Berrikuntzen artean, prestakuntza ibilbideak, 5 urtean LHko goi mailako gradua eta hari lotutako unibertsitate gradu bat egiteko aukera ematen dutenak Unibertsitateak 2025-2026 ikasturtean izango duen eskaintzari buruzko informazio osoa Unibertsitate Orientazioko Azoketan, EHUazokan, eskuratu ahal izango da: Donostian, urtarrilaren 25ean; Gasteizen, otsailaren 1ean; Bilbon, otsailaren 8an
UPV/EHUren graduen eskaintza zabala aberastu egin da gizarteko erronkekin bat datozen irakaskuntza metodologiekin
Lehenengo argitaratze data: 2025/01/20
Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintza finkatua, zabala eta askotarikoa aurkezten du 2025-2026 ikasturterako: ikasleak 107 aukera ditu UPV/EHUn graduko ikasketak egiteko, jakintza arlo guztietakoak.
"Nabarmendu behar da lehen mailako prestakuntzaren aldeko apustua egin dugula, oinarri hartuta nazioarteko begirada, baina, era berean, gure lurraldeak ingurumen, gizarte eta ekonomiaren arloan dituen erronka handiei aurre egiteko gai izango diren profesionalak prestatzeko asmo argiarekin, eta horren emaitza dugu euskal gizartean harrera oso ona izan duen eskaintza zabala", adierazi du Laura Vozmediano Graduko eta Hezkuntza Berrikuntzako errektoreordeak.
Ildo horretatik, UPV/EHUk finkatuta dauka gradu bikoitzen eskaintza, eta guztira, 15 titulazio bikoitz ditu. Horietako bat, Business + Economics gradu bikoitza da (Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, Sarrikoko egoitza): ingelesez irakasten da oso-osorik, eta gauza bera Biomedical Engenieering (Bilboko Ingeniaritza Eskola) gradu bikoitzean. Halaber, hainbat gradu hirueledun ditugu: Lehen Hezkuntza (Bilboko Hezkuntza Fakultatea eta Hezkuntza eta Kirol Fakultatea), Haur Hezkuntza (Bilboko Hezkuntza Fakultatea) eta Logopedia (Psikologia Fakultatea).
Euskal Herriko Unibertsitateak aukera ematen die ikasleei atzerrian ikasteko eta esperientzia aberasteko, Erasmus+, Latinoamerika eta beste norako batzuk programen bidez, iraupen laburreko ikastaro trinkoen bidez (BIP) edo ikasketa eta praktiketarako mugikortasun luzeen bidez. Atzerriko herrialdeen eta hirien aukera zabalduz doa eta, orain, Hegoafrika, Kenya eta Indonesia ere aukeran daude, eta Toronto, Boston eta Rio de Janeiro.
Bestalde, ingurune profesionaletako prestakuntza modalitateei ikasle askok aukera dute gure gizartearen erronkei zuzenean helduz ikasteko, hainbat erakunde eta enpresatan. Alde batetik, curriculumeko edo curriculumetik kanpoko praktikek (13.000 baino gehiago urtero) aukera ematen dute prestakuntzaren zati bat lan inguruan egiteko. Praktikek garrantzi berezia dute osasunaren eremuko graduetan, ikasleek denboraldi luzeak egin behar baitituzte osasun arloko guneetan. Bestetik, gero eta ezagunagoa den prestakuntza dualak aukera ematen du unibertsitatean ikasteko eta aldi berean enpresa batean ordaindutako jarduera profesionala egiteko. Prestakuntza dualeko eskaintza zabalduz doa eta dagoeneko 16 daude aukeran, eta horietako bi nazioartekoak dira (Gasteizko Ingeniaritza Eskola). Irakaskuntza-ikaskuntza estrategia honen kalitatea UPV/EHUk prestakuntza dualerako duen ereduak bermatzen du, hau da, EHUdualak. Azkenik, ikasleak erakunde edo enpresaren batean egin dezake Gradu Amaierako Lana. Lankidetza horien kopuruak gora egiten du ikasturtez ikasturte, Hezkuntza Berrikuntzako Proiektuei eta Unibertsitatea-Enpresa-Gizartea gelei esker. Horrelakoetan, GRALak abiapuntu dauka kanpoko erakunde batek proposatutako erronka, eta ikasleek esperientzia oso positibotzat hartzen dute; horrez gain, gizartearentzat balio handidunak izan daitezke, "Gure GRALek mundua eraldatzeko balio dute" izenburupean antolatutako Ikasleen Biltzarrak urtero erakusten duen bezala.
Graduko prestakuntzan gero eta presentzia handiagoa dute irakaskuntza-ikaskuntza metodologia berritzaileenek, betiere gure gizartearen benetako erronkekin lotuta. Adibidez, Formula Student Bizkaia hezkuntza berrikuntzako proiektuak emaitza bikainak lortu ditu, eta horren ondorioz hautazko irakasgaien ibilbide berri sortu da. Hartara, maila desberdinetako ikasleek monoplaza elektriko bat diseinatu eta eraikitzen dute, proiektu hori ikasteko bide dutelarik. Beste berrikuntza bat zerbitzuen bidezko ikasketa (I-Z) da: komunitatean egindako jardueren bidez ikasteko aukera. Bestalde, Odontologia Klinikak Lanbide Heziketarekin batera egindako proiektua daukagu eta horren bidez, Odontologiako Graduko eta Ahoaren eta Hortzen Higieneko Goi Mailako Prestakuntza Zikloko ikasleek prestakuntza hartzen dute klinikako pazienteak artatzen dituzten bitartean, klinika bereziki kolektibo kalteberen arretara bideratuta egonik.
Hain zuzen ere, datorren ikasturterako beste berrikuntza bat dago UPV/EHUren eta Lanbide Heziketaren arteko lankidetzatik sortua: 2+3 LH + EHU prestakuntza ibilbideak. Ibilbide horien bidez, 5 urtean Lanbide Heziketako goi mailako gradua eta hari lotutako unibertsitate gradu bat egin dezake ikasleak. Elgoibarko Ingeniaritza Dualeko Eskolan bazegoen lehendik eskaintza hori, eta goi mailako 3 prestakuntza ziklo Berrikuntzako Ingeniaritza Graduarekin konbinatu daitezke. 2025-2026 ikasturtean Informatika Fakultatearen proiektu pilotu bat gehituko zaio, eta, lehen aldiz, Web Aplikazioen Garapeneko zikloa, Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapeneko zikloa eta Sareko Sistema Informatikoen Administrazioko zikloa Informatikako Graduarekin lotu ahal izango dira, eta horrela, bada, LH+EHU hiru ibilbide berri eskainiko dira. "Apustu berritzaile horrek profil profesional berriak sortuko ditu, oso sendoak maila desberdinetan, eta enplegagarritasun potentzial oso handiarekin", azaldu du errektoreordeak.
EHUazoka: Unibertsitate Orientazioko Azokak
Euskal Herriko Unibertsitateak 2025-2026 ikasturterako graduko ikasketetan izango duen eskaintza hori hobeto ezagutzeko eta banan banako informazioa eskuratzeko, EHUazoka, Unibertsitate Orientazio Azoka, antolatu da eta horrez gain, azokan bertan, UPV/EHUn onartua izateko eta sartzeko prozedurari buruzko informazioa eskuratu ahal izango da.
Aurton, azokak egun hauetan egingo dira: urtarrilaren 25ean, Gipuzkoako Campusean; otsailaren 1ean, Arabako Campusean; eta otsailaren 8an, Bizkaiko Campusean. EHUazokaren hiru egun horietan, fakultate eta eskola guztietako irakasleak egongo dira standetan eta arreta pertsonalizatua eskainiko diete unibertsitatera etortzeko asmoa daukaten ikasleei; horrez gain, informazio saioak egingo dira. Beraz, EHUazoka aukera paregabea da gure unibertsitatea eta bere graduko ikasketen eskaintza hobeto ezagutzeko eta unibertsitateko ikasketen inguruko zalantza guztiak argitzeko.
Standetan informazioa eskatzeko ez da beharrezkoa hitzordurik, baina informazio saioetara joateko aldez aurretik izena eman behar da. Epea azoka egunaren aurreko astelehenean irekiko da (goizeko 9:00etan) eta aste osoan eman ahal izango da izena, hau da: Gipuzkoan, urtarrilaren 20tik 24ra; Araban, urtarrilaren 27tik 31ra; eta Bizkaian, otsailaren 3tik 7ra. Hala ere, epea aste osokoa izan arren, itxi egingo da informazio saio bakoitzeko plazak agortzen direnean.
Izena emateko joan orri honetara: (lotura urtarrilaren 20an, astelehena, aktibatuko da Donostiako EHUazokarako.