Bertsozientzia 2024

Bertsozientzia: jakinduriek mundue erreko dau

Abenduaren 4an, Euskararen Astearen barnean, Bertsozientziaren edizio berria egingo da Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Cecilia Fernández, Oier Pedrera eta Aloña Aldasoro ikertzaileek jorratutako gaiei bertsoak jarriko dizkiete Iruri Altzerreka eta Julio Soto bertsolariek.

Ezagutza eta bertsoak bat egingo dute Euskararen Astean

Bilbo, 2024ko abenduak 4. Abenduarekin batera Euskararen Astea helduko da eta, horren barnean, UPV/EHUko Euskara Zuzendaritzak, UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta Liburutegiak Bertsozientziaren edizio berri bat antolatu dute.

Aurten ere bertsolaritzak eta ezagutza zientifikoak bat egingo dute oholtza gainean “Jakinduriek mundue erreko dau” lelopean.

Oraingo honetan, Idoia Torregarairen gidaritzapean, Iruri Altzerrekak eta Julio Sotok bertsoak jarriko dizkiete Cecilia Fernández, Oier Pedrera eta Aloña Aldasoro ikertzaileek jorratutako gaiei.

Fernández Hizkuntzalaritzako doktoregaia da UPV/EHUn eta Pau eta Aturrialdeko Unibertsitatean eta hizkuntzen zailtasunaz hitz egingo du. Ikuspegi zientifiko batetik Hizkuntza bat zaila izan daiteke? galderari erantzungo dio.

Pedrera, berriz, Zientzien Hezkuntzan doktoregaia da eta mendi eta basoetan pertsona askok duten landareekiko itsutasunaz hitz egingo du Ikusezina da berde kolorea? hitzaldian.

Azkenik, Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia sailean tesia egiten ari den Aldasorok txakurren jatorriaren inguruan hausnartuko du Txakurraren jatorriaz mintzo den fosil zaharrena berbaldian.

Bertsozientziaren saioa abenduaren 4an asteazkena, arratsaldeko zazpietan, egingo da Bilboko Bidebarrieta Liburutegian. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Bertsozientzia: jakinduriek mundue erreko dau

Eguna: Abenduak 4, asteazkena.
Ordua: 19:00.
Lekua: Bidebarrieta Liburutegia (Bidebarrieta Kalea, 4, Bilbo).

Hizlariak:

Cecilia Fernández: Euskal Ikasketak ikasi zituen Gasteizen eta ondoren hizkuntzalaritzan berezitu zen. Orain hizkuntzalaritzako doktoregaia da UPV/EHUn eta Paue eta Aturrialdeko (UPPA) unibertsitateetan. Kotutelan ari da tesia egiten Gogo Elebiduna ikertaldean eta IKER ikerketa zentroan. Bere ikerlerroak morfologia, sintaxia eta semantika uztartzen ditu. Horretaz gain, zabalkundean aritu izan da Etxepare Institutuan euskararen ezaugarriei buruzko ikastaro bat irakatsiaz eta UPV/EHUk antolatutako Zientzia Astean parte hartuz.

Oier Pedrera: Biologoa da eta Zientzien Hezkuntzan doktoretza egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Zehazki, bere doktore-tesiak landareen elikaduraren ikaskuntza eta irakaskuntza hobetzea du helburu. Hala ere, tesia nagusiki hezkuntza formalari buruzkoa den arren, beste hainbat ikerketa egin ditu ere ingurumen hezkuntzak eta biologiaren hezkuntzak ikasleen biodibertsitatearen, jasangarritasunaren eta botanikaren alfabetatzean duten papera aztertuz.

Aloña Aldasoro: Zientzia Biomedikoetan graduatua Bartzelonako Unibertsitatean (UBn), Genetika, Fisika eta Kimika Forentse masterra egin du Tarragonan (URVn). Master horri esker, antzinako DNAren mundua (Paleogenomika) ezagutzeko aukera izan zuen eta ordutik bi urte daramatza antzinako DNAren inguruan ikerketa burutzen doktorego tesian txakurraren jatorria ikertzen oinarritzen den ikuspuntu paleogenomiko batetik.