-
UPV/EHUko bost graduatu, BAME probetako 100 onenen artean
-
Joxerramon Bengoetxea: «Lehenik premia larriei erantzungo diegu»
-
Mikel Bernal UPV/EHUn graduatu den psikologoa bigarren BAPE probetan
-
In memoriam: María Rosario Aurrecoechea Zubiaur
-
Kazetaritza: desberdintasunaren konplize ala aldaketarako eragile?
Eneko Tejada Garitano, Ander Arce Alonso, Javier Portillo Berasaluce eta Urtza Garay Ruiz
Zer da eta nola egin plan estrategiko bat ikastetxean?
Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasleak
Lehenengo argitaratze data: 2025/02/12
![](https://www.ehu.eus/documents/59339073/60619653/estrategia-educativa_web.jpg/e5deb0ac-3c83-734e-fe65-5187c2981a62?t=1739349496905)
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Demagun hiri ezezagun batean gaudela eta, helmuga jakin batera bidean, galdu egin garela. Intuizioak huts egin digunez, mapa bat hartzea erabaki dugu, datu zehatzei esker bidea hobeto ikusi ahal izango dugulakoan. Horrela, ulertuko dugu nondik etorri garen eta non gauden une honetan; eta hobeto ikusiko dugu helmugara iristeko zer bide geratzen zaigun. Informazio horri esker, gai izango gara bide labur eta azkarrenetik jotzeko, baita ibilbiderik onena irudikatzeko ere; alegia, eraginkortasun handiagoz erabiliko ditugu baliabideak (energia eta denbora).
Adibide horixe bera aplika daiteke lantoki dugun ikastetxean ere. Gure eskolak helmuga jakin batera iritsi nahi badu, ahalik eta modu eraginkorrenean, onena izango da intuizioa alde batera uztea eta datuetan oinarrituta jardutea. Horrela, pentsamolde estrategikoa garatuko dugu, eta eraginkorragoak izango dira gure erabakiak, baita gure lidergoa ere.
Hori da, hain zuzen ere, plan estrategiko batek ematen duen abantaila.
Oinarrizko galderak
Planari esker, aztertuko dugu nondik gatozen (geure ibilbidea) eta nora joan behar dugun (helburuak); horrela soilik erabaki ahalko dugu bidea nola egin (ibilbidea). Horri esker, ikastegia gai izango da eskura dituen baliabideak (giza baliabideak, materialak eta funtzionalak) eraginkortasun handiagoz erabiltzeko, eta helburuak betetzea lortuko du.
Plan estrategikoa ez da prozesu bat eta bakarra, izan ere, bi atal independente barnebiltzen ditu: ibilbidea irudikatzea batetik, eta bidea egitea bera bestetik.
Hori horrela, gida-artikulu honek ere bitan bereizten du plana. Alde batetik, hausnarketa, diagnostikoa eta ideiagintza daude; horiei esker diseinatu eta garatzen da plana. Bestetik, planaren gauzatzea bera dago; une horretan inplementatzen da diseinatutako ideia, plangintzaren jarraipena egiten da eta akatsak zuzendu egiten dira.
Nola diseinatu eta garatu plan estrategikoa
Plan orok dauzka motibazio eta asmo jakin batzuk; hala, ontze prozesu sendo batek itxaropen horiek aztertzen eta egituratzen laguntzen du, ideia abstraktuak egintza zehatz bihurtu ahal izateko. Bost fasetan bana dezakegu prozesua:
- Ingurunearen analisi eta diagnostikoa.
- Ikastegiaren misioa, ikuspegia, balioak eta helburuak definitzea.
- Hezkuntza komunitatearekin kontrastatzea.
- Plan estrategikoa diseinatu eta gauzatzea (aukerakoa: bigarren kontrastea eta hezkuntza komunitatearen parte-hartzea).
- Hezkuntza komunitateak plana onartzea.
Datu bilketaren eta horien gaineko hausnarketaren arteko oreka topatzea da garrantzitsuena, baina fokua egitean jarrita, betiere. Hau da, “analisiagatiko paralisi” deritzona saihestu behar da.
Ingurunearen analisi eta diagnostikoa
Herrialde, etnia edo komunitate baten kulturaz ari garenean, iraganari eta orainaldiari egiten diegu erreferentzia; haren tradizioei, balioei, hizkuntzari, artelanei, eraikinei, heroiei, … Horixe bera egiten da fase honetan; ikastegiaren "eskola kultura" aztertzen da, eta berau definitzen duten elementu guztiak aztertzen:
- Ikastegian izan diren arazoak eta horiek nola konpondu diren.
- Ikastegiko figura garrantzitsuak eta horien lorpenak.
- Belaunaldiz belaunaldi kontatzen diren istorio eta mitoak.
- Komunitateko kideek transmititu dituzten balioak.
- Historia horren arrasto fisikoak: argazkiak, birmoldaketak, dekorazioa, eskolako espazioen izenak, …
Fase honetan identifikatu beharko lirateke, halaber, ikastetxearen indarguneak, ahulguneak, aukerak eta erronkak.
Azkenik, hausnarketa eta diagnostikoari esker, ikastetxeak identifikatuta izan beharko ditu bere itxaropen eta asmoak. Erakundeak bere buruari ezartzen dizkion beharrizan eta erronkak dira, eta haiei aurre egiten joango da plana ezarriz doan neurrian.
Itxaropenak zerrendatuz gero, ohartu ahalko gara ideiak elkar lotzen dituzten gaiak sortuz doazela apurka. Zuzendaritza taldearen edo ikastetxearen lana izango da itxaropenak gai edo kategorietan sailkatzea. Horrela, argiago ikusi ahalko dugu zer alderdi bildu nahi ditugun planean. Aurrerago, gai edo kategoria horiek ezarriko dira ildo estrategikoen izenburu gisa.
Ikastegiaren misioa, ikuspegia, balioak eta helburuak definitzea
Misioaren, ikuspegiaren eta balioen bitartez definitzen dira ikastegiaren norabidea (misioa), asmoak (ikuspegia) eta etika (balioak). Plan estrategikoa ibilbidea bada, iparrorratza osatzen dute aipatu elementuok; izan ere, etengabe gogoraraziko digute nortzuk garen, norabidea galdu ez dezagun.
Horrekin batera, aurreko etapan identifikatu eta sailkatutako itxaropenak ere landu beharko lirateke fase honetan: ideiak, ametsak eta asmoak, zeinak, oro har, nahiko zehaztugabe eta eginezinak izaten diren.
Hori dela eta, asmo horiek jorratu behar dira nahitaez; forma eman behar zaie, ideiak helburu bihur daitezen. Helburu guztiek anbizioaren eta errealismoaren arteko oreka zaindu behar dute; hau da, pertsonak motibatzeko adinakoak izan behar dute, baina helmuga iritsezinik ezarri gabe.
Hezkuntza komunitatearekin kontrastatzea eta helburuak definitzea
Bidea itsasontzi berean egin nahi bada, ezinbestekoa izango da tartean nahasita dauden pertsona guztiak prozesura gonbidatzea. Lanketa osoan zehar, bereziki fase honetan, garrantzitsua da komunikazio irekia ezartzea hezkuntza komunitatearekin.
Funtsezkoa da tartean nahasita dauden pertsona guztiak egotea jakinaren gainean, eta horien itxaropen eta beharrak kontuan hartzea. Irakasleei, familiei eta ikasleei entzun beharko zaie, gutxienez. Lidergo banatu, parte-hartzaile eta demokratikoa aplikatzea esaten zaio horri gestioaren arloan.
Horrela, bultzatu nahi da kideek dokumentuak sortzen, hobekuntzak identifikatzen eta aurrez landutako dokumentuak sakontzen laguntzea; azken batean, kide guztiek egindakoari onespena eta babesa eman diezaioten. Gardentasunari esker, itsasontzi berean nabigatzen dutela sentituko dute guztiek, eta elkarrekin arraun egin ahalko dute markatutako helburuak lortzera bidean.
Fase hau bukatutakoan, hortaz, erakundeak argi izan beharko du nor den, non dagoen eta nora joan nahi duen.
Plan estrategikoa diseinatu eta gauzatzea
‘Zer’ galderari erantzuna eman ondoren, erabakitakoa ‘nola’ egin pentsatu beharko da. Eisenhower Estatu Batuetako presidente ohiak esaten zuenez, “plan ba ez da ezer; plangintza da funtsezkoena”. Horrekin esan nahi zuen ziur asko gauzak (plana) ez direla espero dugun bezala aterako, inork ezin duelako etorkizuna aurreikusi. Baina, plangintza ona ezarriz gero, erraza da egin beharrekora egokitzea, norabidea ez galtzea, eta hasieran irudikatutakoaren antzekoa den zerbait lortzea.
Fase honetan, xehetasun handiko dokumentu bilakatzen da plan estrategikoa, eta zenbait kontu definitzen ditu, baita jarduteko modua ezarri ere: helburuak, arduradunak, kronologia eta baliabideak.
Ibilbide hori hainbat ekintza arlo edo ildo estrategikotan bereiz daiteke; eta, aldi berean, ildo bakoitzak zenbait eremu barne hartzen ditu. Ondorioz, proiektutan zatitu behar izaten da. Azkenik, proiektuak gauzatu ahal izateko, behar-beharrezkoa da ekintzak sekuentziatzea eta lorpenen adierazleak ezartzea.
Ibilbidea atzekoz aurrera eginez gero, ekintzak egoki gauzatu direla erakutsi beharko lukete lorpenen adierazleek; izan ere, horiexek dira proiektuen garapen egokia bermatzeko gakoak, ildo bakoitzari dagokion helburua behar bezala betetzen dela adierazten dutenak. Ildo guztietan hala jokatuz gero, plana arrakastatsua izan beharko litzateke.
Fase honen bukaeran, prest egon beharko da planaren lehen dokumentua, aurkezpenerako zirriborro gisa balioko duena.
Hezkuntza komunitateak plana onartzea
Lehen zatiaren amaieran, plana ofizialki sortutzat jotzeko, ezinbestekoa da egindako ahalegin eta ideia guztiak baliozkotzea. Fase hau, bada, hirugarren fasearen antzekoa da; izan ere, hezkuntza komunitatearen onarpena, babesa, inplikazioa, konpromisoa, etab. lortzea da helburu nagusia. Hori horrela, irudikatu den etorkizunera begira marraztu den ibilbidea elkarrekin egiteko gonbita luzatuko zaie.