Aurtengo lehenengo Enplegu Forora Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) 1.000 graduatu bertaratu dira Bizkaia Aretora 200 lan-eskaintza inguru ezagutzeko. Lanbideren laguntzarekin, eta Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udalaren babesarekin egin den enplegu topagunean arlo guztietako 93 konpainia eta erakundek aurkeztu dituzte beren lan-eskaintzak. Horrez gain, hainbat sektoreren arteko mahai-inguruak eta lana eskaintzen duten enpresak eta lanpostuetarako hautagaiak harremanetan jarri ahal izan dira beren profil zehatzen arabera.
-
UPV/EHUko hamabi, CSICeko sailkapenean 500 emakumezko ikerlari esanguratsuenen artean
-
Talentu gaztea bilatzen duten enpresekin aurrez aurreko hartu-emana izan dute 1.000 ikaslek
-
Erabaki ote dezakegu zer-nolako gurasoak izan gura dugun?
-
Farmakologia aldatu zuten zortzi emakume
-
Ate Irekien Jardunaldiak
Talentu gaztea bilatzen duten enpresekin aurrez aurreko hartu-emana izan dute UPV/EHUko 1.000 ikaslek
Arlo guztietako 93 konpainia eta erakundek aurkeztu dituzte beren lan-eskaintzak
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/05

Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute UPV/EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea, Bizkaiko Campuseko errektoreorde Estitxu Garaik, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko saileko Foru Diputatu Teresa Laespada, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotzi Kontxi Claver, eta Lanbideko enplegu-zuzendari Francisco Pedraza.
“Gure ikasleak ondo prestatu dira gure enpresen ehunak eskatzen dituen profiletan aritzeko. Ingurumenarekiko errespetuan, jasangarritasuna eta iraunkortasuna helburu eta klima aldaketaren aurrean bizi dugun erronkei erantzuteko eta eskura ditugun teknologiak horretarako baliatzeko. Ahaztu gabe, garrantzitsuena: pertsonen arteko hartu-emana eta zaintza. Ekonomiak mugitzen baitu gure mundua, baina mundua pertsonek eta gainerako bizidun guztiek osatzen dugu. Pertsona guztion jakintza eta ekarpenak balio erantsia dira. Horregatik ere, aurten gurera batu dira balore horiekin lan egiten duten enpresak eta profesionalak. Guztiei eskertu nahi dizuet UPV/EHUren izenean zuen inplikazioa eta eskuzabaltasuna“, adierazi du Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Joxerramon Bengoetxeak.
“Euskal Herriko Unibertsitatea formazioarekin eta ikerketarekin lotzeko joera dago. Baina iritzi kritikoa eragiteko, lantzeko, sakontzeko eta gizarte hobea egiten laguntzeko lan egiteaz gain, eta horretan arituko diren profesionalak formatzeaz gainera, lan merkatuarekin eta enpresagintzarekin lotuta dago baita gure unibertsitatea, eta ekintzailetzarekin ere bai, noski!”, azpimarratu du.
%95k lana aurkitzen du hiru urteko epean
2019tik antolatuta, Bizkaiko Campuseko Enplegu Foroaren helburua da ondo prestatutako profesionalen eta talentuaren eskaria lotzea. Hots, unibertsitate publikoko ikasleak eta tituludunak beren erakundeetan talentu gaztea txertatu nahi duten enpresa eta erakunde publiko eta pribatuekin erlazionatu nahi ditu ekimenak.
“Euskal ekonomiaren arlo guztietan ari dira UPV/EHUn ikasi eta hezi diren profesionalak. Lanbideren iazko txostenaren arabera, UPV/EHUko graduatuen %92k eta masterdunen %95k lana aurkitzen du hiru urteko epean”, gogoratu du errektoreak.
Lanbidek egindako azken ikerketaren arabera, UPV/EHUko 2020ko promozioaren %92 graduatu eta hiru urtera lanean dabil. Enplegu egokituaren tasa % 89koa da, eta 41 titulaziok % 95- %100 arteko okupazioa dute. Enplegua lortzeko batez besteko denbora hiru hilabetekoa da.
Enplegu Foroa zenbakitan:
- 6 urtetan 3.115 lan-eskaintza egin dira.
- 1.245 enpresa eta erakunde gehitu dira lan-eskaintzetara.
- 6.000 ikasle eta egresatu inguruk parte hartu du.
- Aurtengo foroan 1.000 pertsonak eman du izena.
- Aurten 200 lan-eskaintza egingo dute 93 enpresa eta erakundek.
- Lan-eskaintza guztiak unibertsitate ikasketekin lotutako eginkizunak eta ardurak dituzte (lan-eskaintza guztietan unibertsitateko titulazio zehatzen bat eskatzen da).
Enpleguarekin lotuta UPV/EHUk antolatzen dituen lan-orientazio, lana bilatzeko baliabide-tailer, enpresen aurkezpen eta jardunaldi nahiz erizainen elkargoaren jardunaldi eta bestelakoen artean, enplegu foroek arrakasta handia izaten dute. Aurten zazpigarrenez ari da egiten Enplegu Foroa (2019an hasi zuen Euskal Herriko Unibertsitateak enplegagarritasunarekin lotutako ekimen hau, hiru campusetan). Bizkaikoa izan da 2025eko lehenengoa; maiatzean Arabakoa egingo da, Gasteizko Udalarekin elkarlanean; eta irailean, berriz, Gipuzkoakoa.