Breadcrumb

FORMACION-CONTINUA-Curso-Enseñanza-Euskera-Universidades-Centros-Superiores-Exterior

Atzerriko unibertsitateetan eta goi-mailako zentroetan euskara irakasteko prestakuntza ikastaroa

Gasteizen, 2020ko urriaren 2tik azaroaren 28ra

UPV/EHU-Etxepare-Gasteiz

Euskal Herriko Unibertsitateak (Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak), Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan, atzerriko goi-mailako zentroetan euskara irakasteko irakurleei bideratutako prestakuntza ikastaroa eskainiko du.

Hasiera-hasieratik, euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasten duten irakasle edo irakurleen prestakuntza osatzea izan dugu helburuetako bat. Prestakuntza irakurleek lekuan bertan dituzten berariazko premiak kontuan izanik diseinatu dugu eta atzerriko unibertsitateetan eta goi-mailako zentroetan, Etxepare Euskal Institutuarekin dituzten lankidetzen bidetik, gisa horretako lanpostuak bete nahi dituzten lizentziadun edo graduatuei zuzendutakoa da.

Bi erakundeon artean sinatu dugun lankidetza-hitzarmenari esker prestakuntza hori proposamen zehatzen bidez gauzatu ahal izango dugu. Prestakuntza ikastaroa hainbat gairen ingurukoa izango da, hizkuntza, didaktika, metodologia nahiz kultura ardatz hartuta.

Aurtengo edizioan gainera Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxearen eta Gasteizko Udalaren lankidetza izango da urriko eta azaroko hainbat saiotan.

Ikastaroaren antolaketa eta zuzendaritza

Ikastaroa elkarrekin antolatu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko Errektoreordetzak eta Etxepare Euskal Institutuak.

Zuzendaritza:

  • Mari Jose Olaziregi Alustiza (Euskal Herriko Unibertsitatea. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saila).
  • Garbiñe Iztueta Goizueta (Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria).

Helburuak

  • Lanerako estrategia eraginkorra proposatzea euskara atzerriko hizkuntza gisa ezagutu eta eskuratzearen inguruan.
  • Euskararen berezitasunak eta espezifikotasuna testuinguru elebakarretan edo/eta eleaniztunetan.
  • Alderdi soziokulturaletan eta balioetan sakontzea, euskara bitarteko hartuta.
  • Atzerritarrei euskara irakasteko eta horiek euskara ikasteko prozesuetako trebetasunak eta gaitasunak optimizatzea IKTak eraginkortasunez erabiltzearen bidez.

Norentzat

Humanitateetako goi-mailako graduatuei eta lizentziadunei bideratutakoa izango da, betiere hizkuntza-eskakizunak betetzen badituzte (EGA edo legezko titulazio baliokidea izatea). Hala ere, lekurik bada, Giza Zientzietako 4. mailako ikasleek eta beste lizentzia edo graduetako graduatu eta lizentziadunek ere egin ahal izango dute ikastaroa.

Parte-hartzaileen gehieneko kopurua 40koa izango da. Gutxienekoa, berriz, 24 lagunekoa.

Ikastaroaren programa

Ikastaroaren lekua

Elurreta eraikina
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea
Nieves Cano 33, 01006 VITORIA-GASTEIZ

Aurtengoan ikastaroko saio batzuk modu presentzialean emango dira eta beste batzuk telematikoan. Hala ere, egoerak hala behartuta, litekeena da osorik modu telematikoan eman behar izatea.  Hala bada, ikasleei garaiz jakinaraziko zaie.

Iraupena eta Ordutegia

  • 2020ko urriaren 2tik azaroaren 28ra.
  • Ostiraletan, 16:00etatik 20:20ra (20 minutuko atsedenarekin) eta larunbatetan 9:00etatik 13:20ra (20 minutuko atsedenarekin).
  • Irakas-orduen kopurua: 56.

Matrikularen zenbatekoa

Matrikularen zenbatekoa 350 eurokoa izango da eta gastu akademikoak eta material didaktikoa hartuko ditu barne.

Akreditazioa

Izen ematea ordainduta Etxepare Euskal Institutuak egindako bertaratze ziurtagiria eskuratu ahal izango da.

Gainera, ikastaro osagarrien ziurtagiria  eskatu ahal izango zaio EHUri.

Bertaratzea ezinbestekoa izango da, eta ez bertaratzeen zenbatekoak ezingo du gainditu ikastaroaren iraupenaren % 15, ez bertaratzeko arrazoia edozein delarik ere.

Izen ematea

Matrikula on-line egin ahal izango da.
Izena-emateko epea abuztuaren 10etik irailaren 17ra  (biak barne) izango da.

Ikastaroko parte-hartzaileak izen ematea (bankuko ordainagiri eta guzti) gauzatutako ordenari jarraiki hautatuko dira.

Izen-ematea egiteko honako dokumentazioa erantsi beharko zaio matrikulari, pdf formatuan:

  • NAN edo pasaportearen kopia
  • Unibertsitateko tituluaren kopia
  • EGA edo baliokidearen kopia

Matrikula egin ondoren ez da ordaindutako zenbaterik itzuliko, non eta plazak ez diren amaitu edo ikastaroa bertan behera geratu.

Informazio gehiago

ETXEPARE