LIMES 12

Bikario Savoiarraren fede-aitortza

Egilea: Jean-Jacques Rousseau
Itzultzailea: Esteban Antxustegi Igartua
Sarreragileak: Francisco Javier Caballero Harriet, Esteban Antxustegi Igartua
Argitaratzailea: Esteban Antxustegi Igartua
Arloa: Giza Zientziak
Azpiarloa: Filosofia
Bilduma: Limes
ISBN: 978-84-9860-299-9
Urtea: 2009
Orrialdeak: 138
Neurria: 13x21
Edizio mota: Rustikoa
Salneurria: 10,00 € (BEZ barne)


Unibertsoaren ordenaz pentsatzen dut, ez sistema hutsekin azaltzeko bakarrik, hura etengabe miresteko eta unibertsoan sentitzen den haren egile jakintsua gurtzeko baizik. Harekin mintzatzen naiz, haren esentzia jainkotiarrez betetzen ditut nire ahalmenak, haren onurek hunkitzen naute, haren dohainak bedeinkatzen ditut, baina ez dut otoitzik egiten. Zer eskatuko diot? Gauzen bilakaera nigatik alda dezala? Nire aldeko mirariak egin ditzala? Nahi al nuke nik, gauza guztien gainetik haren jakinduriak ezarritako eta haren probidentziak iraunarazitako ordena maitatu behar duen honek, halako ordena nire erruz nahastea? Ez, horrelako eskaera ausartegia onartu beharrean, zigortu egin beharko litzateke. Ongia egiteko ahalmena ere ez diot eskatzen. Zergatik eskatuko diot jadanik eman didana? Ez al dit eman kontzientzia ongia maitatzeko, arrazoia ezagutzeko eta askatasuna hautatzeko? Gaizki egiten badut, ez dut aitzakiarik; nahi dudalako egiten dut: nire borondatea alda dezala eskatzea hark niri eskatzen didana eskatzea da, berak lan egitea eta nik soldata kobratzea nahi izatea da; nire mailarekin pozik ez egotea, gizakia ez izatea nahi izatea da, eta, existitzen denetik kanpoko zerbait nahi izatea desordena eta gaizkia nahi izatea da.

Jean-Jacques Rousseau (1712- 1778) europar kultura modernoaren funtsezko autorea da. Beraren obra, orijinala eta zabala, zaila da sailkatzen: mintzaldiak, entseguak, nobelak, antzerki-lanak, operak, gogoetak. Horiek denak generoaz ez ezik, gaien tratamenduaz ere estilo askotarikoak dira.

Bikario savoiarraren fede-aitortza Rousseauk idatziriko Emilio edo hezkuntzaz tratatuaren zati bat da, IV. liburukia, hain zuzen. Bertan erlijio naturalaren defentsaz mintzo da genevarra, gizaki berri baten ereduan oinarritutako bere garaikoa ez den gizarte-eredu berri batez, hau da, kontzientziaren bidez naturaren ordenarekin bat egin duen gizakiaz, "norberaren burua maitatzea" interes orokorrean eta gizarte-itun handi baten bidez adieraziko den gizarte-antolakuntzaz, hain zuzen.