euskaraespañol

Eguneko irudia

Haizea Barcenilla eta Ane Lekuona Mariscal

Zergatik ez dugu María Paz Jiménez ezagutzen?

Artearen Historia eta Musika saileko irakasleak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2025/03/18

Ane Lekuona eta Haizea Barcenilla | Argazkia: Juantxo Egaña
Artikulu hau jatorriz The Conversation-en argitaratu da.

Haren lanak Madrileko Reina Sofía Museoan eta Parisko Fonds National d’Art Contemporain-en daude, Euskal Herriko arte garaikideko museo guztietan eta bilduma pribatu ugaritan. Madrileko Clan eta Biosca galerietan -frankismoko aretorik abangoardistenak- erakutsi zituen bere lanak, eta berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetako erakusketa oso garrantzitsuetan hartu zuen parte. Hala ere, oso jende gutxik ezagutzen du María Paz Jiménez pintorea (1909-1975).

Donostian eskaini zaion erakusketa berri bati esker, haren obrara hurbiltzeko aukera dugu orain. Bertan erakusten zaigu, alde batetik, zenbat eta zenbat ertzetatik begiratu ahal zaion Jiménezen pinturari. Bestetik, baina, erakusketak bultzatzen gaitu geure buruari galdetzera zelan idatzi den artearen historia eta zer utzi duten historia horretatik kanpo.

Modernoa, ijitoa, erbesteratua eta bueltan etorria

Jiménez emakume ijito aurrerakoi bat izan zen, artearekin maitemindu zena erakusketak ikusiz bere hirian, Donostian. Erbestean garatu zuen bere prestakuntza, ordea, zehazki Buenos Airesen, bertan bizi izan baitzen 1937tik 1945era. Bertan egin eta erakutsi zituen bere lehen pinturak: konposizio surrealista batzuk, non ingurune natural zehaztugabe batean silueta femenino batzuk sortzen diren eta babesa bilatu-edo egiten duten.

Donostiara itzuli zenean 1945ean, gogo surrealista bat ekarri zuen aldean, frankismoak Espainian diluitua zuena, eta gogo horrek akuilatuta, Jimenezek ekin zion berak “monigoteak” edo “neskatilak” deitu izan zienak pintatzeari.

Figura beti femeninoak dira, margolariaren eta bere ahizpa Rosarioren oso antzekoak hazpegiz. Azala zuria dute hasieran, baina ilunago egiten da gerora. Oso konposizio koloretsuak zirenez, haien gaiak domestiko eta femeninotzat jotzen zirenez, eta figurak baketsuak zirenez eta ez oso naturalistak, kritikariek naïftzat jo zituzten, eta artearen historiak ez zien arreta handirik eman.

Hala ere, koadro guztiz original horiek oso interesgarriak dira alde askotatik. Batetik, unibertso femenino itxi bat erakusten dute, non badirudien protagonistek babeslekua bilatzen dutela barrualde gorde horietan. Bestetik, neskatila horien keinuetako batzuk, adibidez ilea laztantzeko era, emakume ijitoen identitatearen ikurtzat jo daitezke. BestBestela esanda: xaloak diruditen koadro horietan antzeman daitezke frankismoaren aurkako adierazmoldeak eta erresistentzia artistikoaren zantzuak.

Abstrakziorako deia

1948an Parisera joan eta gero, María Paz Jiménezek bere lehen pintura abstraktuak egin zituen, eta 1949an Bilboko Stvdio aretoan haiek erakusgai jartzen ausartu zen.

Keinu ausart eta abangoardista bat izan zen: esku bakarreko atzamarrez zenbatu zitezkeen urte horietan lan abstraktuak erakutsiak zituzten artistak, erregimenak zeharo mespretxatzen baitzuen abstrakzioa. Saio horretan nahiko babesik aurkitu ez zuelako agian, Jiménezek bere estudioan esperimentatzen jarraitu bazuen ere, 1956ra arte ez zuen lan abstrakturik berriz erakutsi. Orduan, informalismoaren bidetik joan zen, Saura eta Millaresen lana gogorarazten duten obrekin. Materialtasun handiko pinturak ziren, eta testurek protagonismo handia zuten.

Garai hartan izan zuen arrakastarik handiena: Moreno Galván kritikariak bere ‘Introducción a la pintura moderna actual’ lanean sartu zuen 1960an eta Jiménezek erakusketak egin zituen Madrilen, oso kritika onekin. Euskal Herriko artearen berrikuntzan ere asko inplikatu zen, eta bere lanak erakusgai jarri zituen gerora Gaur taldeko kide izango zirenek antolatutako ekimenetan.

Alabaina, hirurogeiko hamarkadaren hasieran krisi pertsonal handi bat izan ondoren, Jiménezek zeharo aldatu zuen estiloa. Pintura lisoak sortzen hasi zen, tonu bakar baten bariazioekin, eta korapilo eta arrakalek apurtutako planoekin jolastuz. Joera formalista batetik joera adierazkorrago batera egin zuen, beraz. Estilo berri horretan artistak hobeto ikusten zituen islatuta bere kezka existentzialistak, eta aldi berean lotura egiten zuen bere lehen gogo surrealistarekin.

Jiménez filosofiaren, poesiaren eta askotariko gai zientifikoen -adibidez geologia edo astronomiaren- zale amorratua izan zen, eta haren azken lanetan begi bistakoak dira munduaren, espazioaren eta bizitzaren misterioei buruzko erreferentziak.

Zergatik ez dugu María Paz Jiménez ezagutzen?

Jiménez 1975ean hil zen, artearen historia forma jakin bat hartzen hasten ari zenean Euskal Herrian eta Espainiako estatuan. Pintorea bertan ez egotea bere ondarea defendatzeko arrazoi bat izan liteke kontakizun horietan ez agertzeko, baina horri gehitu behar zaio bere azken lanek kutsu pertsonalago bat hartu izana, bat ez zetorrena kanonaren joera nagusiekin, hala nola pintura informalistarekin edo Oteiza eta Chillidaren eskulturaren abstrakzioarekin.

Bai El Pasoko eta bai Gaurko kideek haren lana estimatu eta aitortu bazuten ere, inoiz ez zen talde horietako kidea izan, eta horrek ere haren kontra jokatu zuen. Haren lehen lan figuratiboei ere ez zaie eman merezi duten arreta, infantilegitzat eta femeninoegitzat jo izan delako, oso modu sinplistan.

Jiménezen figura bereziki interesgarria da geure buruari artearen historiaz galde diezaiogun: nork eratzen duen, eta nor geratzen den kanpoan. Jiménez artista berritzailea izan zen, obra saldu zuen, erreferentziako galerietan erakutsi zuen bere lana, lankidetza estuan jardun zuen abangoardiako taldeekin, eta, hala ere, ez da gure memoria kolektiboaren parte. Beharbada, memoria horrek bazter utzi dituelako hizkuntza ez-kanonikoak, hizkuntza espezifikoak: femeninoegitzat, exotikoegitzat edo pertsonalegitzat jo izan direnak.

Edozelan ere, Jiménezek aukera ematen digu geure buruari itauntzeko ea kanon horiek benetan islatzen duten artearen historiaren aberastasuna.