Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eta Zabalketak Ura eta Saneamendua izateko Giza Eskubiderako Ingeniaritza Gela jarri dute abian
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/21

Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako zuzendariak, Xabier Ostolazak, eta Zabalketako proiektuen zuzendariak, Jaime Bernarrek, gaur goizean sinatu dute UPV/EHU – Zabalketa Ura eta Saneamendua izateko Giza Eskubiderako Ingeniaritza Gela martxan jartzeko lankidetza hitzarmena. Gela horren helburua bi erakundeek irakaskuntzarekin, ikerketarekin, sentsibilizazioarekin eta komunikazioarekin lotutako jardueretan parte hartzea da, Gizarte Eraldaketarako hezkuntza sustatuz, giza eskubideekin eta pertsona guztien duintasunarekin kritikoak diren eta konprometitua dauden ikasleen prestakuntza integrala bultzatuz. Zehatzago esanda, gela horrek ura eta saneamendua izateko giza eskubidearen arloan jartzen du arreta, eta prozesu eraldatzaileak sortzen ditu ingeniaritzaren jarduerarekin oso lotuta dagoen esparruan.
Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola erreferentea da irakaskuntzan eta ikerkuntzan eta, Xabier Ostolaza ikastegiko zuzendariak adierazi duenez, "ezinbestekoa da unibertsitatearen eta gizartearen artean loturak ezartzea, ezagutzen transferentzia erraztea eta lurraldearen errealitate eraldatzaile bihur daitezkeen proiektuak bultzatzea". Era berean, nabarmendu duenez, "gela hau gure ikastetxean martxan jartzeak balio erantsia emango dio gure Eskolan ikasleek jasotzen duten prestakuntzari. Gure ingeniaritza graduek eskaintzen dituzten konpetentziak ezin hobeto egokitzen dira GJHekin eta 2030 agendarekin, eta garapen jasangarrirako soluzioak ezartzea ahalbidetzen dute". Maddi Garmendia Eskolako irakasle eta ikertzaileak eta Gelaren zuzendariak azpimarratu duenez, "gure helburua da ingeniaritza proiektuek pobrezia eta desberdintasunak murrizteko eta ingurumena zaintzeko egin dezaketen ekarpenaz jabetzen diren profesionalak prestatzea. Etorkizunean, gaur gure ikasleak direnek lurraldean eta gizartean eragina izango duten erabakiak hartuko dituzte, eta ezinbestekoa da jasangarritasun kontzeptuak beren prestakuntzan txertatzea jardunbide horiek beren lanbide arloko etorkizunean aplikatu ahal izateko".
Era berean, Zabalketako proiektuen zuzendari Jaime Bernarrek nabarmendu duenez, “Gelarekin lankidetzan aritzeko eta nazioarteko lankidetzaren esperientzia agertoki horretara ekartzeko aukerak ikasleei eta, oro har, gizarteari munduaren errealitatearen eta aniztasunaren azterketara ikuspegi berriekin hurbiltzea erraztuko die. Beste era batera esanda, helburua da gehienetan gure interes bihurtzen diren edo gure eguneroko bizitzarako arazo ez diren gai horietatik begirada zertxobait altxatu eta ikuspegi berri bat, globalagoa eta errealagoa ematea. Ikuspegi horrek xehetasunak gehitzen ditu eta mundu mailan gizakiak ura izateko eskubidearen garrantziari balioa ematen dio”.
Lankidetza sendotuz
Azken urteotan, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolaren eta Zabalketaren arteko lankidetza sendotuz joan da, Gipuzkoako Foru Aldundiak kofinantzatutako hezkuntza proiektuen bidez, ikastegiko titulazioen curriculumean garapenerako lankidetza txertatuz eta praktikak eta gradu-amaierako lanak egiteko hitzarmenak adostuz. Horiek guztiak oinarritzat hartuta, egokitzat jo da lankidetza modalitate berri hori sustatzea, gizartearen eta unibertsitatearen arteko harreman estuagoa eskatzen duen Gizarte Eraldaketarako hezkuntzaren prestakuntzako alderdian eragina izango baitu.
2019/2020 ikasturteaz geroztik, Zabalketak modu aktiboan laguntzen dio Eskola honi Ingeniaritza Zibileko Graduan emandako prestakuntzan. Bertan, uretara sarbidea izatearekin lotutako benetako kasu bat aurkezten du, eta ikasleek lauhileko osoan lantzen dute. Lauhilekoan zehar, ikasleek ur hornidurarekin lotutako proiektu teknikoa garatzen dute. Proiektu horretan, Zabalketak garapenerako lankidetzari, ingurumen inpaktuei, giza eskubideei eta 2030 agendari buruzko mintegiak ematen laguntzen du eta, horrez gain, aztertutako kasua aurkeztu eta ikasleek egindako lan batzuk gainbegiratu eta berrikusten ditu. Zabalketarekin egindako lankidetzaren ondorioz, nazioarteko kongresu zientifikoetan ekarpenak argitaratu dira. Horietako bat izan da, adibidez, ‘Inserción curricular de enfoques y herramientas de la cooperación al desarrollo en la asignatura Abastecimiento y Saneamiento de Aguas del Grado en Ingeniería Civil’ argitalpena.
Esteka honetan deskarga daiteke testu osoa: http://dx.doi.org/10.4995/INRED2021.2021.13463
Gainera, urte hauetan dibulgazio eta sentsibilizazio erakusketak egin dira uraren nazioarteko egunean, eta ikasleek egindako lana erakusteko baliatu dira. Bestalde, Eskolako irakasleek egonaldi laburrak egin dituzte Zabalketaren laguntza jasotzen duten tokiko GKE batzuk bisitatzeko eta Eskolaren eta GKE horien arteko lotura ezartzeko. Bidaia horietatik abiatuta, Hego Globaleko herrialdeetan garatu beharreko praktikak eta gradu-amaierako lanak proposatu dira, ura eta saneamendua izateko giza eskubidea erabat baliatzen ez duten biztanleekin, Ingeniaritza Zibileko, Ingeniaritza Mekanikoko eta Arkitektura Teknikoko graduetako Eskolako ikasleei zuzenduta.