euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea Zainketen Bikaintasunarekin Konprometitutako Zentro izendatu dute.

BPSO programak fakultatea bereizten du ebidentzian oinarritutako jardunbide egokiak ezartzeko konpromisoagatik

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/10

Kanadako Registered Nurses Association of Ontariok (RNAO) nazioartean bultzatutako BPSO programaren helburua da ebidentzian oinarritutako osasun-zaintzako jardunbide egokien gidak ezartzea. Espainian, programa hori Zainketa eta Osasun Zerbitzuen Ikerketa Unitateak (Investén-ISCIII) eta Ebidentzian Oinarritutako Osasun Zainketetarako Espainiako Zentroak (CECBE) koordinatzen dute. Zainketen Bikaintasunarekin Konprometitutako Zentro izendatzeak UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak asistentzia-kalitatearen eta prestakuntza akademikoaren etengabeko hobekuntzan egindako ahalegina eta dedikazioa islatzen du, ebidentzian oinarritutako praktiken inplementazioan erreferente gisa duen posizioa sendotuz.

Izendapen-ekitaldia urtarrilaren 27an egin zen, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ekitaldi-aretoan. Host BPSO Euskadik emandako errekonozimendu hori Gorlizko Ospitaleari eta Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuari (ESI) ere eman zitzaien. Elena Fernández Gómez, Osakidetzako Erizaintzako zuzendariordea; Pilar Sánchez Rubio, Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIko Erizaintzako zuzendaria; eta Lucia Garate eta Marian Cidoncha, BPSO Host Euskadiko ordezkariak izan ziren ekitaldiko buru. Jardunaldian zehar, hautagai izan ziren erakundeek beren proiektuak aurkeztu zituzten, eta, ondoren, izendatutako erakundeek beren lorpenak partekatu zituzten ziurtagiria jaso aurretik.

Bilbo-Basurtu ESIaren eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen ordezkari gisa, Jon Ander Jausonek eta Iratxe Pérez Urdialesek azken hiru urteetan lortutako mugarriak eta egindako jarduerak nabarmendu zituzten. "Aldi horretan, etengabeko ikaskuntza eta aldaketa esanguratsuak ezarri ziren, planteatutako erronkak arrakastaz gaindituz". Mahaian izan ziren Jesús Larrañaga, Bilbo-Basurtu ESIko gerentea, eta Isabel Malmierca, erakunde bereko erizaintzako zuzendaria.

Almudena Ramos Uriarte idazkari akademiko eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak eskerrak eman zituen BPSO Host Euskadik prozesu osoan emandako laguntzagatik. Proiektuak bi erakundeen arteko aliantzak indartu dituela azpimarratu zuen eta fakultatearen konpromisoa berretsi zuen, proiektua irakaskuntzako antolaketa-egituran txertatuz. "Iraunkortasuna bermatzeko, jardunbide egokien gidak fakultatean emandako gradu guztietara hedatzea sustatuko da".