euskaraespañol

Gaurko irudia

UPV/EHUren ikerketa batek agerian utzi du emakumeen eskubideak defendatuko dituen kazetaritza baten beharra

Maria Gorosarri UPV/EHUko ikertzaileak ondorioztatu du genero zuzendariaren figura ez dela nahikoa kazetaritza feminista bermatzeko

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/05

Maria Gorosarri UPV/EHUko irakaslea Bizkaiko Campusean. | Argazkia: Fernando Casabella. UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa.

Maria Gorosarri UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikertzaileak aztertu ditu Espainiako Estatuko idatzizko eta ikus-entzunezko hedabide garrantzitsuenetan azken bost urteetan eginiko argitalpenak, matxismoa iraunarazten duten kazetaritza praktikak identifikatzeko eta kazetaritza feministaren definizioa formulatzeko.

Analisian, agerian gelditu da kazetaritza profesional objektiboak kazetaritza jardunbide desegokiak erreproduzitzen dituela; hala nola gizonen neurriz gaineko presentzia, protagonista eta iturri nagusi gisa (% 74, Estatuko hedabideetan, 2020ko GMMPren arabera), eta genero indarkeriari buruzko dokumentu deontologikoen aplikaziorik eza.

Gorosarrik, kazetaritza feminista definitzean, aintzat hartzen du Kate Manne filosofoak aipaturiko bederatzi pribilegio maskulinoetako bakoitza gainditzearen betebeharra. Kazetaritzaren lanbidean berdintasuna lortzeari ezartzen zaizkion erresistentzien artean, nabarmentzekoa da emakumeen aurkako indarkeriaren tratamendua.

«Kode deontologikoen jarraipen eskasa egiten da genero indarkeriaren berri ematean»

Adibidez, “Bi urte, adingabe inkontziente batekin sexu harremanak izateagatik” bezalako titularretan, sexu indarkeria erotizatzen da, ez direlako bereizten sexua eta erasoa. Gainera, egiaztatu denez, “ustezko” terminoa hiru aldiz gehiago erabiltzen da bikotekidea salatzen duena emakumea denean. Era berean, genero indarkeriari buruzko informazioetan, bizilagunek emandako informazioen bidez lantzen dira albisteak, beste delitu batzuetan ez bezala. Horri gehitu behar zaio emakumeen gorputzaren sexualizazioa irudi gehienetan, Gorosarrik lotzen duena “gorputz kontrolaren” pribilegioarekin, batez ere emakume kirolarien kasuan. 

Ikerketaren beste ondorio bat da albisteetan gizonak protagonista nagusi eta informazio iturri izateak erreproduzitzen dituela “ezagutzaren” pribilegioa (gizonek esplikatzen dute mundua) eta “boterearena” (berezkoa da gizonek boterea izatea).

Kazetaritza hobea egitea

Gorosarrik nabarmendu du beharrezkoa dela kazetaritza hobe bat egitea, zorrotzagoa, emakumeei buruzko albisteen kutsu sexista gainditzeko, aintzat hartuko duena “kritikaren erantzukizuna”; hots, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna eragozten duten oztopoak aipatzeaz gain, gizarte igualitario baten ikuspegia azaltzeko betebehar eraikitzailea betetzea (emakumeen lege eskubideak benetan bermatuko dituen gizartea).

Hedabide batzuek, hala nola El País, Eldiario.es, El Correo edo RTVEk, genero zuzendariaren figura sortu dute, eginkizunen artean izango dituena hizkuntza sexista saihestea eta protagonisten eta iturrien parekotasuna sustatzea. Gorosarriren iritziz, hori ez da nahikoa izan kazetaritzan ikuspegi feminista txertatzeko, pertsona bakar baten esku uzten delako erredakzio osoaren erantzukizuna. Gainera, irizpide pertsonala lehenesten da, hedabidearen beraren kazetaritza lana berrikusi ordez. Izan ere, batzuetan, hedabideetako genero arduradunek ere idatzitako sexu erasoengatiko salaketen albisteek oinarrizko arauak urratzen dituzte: adibidez, salatzailearen nortasuna edo xehetasun morbosoak ez ematea, hain zuzen ere lehentasuna eman nahi zaiolako irakurle-entzuleen enpatia lortzeari.

UPV/EHUko ikertzailearen ustez, “kazetaritza feminista ez da kontuan hartu beharreko jardunbide egokien zerrenda itxi bat, erredakzioarentzako eta hedabideentzako iparrorratz bat baizik”. Gorosarrik aldarrikatzen du genero, klase eta arraza edo etnia pribilegioak gaindituko dituen kazetaritza, eta ondorio honetara heltzen da: “Kazetari feministek, andrazko nahiz gizon, kazetaritza feminista egin behar dute; hau da, kalitatezko kazetaritza, uko egingo diona emakumeak eskema sexisten arabera tratatzeari, bere gain hartuko dituena mugimendu feministaren helburuak eta estrategiak, eta bultzada emango diona gizartearen ikuspegi alternatibo bati”.

Egileari buruz

Maria Gorosarri UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritza Saileko irakasle agregatu iraunkor eta ikertzailea da. Zuzenbidean (2002) eta Kazetaritzan (2004) lizentziaduna, hainbat urtez lan egin du kazetari gisa, komunikazio zuzendari izan da eta gaur egun kolaboratzaile gisa dihardu hainbat hedabidetan. Ikerketa ildo nagusi ditu albisteen kalitatea, kazetaritza feminista eta fotokazetaritza.

 

Erreferentzia bibliografikoa