euskaraespañol

Olatz Arbelaitz Gallego eta Usue Mori Carrascal

Zergatik da beharrezkoa neska eta emakumeak zientzia eta teknologia eremuan aritzea?

Informatika Fakulateko irakasle eta ikertzaileak

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/06

Usue Mori eta Olatz Arbelaitz | Argazkia: Jorge Navarro. UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa

2025. urtean gaude eta berdintasuna ahotan darabilgu egunerokoan, baina, hala ere, gure inguruari erreparatzen badiogu, argi dago ikasketak eta lanbideak hautatzeko garaian joera nabarmenak daudela oraindik. Ikasketei dagokionez, UPV/EHUn 2023an egindako genero diagnostikoan ageri denaren arabera graduetan %55 dira emakumeak, masterretan %47 ingurura jaisten da portzentaia eta doktoregoan %51tik gora geratzen da. Baina zenbaki hauek erabat aldatzen dira jakintza arloaren arabera. Alorrik feminizatuena osasun zientziak dira (%71,6), jarraian giza zientziak eta artea (%61,5), gizarte zientziak eta zuzenbidea (%56,4) eta zientziak (%51,4).

Ingeniaritza eta arkitektura alorrean aldiz, emakumeen portzentaia ez da %30era iristen gradu ikasketetan eta %30era inguru da graduondokoetan. Gure etxeari, Informatika Fakultateari, erreparatzen badiogu desoreka nabarmena da. 2002. urtetik hona nekez gainditu du emakumezkoen kopuruak %20 Informatika Ingeniaritza graduan, eta azken urteetan eskaintzen dugun Adimen Artifizialeko graduan %30en bueltan dira emakumeak. Ikertzaileen artean ere %25en bueltan dago protzentaia hori.

Lan mundura jauzten garenean, UPV/EHUko genero diagnostikoak dio zientzia eta teknologia eremuetan ere emakumeen soldataren batazbestekoa gizonen soldataren batazbestekoaren azpitik dagoela. Bestalde, Espainiako gobernuak eskatuta 2024an Emakumeak, Zientzia eta Berrikuntzan behatokiak (OMCI) egindako “Women and Innovation” txostenean ondorioztatzen da aurrerapenak egon diren arren, emakumeek oraindik ez dutela parte hartzen baldintza berdinetan I+G+b sektorean. Emakumeak gutxiengo dira sektore estrategikoetan eta teknologia berrietan, hala nola IKTetan, non enpresen %61,3k ez duen emakumezko espezialistarik plantillan. Emakumeon ekintzailetza-tasa igo bada ere, oraindik zailtasunak ditugu berrikuntzaren sektorean sartzeko, erreferente gutxi daude eta emakumeen %65ak uste du guraso izateak emakumeen karrera profesionala oztopatzen duela gizonena baino gehiago.                            

Datu hauek guztiak ikusita, argi esan dezakegu genero arrakala nabarmena dagoela oraindik zenbait zientzia eta teknologia arlotan. Baina, zer eragin dauka honek? Zer onura dauzka jendartearentzat emakumeak zientzia eta teknologia arlo guztietan egoteak? Eta guretzat, emakume zientzialariontzat?

Onurak jendartearentzat

Emakumeak ez gara zientziara iritsi berriak. Historian zehar zein gaur egun emakume zientzialari ugarik egin dituzte gure bizitza aldatu duten aurkikuntza handiak. Hala nola, Rosalind Franklinek X izpien difrakzio bidez DNAren lehen irudiak lortu zituen, eta horrek genetika, medikuntza eta bioteknologiaren garapena izugarri erraztu zuen; Katherine Johnsonek NASAko espazio-misioetarako ibilbide kalkulu zehatzak egin zituen, eta horri esker, Apollo 11ren ilargiratzea eta espazio-bidaien segurtasuna bermatu ziren, espazioaren esplorazioan aurreratuz; azken adibide gisa, gure arloan, adimen artifizialean, Fei-Fei Li ikerlariak ImageNet irudien datu-base erraldoia sortu zuen, gaur egun hain famatua den ikasketa sakonaren arloari izugarrizko bultzada emanez.

Emakumeok gutxi gorabehera munduko populazioaren erdia osatzen dugun honetan, zientzia eta teknologia arloetatik kanpo geratzen bagara, talentuaren zati handi bat kanpoan geratuko da eta berrikuntza eta aurrerapen zientifikoen kalterako izango da hau dudarik gabe.

Gainera, jakina da lantalde dibertsoek emaitza hobeak lortzen dituztela; pertsona ezberdinekin lan egiteak gure pentsamoldeetatik atera arazten gaitu eta ondorioz, sormen eta errendimendu hobea lortzen dugu. Zientzia eta teknologia alorrean ere joera bera antzematen da: talde zientifikoetako aniztasuna sormenaren eta berrikuntzaren katalizatzailea izan ohi da, eta ikerketa ugarik dokumentatu dute genero-aniztasuna garrantzitsua dela talde zientifikoen garapenerako, prozesurako eta emaitzetarako.

Ildo berean, emakumeek zientzia eta teknologia sektorean presentzia izateak aurkikuntza eta ikerketetan egon daitezkeen genero-alborapenak gutxitzen lagundu dezake. Adibidez, osasun arloko ikerketetan, ohikoa izan da gizonezkoen gorputza eredutzat hartzea, eta horrek emakumeen osasun-arazoak gutxiago ikertzea ekarri du, besteak beste. Adimen Artifizialeko (AA) sistema berrietan ere genero-alborapenak daudela atzeman da,  hauek gizartean dauden joerak errepikatu eta magnifikatzen dituztelako. Emakume zientzialarien presentziak joera hauetaz jabetzea dakar askotan, eta ondorioz, aurkikuntza parekide eta denontzat baliagarriagoak ekar ditzake. Adibidez, Marianne J. Legatok frogatu zuen medikuntza ezberdina dela emakume eta gizonentzat, sexuen arteko desberdintasun biologikoek gaixotasunen diagnostikoan, sintometan eta tratamenduan eragina dutela erakutsiz, eta Timnit Gebruk adimen artifizialaren etika eta inklusioa ikertu ditu, AA sistemetan arrazakeria eta genero-alborapenak agerian utziz.

Emakumeok zientzia lanbide gisa aukeratzeak badakarzki justizia sozialaren ikuspuntutik ere onurak. Etorkizuneko belaunaldiei jendarte orekatu eta justuago bat utzi nahi badiegu, ezinbestekoa da zientzia eta teknologia sektorean dagoen emakume kopurua handiagotzea, lidergo postuetan batez ere. Emakume hauek neska gazteen inspirazio izango dira, eta existitzen diren rol eta estereotipoei aurre egiteko armarik hoberena.

Jendarteaz haratago, zer ekartzen dio zientziak bertan lanean ari den emakumeari?

Zientzian parte hartzeak emakumeoi garapen pertsonal eta profesionala aberasten digu. Bestalde, komunitate maskulinizatuan egoteak, saretzeko beharra dakar eta hori bera aukera bihurtu eta komunitate zabalago baten parte egiten gaitu. Etorkizunean eragina izango duen komunitatea gainera!

Zientzialariaren lanak egunerokoa hobea egin dezakeen beste abantaila asko ere baditu: lan eremu malgua izan ohi da; zientzia nazioarteko kontua denez, munduko txoko ezberdinak eta pertsona anitzak ezagutzeko aukera eskaintzen du; lana ez da errepikakorra; emakumeok badugu arazoei aurre egiteko ohitura egunerokoan eta hori bera da zientzian egiten dena; sormena dago tarteko eta horrek zirraragarria eta oso pozgarria egiten du bidea, ikasten dituzun trebetasunek eta lortzen dituzun ezagutzak norabide askotara eraman baitzaitzakete;  interesgarrien egiten zaizkigun galderak erantzuteko aukera ematen du; aurkikuntza berriak egiteak jendartearen eguneroko bizitzan aldaketak ekar ditzake eta horrek satisfazio handia ematen du …

Neskatoei zientzian aritzeak, aukera horiek guztiak irekiko dizkie. Zientzia aukeratzea posible da, eta agian… gustatzen zaie! Baina zienzia hautatzeko aukera naturaltasunez bizi dezaten, ezinbestekoa da denok elkarrekin lan egitea zientzia eta teknologian emakumeen garrantzia azpimarratu eta existitzen diren estereotipoak eta rolak poliki poliki atzean utziz.

Erein dezagun hazia orain datozen belaunaldietan zientzia eta teknologia parekide eta justuago bat loratzen ikusteko.

Bibliografia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko genero berdintasunaren diagnostikoa, 2023.

Women and Innovation, 2024. Emakumeak eta Zientzia unitatea; Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen ministeritza, Espainiako Gobernua.