euskaraespañol

Eguneko irudia

Bilboko Ingeniaritza Eskolak 25 metroko olatu kanala eraiki du, energia berriztagarrien ikerketan sakontzeko

ITSAS REM ikertaldearen kanala da Euskadin luzera hori duen bakarra.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/20

25 metroko olatu kanalaren inaugurazioa | Argazkia: Fernando Gómez. UPV/EHU

UPV/EHUko ITSAS REM ikertaldeak 25 m-ko olatu sorgailu berri bat instalatu du Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Energetikoa Sailean. Luzera horretako kanal bakarra da Euskadin, eta erabiltzen da itsaso zabalera eraman nahi diren sistema eta gailuen saiakuntza teknologikoak egiteko, batez ere lotuak energia iturri berriztagarriei.

Itsas inguruneko energia iturri berriztagarriak funtsezko alternatiba dira garapen jasangarria bultzatzeko, eta azken urteetan garrantzi handia hartu du olatuen energiaren aprobetxamenduak, energia potentzial handikoa. Bitxia den arren, olatuen energia Eguzkitik dator. Eguzkiak Lurra berotzen du, modu desberdinean; ondorioz, tenperatura aldeak sortzen dira, horrek airea mugiarazten du, eta haizeak itsasoko olatuak sortzen ditu. Haizeek itsas azal zabalean jotzen dutenean, olatuek energia hori garraiatzen dute. Kalkuluen arabera, Europako itsasoetan bakarrik, urteko 1.000 TW/h-ren baliokidea den energiak mugiarazten ditu olatuak. Beraz, modu efizientean aprobetxatuz gero, olatuen energiak ehuneko esanguratsu bat har lezake ekoizpen berriztagarriaren “mix”-aren barruan 2030erako.

Jesús Mari Blanco unibertsitate katedradun, ITSAS REM taldeko zuzendari eta REM+ Erasmus Mundus masterraren koordinatzaileak azaldu duenez, “olatu kanal hau diseinatu eta eraiki da Euskadin sistemak/gailuak laborategi eskalan probatzea ahalbidetuko duen azpiegitura baten beharrari erantzuteko”. 

Olatu tankearen mutur batean, olatu sorgailu bat dago; beste muturrean, olatuen iraungitze eremua edo “hondartza”. Tankearen gainean, azken belaunaldiko kamerak instalatu dira (Qualisys motakoak), gailu flotatzaileen mugimendua erregistratzeko norabide guztietan (aurrera/atzera, gora/behera, ezkerrera/eskuinera), bai eta olatuak, presioa eta indarra —besteak beste— neurtzeko zundak ere. Kontrol postutik, olatu sorgailua gobernatu eta neurketa sentsoreetatik jasotako datu guztiak erregistratzen dira.

Olatu sorgailuak sor ditzake olatu erregularrak edo irregularrak, eta era guztietako itsasaldiak simula daitezke, horretarako esklusiboki diseinatutako kontrol software baten bidez. Gainera, kanalak xurgatze aktiboko sistema bat du, olatuek kanalaren muturrean errebotatu ez dezaten. Horrela, ikerketarako nahi diren olatuak sortzen dira, eta iraupen luzeko eta fidagarritasun handiko saiakuntzak egin daitezke.

“Nahi den aplikazioaren edo ikerketaren arabera, eskala aldatu egin daiteke, 1:20 eta 1:100 artean oro har”, adierazi du Blancok. Horri esker, era askotako olatuak simula daitezke kanalean, bai ohiko itsasaldiak, bai muturreko itsas egoerak.

Tankean itsas egoera erreproduzitzen bada ere, ur geza erabiltzen da, “hutsaren hurrengotzat” hartzen delako bien arteko dentsitate aldaketa. Gaur egun, gainera, itsas korronteak ere simula daitezke kanalean, 0,4 m/s-ko abiadurarekin gehien jota.

Kanalaren eraikuntza ordaindu da Eusko Jaurlaritzaren deialdi publiko lehiakor batean lorturiko funtsen bidez; zehazki, ITSAS-REM ikertaldeak deialdi horretan lorturiko ikerketa proiektu baten bitartez.

12,5 m-tik 25 m-ra

Olatu sorgailua instalatzeko lanak hasi ziren 2024ko urtarrilean, eta kanala martxan dago urte bereko ekainaz geroztik. Azpiegitura obra handiak egin behar izan ziren Bilboko Ingeniaritza Eskolaren hiru laborategitan.

Lehen, 12,5 m-ko tanke bat zuten. Blancoren esanetan, xurgatze sistema aktiborik ez edukitzea eta tanke zaharraren luzera ez handiegia eragozpen ziren iraupen luzeko saiakuntzak egiteko, bai eta olatuen errebotea saihesteko ere. “Hala ere, 12,5 m-ko tankeak balio izan digu ikasteko eta esperientzia lortzeko, eta orain jauzi egoki bat egiteko maila teknologiko goreneko prestazioak dituen tanke berri honetara”, erantsi du.

Proiektuak

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak aitortutako ITSAS-REM ikertaldea hainbat proiektutan dabil, Eusko Jaurlaritzak ere finantzatuak ELKARTEK deialdiaren bidez. Alde batetik, lanean ari dira EKIOCEAN izeneko proiektu batean, instalazio fotovoltaiko flotatzaileak itsas zabalera eramateko erronka teknologikoei buruzkoa. Bestetik, Rul-Et proiektuan, offshore gailuetan akatsak iragartzeko saiakuntzak egiten ari dira; hala nola turbina eoliko flotatzaileetan.

Ikertaldearen beste proiektuetako bat da Mutrikuko olatu plantaren optimizazioa. Instalazio horretan, ganbera batean sartzen diren olatuek barruko airea mugitzen dute, eta aire hori Wells motako turbina batetik pasarazten da, energia elektrikoa sortzeko. Ikertaldearen eginkizuna da Ingeniaritza Eskolako kanalean probatzea nola optimizatu Mutrikuko olatu plantaren ganbera bakoitzaren geometria, zentralaren errendimendua handitzeko.

REM+

Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Masterra (REM+) da Blancok koordinatzen duen graduondoko titulazio bat. Erasmus Mundus baterako programaren kalitate zigilua du (EMJMD) eta Europako lau unibertsitatek eskaintzen dute batera: UPV/EHUk (koordinatzailea), Corkeko Unibertsitateak (Irlanda), Zientzia eta Teknologiako Unibertsitateak (Norvegia) eta Nanteseko Eskola Nagusiak (Frantzia).

Masterra 2017an jarri zen martxan UPV/EHUren berezko titulu gisa. Gaur egun, zazpigarren edizioan dago eta arduradunak proposamen berria onartzeko zain daude. Ikasleei dagokienez, Europako herrialde gehientsuenetako ikasleak erakartzen ditu, nahiz eta Europar Batasunetik kanpoko ikasleen ehunekoa % 75ekoa den (Txina, Errusia, Pakistan, Japonia, Mexiko, AEB, Kanada, Txile, Argentina, Brasil, Erresuma Batua).

Zazpigarren edizioa inauguratu zen joan den urtarrilaren 22an, eta ekitaldia aprobetxatu zen olatu kanal berria aurkezteko sektoreko euskal enpresei.