LIMES 26

Robespierreren lan hautatuak

Egilea: Maximilien Robespierre
Itzultzailea: Irati Bereau Baleztena
Sarreragilea: Pierre Force
Argitaratzailea: Esteban Antxustegi Igartua
Arloa: Artea eta Giza Zientziak
Azpiarloa: Filosofia; Politika; Frantziako historia
Bilduma: Limes
ISBN: 978-84-1319-241-3
Urtea: 2020
Orrialdeak: 384
Edizio mota: Rustikoa
Salneurria: 20,00 € (BEZ barne)

Maximilien Robespierre (Arras-en jaioa 1758ko maiatzaren 7an – gillotinan hila Parisen 1794ko uztailaren 28an) Frantziako Iraultzaren garai erradikalenaren eragile nagusietakoa izan zen, Terrorearen garaiarena, hau da, askatasuna eta berdintasuna defendatzearren herriaren izenean egindako diktadurarena. Robespierreren pentsaera politikoaren muinean, borondate orokorraren kontzeptua dago, Rousseauk Gizarte Hitzarmenean definitzen duen gisan: herriaren borondatea ona da definizioz, nahiz eta balitekeen herriak huts egitea zer interes dituen erabakitzean. Hori dela-eta honako galdera hau: zein da borondate orokorra konprenitzeko modua? Eta are gehiago: nor mintzatzen da herriaren izenean?

“Robespierreren lan hautatuak” izenburupean argitaratzen den edizio hau pentsalariaren hitzaldi adierazgarrienen bilduma bat da, Auguste Vermorel-ek (1841-1871) egina eta 1866an Parisen argitaratua. Hauek dira, besteak beste, Robespierrek hitzaldietan jorratzen dituen gai nagusiak: Ba al du mugarik adierazpen askatasunak? Esporta al daiteke indarrez demokrazia? Irakats al daiteke herritar espiritua? Ba al liteke herria oker egotea? Berdintasun politikoa izateko, beharrezkoa al da berdintasun soziala? Zigortu behar al dute heriotzarekin iraultzaileek erregea? Etsai publikoek ba al dute eskubiderik legeek babes ditzaten? Espiritu demokratikoak behar al du oinarri erlijiosorik?

Justizia, gizadia eta askatasuna maitatzea beste edozein pasio bezalakoa da: maitasun hori nagusi denean, dena ematen zaio; arima beste mota bateko grinei zabaltzen zaienean, aldiz, urre-goseari eta ohore-egarriari adibidez, dena sakrifikatzen diogu, bai loria, bai justizia, bai gizadia, bai herria eta bai aberria. Horra hor nolakoa den giza bihotzaren sekretua; horixe da bidegabekeriaren eta zintzotasunaren arteko aldea, tiranoen eta ongileen arteko diferentzia.