euskaraespañol

COVID-19 arriskua gutxitu eta susperraldia bizkor dezaketen barazki eta fruten fitokimikoak

UPV/EHUk parte hartu duen nazioarteko azterlan batek frogatu duenez, elikagai batzuen konposatu naturalek erantzun immunea modu onuragarrian modula dezakete

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2025/03/14

Paloma Rohlfs Bilboko Hezkuntza Falkutatean. | Argazkia: Fernando Casabella. UPV/EHU.

Orain 5 urte justu, 2020ko martxoaren 14an, Espainiak alarma egoera deklaratu zuen COVID-19a bizkor hedatzen ari zelako. Aurrekaririk gabeko neurri hark etxeko konfinamendu zorrotza ezarri zuen, mugikortasuna eta eguneroko jarduerak mugatuz. Helburu nagusia birusaren hedapena geldiaraztea eta osasun sistemaren kolapsoa saihestea izan zen. Denok dakigu gero zer etorri zen. Birusak aztarna ezabaezina utzi zuen: milioika kutsadura eta ondorioz betetako legatua.

COVID-19ari aurre egiteko gakoa gure hozkailuan egon al daiteke? Egin berria den nazioarteko azterlan batek baietz iradokitzen du eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) partaidetza handia izan du bertan. Frontiers in Nutrition aldizkarian argitaratutako ‘Possible roles of phytochemicals with bioactive properties in the prevention of and recovery from COVID-19’ lanak agerian utzi duenez, fitokimikoak, fruta eta barazkietan topa ditzakegun konposatu naturalak, gaixotasun horren aurkako aliatu boteretsuak izan daitezke.

“Imajinatu kolore askotako dieta bat: azenario laranjak, brokoli berde bizia, mahats moreak... Elikagai horiek, zaporeaz eta nutrizio balioaz gain, beste sekretu bat dute ezkutuan: fitokimikoak. Azterlanaren egileetako batek eta UPV/EHUko irakasleak, Paloma Rohlfs Domínguezek, azaldu duenez, konposatu horiek (betakarotenoa, resveratrola, polifenolak eta isotiozianatoak kasu), erantzun immunea modulatu eta COVID-19aren larritasuna murriztu lezaketen propietate bioaktiboak dituztela frogatu da".

Ikerketak 1.500 pertsona baino gehiago aztertu zituen sei herrialdetan (India, Iran, Italia, Japonia, Errusia eta Espainia) 2021etik 2023ra bitartean, eta barazki, belar, espezie eta hartzitutako elikagai askoko dietak zituzten populazioek, Indian eta Japonian kasu, sendatzeko denbora laburragoak izan zituztela aurkitu zuen.

"Gure aurkikuntzek iradokitzen dute fitokimikoek erantzun immunearen modulatzaile gisa jardun dezaketela, organismoari birusaren aurka defendatzen eta azkarrago osatzen lagunduz", dio Rohlfsek.

Ikerlariak konposatu horien garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Azenarioetan eta beste barazki laranja batzuetan topa dezakegun betakarotenoak propietate antioxidatzaileak eta antiinflamatorioak ditu. Ardo beltzean topa dezakegun resveratrolak ere eragin onuragarriak dituela ikusi da. Tearen polifenolak eta brokoliaren isotiozianatoak dira COVID-19ari aurre egiteko ahalmena duten fitokimikoen beste adibide batzuk".

Azterlan honek elikadura osasungarriaren garrantzia sendotzeaz gain, fitokimikoek gaixotasun infekziosoen prebentzioan eta tratamenduan betetzen duten zereginari buruzko ikerketa bide berriak ireki ditu.

"Funtsezkoa da ikertzen jarraitzea konposatu horien ekintza mekanismoak hobeto ulertzeko eta COVID-19aren aurkako borrokan modu eraginkorragoan nola erabil ditzakegun jakiteko", adierazi du Rohlfsek.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Sachiko Koyama, Paule V. Joseph, Vonnie D.C. Shields, Thomas Heinbockel, Poonam Adhikari, Rishemjit Kaur, Ritesh Kumar, Rafieh Alizadeh, Surabhi Bhutani, Orietta Calcinoni, Carla Mucignat-Caretta, Jingguo Chen, Keiland W. Cooper, Subha R. Das, Paloma Rohlfs Domínguez, Maria Dolors Guàrdia, Maria A. Klyuchnikova, Tatiana K. Laktionova, Eri Mori, Zeinab Namjoo, Ha Nguyen, Mehmet Hakan Özdener, Shima Parsa, Elif Özdener-Poyraz, Daniel Jan Strub, Farzad Taghizadeh-Hesary, Rumi Ueha and Vera V. Voznessenskaya
  • Possible roles of phytochemicals with bioactive properties in the prevention of and recovery from COVID-19
  • Frontiers in Nutrition
  • DOI: 10.3389/fnut.2024.1408248