euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko Gobernu Kontseilu izendatu berriak agintaldiko lehen bilera egin du

Ildo nagusiak azaldu ditu Gobernu Taldeak eta informazio eta erabaki zehatzak partekatu ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/26

Gobernu Kontseilu berriaren familia argazkia. | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU.

Gaur egin da, Bizkaia Aretoan, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren lehen bilera Joxerra Bengoetxea errektorea buru dela. Gobernu Kontseiluko kideen heren bat berritu da; izan ere, errektoretza talde berriko 11 kide kontseilukide dira, eta beste 4 kidek gaurko bileran hasi dute beren jarduna.

Bileran Gobernu Taldeak azaldu ditu agintaldi berriaren ildo nagusiak: campusak indartzea, pertsonen zaintza, gizarterako zerbitzua eta sareak eta digitalizazioa bultzatzea, komunikazioa sustatzea, eta kudeaketa eraginkorra lortzea.

Era berean, hainbat erabaki onartu ditu Kontseiluak; besteak beste, Irakasle Laguntzaile Doktoreen 41 plazaren deialdia egitea, horietatiko 8 berriak; TEKAZEL langileen 8 plaza berri sortzea; eta graduondokoen eskaintzan 8 master ofizial proiektu berri: Azpiegitura eta Eraikuntza Jasangarrien Ingeniaritza masterra, Bioetika eta Biozuzenbidea masterra, Historia, Memoria eta Arkeologia Publikoa masterra, Paisaia Kulturalak: Babesa, Kudeaketa eta Plangintza masterra, Politika Publikoak masterra, Teknologia Aurreratuak Industrian masterra eta Energia Jasangarriaren Ingeniaritza masterra, eta Komunikazioko Ikerketa masterra.

Gobernu Kontseiluari buruz

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak euskal unibertsitate publikoaren politika orokorraren jarraibideak ezarri eta garatzen ditu, aurrekontuak egiten ditu eta urte anitzerako plana prestatzen du. Kontseilua 45 kidez osatzen da: idazkari nagusia; gerentea; zortzi errektoreorde; Unibertsitateko Klaustroak hautatutako 20 kide (horietatik zortzi irakasle iraunkor doktoreen ordezkariak dira; beste bi, irakasle-ikertzaile iraunkor ez-doktoreen ordezkariak; beste bat, gainerako irakasle-ikertzaileen ordezkaria; bost, ikasleen ordezkariak, haietako bat gutxienez, graduondoko ikaslea dela; eta lau, teknikari eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak); horiez gain, kontseiluko kide dira: fakultate eta eskoletako dekano eta zuzendarien zazpi ordezkari, Unibertsitateko Klaustroak hautatutakoak (horietako lau Bizkaiko Campusekoak, bi Gipuzkoakoak eta bat Arabakoa); sail, institutu eta doktorego eskolen zazpi ordezkari, Klaustroko arautegiak zehazten duen erara banatuak eta arautegi horretan zehaztutakoarekin bat, Klaustroak berak aukeratuak. Badira ere unibertsitateko kideak ez diren Gizarte Kontseiluko bi kide.