Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuko Immunogenetikako Ikerketa Laborategiak (IRLab) zuzendutako nazioarteko talde batek loturak identifikatu ditu plazentan gertatzen diren aldaketen eta eskizofrenia, nahasmendu bipolarra eta depresio nagusia izateko arriskuaren artean. Nature Communications aldizkarian argitaratutako ikerketa honek UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle eta Biobizkaiako ikertzaile den Nora Fernandez-Jimenez doktorea du koordinatzaile, eta Ariadna Cilleros-Portet doktorea lehen egile.
-
Talentu gaztea bilatzen duten enpresekin aurrez aurreko hartu-emana izan dute 1.000 ikaslek
-
Jule Goikoetxea: «Subjektu berriak nahi baditugu, haien arteko botere erlazioetan eragin behar da»
-
Plentziako Itsas Estazioaren (PIE-UPV/EHU) zuzendaritza berria
-
Maggie Bullen: «Berdintasunerako Zuzendaritzaren izaera feminista sendotu nahi dut»
-
Eneritz Gómez: «Feminismoaren aurkako mugimendua egindako urratsen beldurretik sortu da»
Eskizofrenia izateko arrisku genetikoaren zati bat plazentan hazten da
UPV/EHU eta Biobizkaiak gidatutako nazioarteko talde batek plazentaren DNA metilazioaren eta hainbat nahasmendu neuropsikiatrikoren arteko harremana azaleratu du
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/14

Ikerketan Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako 18 erakundetako 28 ikertzailek parte hartu dute, eta plazentak garapen neuropsikiatrikoan duen funtsezko eginkizuna azpimarratzen du. Izan ere, lanak erakutsi du plazentaren aldaketa epigenetikoek, bereziki haren DNAren metilazioak, nahasmendu neuropsikiatrikoekin lotutako geneen adierazpenean eragin dezaketela. Aurkikuntza hauek adierazten dute arrisku genetikoa dagoeneko jaio aurretiko garapenean ager daitekeela.
Aldaketa epigenetikoak DNAren eta harekin lotutako proteinen aldaketa kimikoak dira, eta geneen jarduera erregulatzen dute, sekuentzia aldatu gabe. Gehien ikertutako aldaketa horietako bat DNAren metilazioa da. Prozesu horretan metilo taldeak (karbono atomo bat eta hiru hidrogeno atomo dituzten molekula txikiak) gehitzen zaizkie DNA eskualde zehatzei. DNAren metilazioa funtsezkoa da garapenerako, ingurunearekiko egokitzapenerako eta gaixotasunekiko joerarako, eta faktore genetikoek zein elikadurak, estresak edo kutsatzaileek eragin diezaiokete.
Ikerketaren emaitzek erakusten dute eskizofrenia, nahasmendu bipolarra eta depresio nagusia direla plazentaren DNA metilazioarekin lotura handiena duten nahasmendu neuropsikiatrikoak. Beste gaitz batzuek, hala nola arreta-defizit eta hiperaktibitate-nahasmenduak (ADHN) edo autismoak, lotura kausal posible batzuk erakusten dituzte, nahiz eta neurri txikiagoan. Gainerako patologiei dagokienez, ez da eragin azpimarragarririk aurkitu. “Aurkikuntza hauek indartu egiten dute eskizofreniak eta beste nahasmendu batzuek neurogarapenean jatorria duten hipotesia, eta plazentak prozesu horretan funtsezko eginkizuna duela azaleratzen dute,” adierazi du Fernandez-Jimenez doktoreak.
Medikuntza pertsonalizatuarentzako eta prebentziorako inplikazioak
Arrisku genetikoa plazentaren DNA metilazioarekin lotuta egon daitekeela aurkitzeak bide berriak irekitzen ditu nahasmendu neuropsikiatrikoen prebentzio eta tratamendurako. “Arrisku faktoreak jaio-aurretiko fase batean identifikatu ahal baditugu, sintomak agertu aurretik esku har genezake, tratamenduak egokituz edo prebentzio estrategia pertsonalizatuak diseinatuz,” azaldu du Cilleros-Portet doktoreak, UPV/EHUn doktoregoa iaz amaitu eta egun New Yorkeko Mount Sinai Ospitalean doktoratu ondoko ikertzaile denak.
Ikerketak nabarmentzen du faktore genetiko bakoitzak non eta noiz jarduten duen ulertzea ezinbestekoa dela tratamendu-erabakiak hartzeko. “Ez dira nahasmendu batekin lotutako gene guztiak zuzenean tratatu behar; batzuek garapen fase goiztiarrean jardun dute eta helduaroan, ez dugu berauek kitzikatu edo aldarazteko gaitasunik izango,” ondorioztatu du Fernandez-Jimenez doktoreak.
Ikerketa hau aurrerapauso handia da nahasmendu neuropsikiatrikoen oinarri biologikoa ulertu eta detekzio goiztiarra zein terapia eraginkorragoak garatzeko.
Informazio osagarria
Ikerketa hau IRLab-en (UPV/EHU eta Biobizkaia) burutu da. IRLab diziplina anitzeko ikerketa-taldea da, UPV/EHUko irakasle osoa eta Biobizkaiako ikertzailea den José Ramón Bilbao doktoreak koordinatua. Fernandez-Jimenez doktoreak urteak daramatza laborategi honetan lanean, bere ikerketa-ildo propioak garatzen, zehazki, zeliakiaren epigenomikan eta, berrikiago, plazentaren ikerketan. Cilleros-Portet doktoreak bere doktorego-tesia laborategi honetan egin zuen, plazentaren DNAren metilazioari eta horrek osasunean duen eraginari buruz, Fernandez-Jimenez eta Bilbao doktoreen zuzendaritzapean. Gaur egun, New Yorkeko Icahn School of Medicine at Mount Sinai ospetsuko ikertzaile postdoktorala da.
Erreferentzia bibliografikoa
- Potentially causal associations between placental DNA methylation and schizophrenia and other neuropsychiatric disorders.
- Nature Communications 2025
- DOI: 10.1038/s41467-025-57760-3