltzen ditu dokumentu honek. Bestalde, aurreko lotunean ("Bilaketak...") ere bila dezakezu nahi duzun izena. Izendegia 2004ko otsailaren 3ko Gobernu Kontseiluan onartu zen.
  • Gradu berrien euskarazko izenen zerrenda (pdf, 1,38 MB)

Hiztegiak

Sexologiako Hiztegia

Sexologiako Hiztegia

Irudia

Zuzenketak edo bestelako iradokizunak: euskara.zerb.zuzendaria@ehu.eus

Hiztegiaren berri

UPV/EHUko Euskara Zerbitzua unibertsitateko eskuliburuak eta beste zenbait material euskaratu ditu azken urteotan, euskarazko irakaskuntza sendotzeko. Ildo horretan, glosategiak eta arlokako hiztegiak ere osatzeari ekin dio, betiere arlo bakoitzeko adituekin elkarlanean.

Osasun-arloan, Iñaki Ugarteburu Gastañares zenak bultzatuta, Erizaintzako Hiztegia eta Sexologiako Hiztegia jarri ziren abian. Beste zenbait arlotan ere osatu ditugu hiztegiak: Arkitektura Hiztegia, Artearen Lexikoa, Giza Anatomiaren Hiztegia eta Antropologiako Hiztegia.

Arloka landutako hiztegi horietako terminoak euskaraz definiturik datoz. Halaxe egin dugu Sexologiako Hiztegi honetan ere. Hitz bakoitza euskaraz definiturik dator; sexologiako adituen eta Euskara Zerbitzuaren arteko elkarlanaren emaitza da hori. Definizioaz  gainera, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko ordainak ere eskaintzen dira.

Sexologiako Hiztegi honetan mila eta zortziehun bat termino bildu ditugu, eta Euskararen arloko Errektoreordetzaren webgunean dago eskuragarri. 

Hiztegi hau egiteko, kontuan izan dira orain arteko  lanak, baina, kasu honetan, ikuspegi erotikotik harago, ikuspegi sexologikotik abiatu gara, sexologia jakintza arlo gisa jorratu nahirik.  Hiztegiaren helburu nagusia sexologia jakintza arlo gisa euskaraz jorratzea da, beraz, baliagarri izan dadin ez bakarrik unibertsitatean, baizik eta gizarte osoan. Zenbait lanbidetako profesionalentzat lagungarri gertatuko den dokumentua dela deritzogu. Hasteko, sexologiako profesionalentzat noski; baina, orobat, hezitzaileentzat, idatzizko zein ikus-entzunezko komunikabideetan lan egiten dutenentzat, osasun arloko hainbat profesionalentzat (erizainak, ginekologoak, psikologoak), eta kultura eta arte alorreko profesionalentzat oro har. Zehazki, alor hauetako terminoak definitu ditugu:  gizarte-alorrekoak, anatomia eta fisiologiari loturiko alorrekoak, ugalketa eta familia kontzeptuei lotutako alorrekoak, erotismoaren eta sexu-jokabidearen alorrekoak, osasun eta arreta alorrekoak, eta hezkuntza alorrekoak.

Psikologia Fakultateko Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua sailaren eta Euskara Zerbitzuaren arteko lankidetzaren ondorio da Sexologiako Hiztegi hau. Adituen aldetik, Nerea Sancho irakaslea izan da hiztegiaren zuzendaria, eta Itziar Alonso irakaslea begirale teknikoa. Euskara Zerbitzutik, Juan Kruz Igerabide aritu da hizkuntza-begirale gisa, Iñigo Roqueren eta Amaia Apalauzaren laguntzarekin. Ingeleseko eta frantseseko ordainak Diana Draper eta Emilio López Adán-ek gainbegiratu dituzte.

Hiztegia Iñaki Ugarteburu Gastañares mediku eta filologo zenari eskainia dago, hasieran bera izan baitzen proiektuaren bultzatzaile nagusi.