-
Mikel Bernal UPV/EHUn graduatu den psikologoa bigarren BAPE probetan
-
UPV/EHUko hamabi, CSICeko sailkapenean 500 emakumezko ikerlari esanguratsuenen artean
-
Hablar puede salvar vidas
-
Estíbaliz Sáez de Cámara izendatu dute REDS SDSN Spain-eko presidente
-
Bilboko Ingeniaritza Eskolak 25 metroko olatu kanala eraiki du
UPV/EHUko hamabi ikerlari daude CSICeko sailkapenean 500 emakumezko ikerlari esanguratsuenen artean
Sailkapenak Google Academikoan erregistratutako Estatu osoko emakumezko zientzialarien 11.016 profil biltzen ditu eta haietako 233 dira Euskal Herriko Unibertsitatekoak
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/02/20

Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC) Emakume Ikerlarien Sailkapena eguneratu du eta Euskal Herriko Unibertsitatekoak (UPV/EHU) azpimarratzeko moduko tokian daude. Edizio horretako 11.016 emakumezko ikerlaritatik (zerrenda otsailaren 8an prestatu zen), 233 dira UPV/EHUkoak. Zerrendako lehen 500 postuetan daude honako zientzialari hauek: Ana González Pinto (Psikiatria) 99. postuan; Maite Garaigordobil (Psikologia) 101. postua; Jasone Cenoz (Hezkuntza) 106. postuan; Carmen Pérez Rodrigo (Nutrizioa) 139. postuan; Ana G. Gayubo (Ingeniaritza Kimikoa) 186. postuan; Rosa M. Hernández (Farmazia) 206. postuan; Alicia Alonso (Biokimika) 211. postuan; Arantxa Eceiza (Ingeniaritza Kimikoa) 262. postuan; Maider Amutio (IIngeniaritza Kimikoa) 306. postuan; Koro de la Caba (Ingeniaritza Kimikoa) 383. postuan; Alicia Rodríguez Gascón (Farmazia) 416. postuan; eta Valentina Zhukova (Polimeroak) 474. postuan. Era berean, Gizarte eta Lege Zientzien arloaren emakumezko ikerlarien rankingeko presentziak agerian uzten du UPV/EHUk arlo horietan Estatu osoan duen bikaintasun akademikoa, eta ikerketaren garrantzia indartzen du gizartearen eta giza komunikazioaren funtsezko alderdiak jorratzen dituzten arloetan.
Emakume ikerlarien sailkapenaren helburua da emakumeek zientzia arloan egiten duten lanaren ikusgarritasuna handitzea eta zientzia irekia sustatzea. Zerrenda Estatuan eta kanpoan lan egiten duten eta Google Scholar/Google Académico datu-basean erregistratuta dauden Espainiako emakumezko ikerlarien zientzialari profilak kontuan hartuta prestatzen da eta Estatuko eta nazioarteko 450 erakunde baino gehiagotako 11.016 ikerlari jasotzen ditu. Hala, ikerlarien kopurua erakundeen arabera kontuan hartzen bada, CSIC da ordezkaritza gehien duena, ikerlarien 1.000 profilekin. Aldiz, UPV/EHU, 233 profilekin, hamargarren postuan dago eta bederatzigarrena litzateke unibertsitateak bakarrik kontuan hartuz gero.
Sailkapenak, alde batetik, ikerlariak h indizearen arabera ordenatzen ditu. Aipatutako indizeak produktibitatea eta argitalpenetako aipuen inpaktua neurtzen ditu; eta, bestetik, jasotako aipu kopurua neurtzen du. Sailkapenean gehitu ahal izateko, aurtengo edizioan, ikerlariek ORCID (Open Researcher and Contributor ID) identifikatzaile pertsonala izan behar zuten Google Scholarreko profilean, eta gutxienez 14ko h indizea.