UPV/EHUko IBeA iker taldeko Julene Aramendia, Irantzu Martinez, Fernando Alberquilla eta Leire Coloma kideak PaLMALab espedizioan murgilduta daude. La Palmako bolkanean egon ziren otsailean laba-hodiak aztertzen, izan ere, antzekotasun geokimikoak baitaude laba-hodi horien, Ilargiaren eta Marteren artean.
-
Talentu gaztea bilatzen duten enpresekin aurrez aurreko hartu-emana izan dute 1.000 ikaslek
-
Jule Goikoetxea: «Subjektu berriak nahi baditugu, haien arteko botere erlazioetan eragin behar da»
-
Farmakologia aldatu zuten zortzi emakume
-
Plentziako Itsas Estazioaren (PIE-UPV/EHU) zuzendaritza berria
-
Maggie Bullen: «Berdintasunerako Zuzendaritzaren izaera feminista sendotu nahi dut»
La Palmako bolkanaren, Marteren eta Ilargiaren artean antzekotasunak aurkitu ditu UPV/EHUko IBeA ikerketa taldeak
PaLMALab (Palma Luna and Mars Analog Laboratory) espedizioa lehena izan da irla horretako sumendietako laba-hodiak instrumentu eramangarriekin aztertzen.
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2025/03/12

Julene Aramendiak nabarmendu du La Palma uhartea oso leku aproposa dela misio ezberdinak burutzeko, “analogo perfektua” baita: “La Palmako bolkana oso berria da, ia munduko sumendirik berriena, beraz, ez da hain eraldatuta egon ur, oxigeno eta atmosferaren ondorioz. Hori dela eta, antza dauka Ilargiarekin, satelite horrek ez duelako atmosferarik. Horregatik guk atmosferarekin kontaktuan egon ez diren laginak hartu ditugu, eta antzekotasun geokimikoak aurkitu ditugunez, Ilargiarekin parekatzen dugu. Bestalde, uharteko laba-hodi zaharragoak aztertu ditugu, ehunka urte daramatzatenak urarekin eta lurreko atmosferarekin interakzioan. Horietan Marterekin antzekotasunak aurkitu ditugu. Planeta gorria iraganean atmosfera trinkoagoa izan baitzuen eta gainazalean ura isurtzen baitzuen”.
La Palman egon dira ikertzaileak astebetez, eta guztira bost laba-hodietan sartu dira, adin eta testuinguru desberdinetakoak, eta horietatik bat sumendi berrikoa. Raman eta X izpien fluoreszentziaren espektroskopioak (XRF) erabili dituzte laba-hodiak aztertzeko, eta lehenengoak izan dira ekipo hori La Palmako sumendietan erabiltzen. Aramendiak azpimarratu du oso ondo moldatu direla: “Ekipoek oso seinale ona eman dute. Tenperaturak, hezetasunak, eta argiak oztopatu ditzakete neurketak, baina ez da horrelakorik gertatu, laba-hodien barruan ez geneukan arazo hori. Beraz, laba-hodiak horrelako esplorazioak egiteko gune aproposak dira”.
Misio hau “kasualitatez” hasi zen. “Duela bi urte bisita bat egiten egon nintzen Caños de Fuego interpretazio zentroan, eta bi hodi-lagin hartu nituen. Hor hasi zen dena”, azaldu du. Aipatu beharra dago ia hamar urte daramatzala IBeA taldeak (Juan Manuel Madariaga katedraduna buru duena) NASA Mars 2020 misioan lan egiten, eta bertan leku analogo asko aztertzen eta bilatzen dituztela.
Orain, unibertsitatean, milaka espektro dituzte aztertzeko, eta hogeita bat kilo lagin analizatzeko. “Asmoa La Palmako sumendira gehiagotan bueltatzea da, lortzen ari garen emaitzen inguruan sortzen zaizkigun galderen erantzunen bila, eta informazioa borobiltzeko laba-hodi berriak esploratzeko”, adierazi du.
Hauek dira PaLMALab espedizioaren helburuak:
- Marte eta Ilargiaren analogotzat ezartzea La Palma. Izan ere, “eraketa-baldintzak oso antzekoak dira, eta hainbat kokaleku aurki daitezke uhartean bertan, adin eta eboluzio desberdina dutenak, eta ondorioz, hainbat leku analogizatu daitezke”. Bestalde, UPV/EHUtik garatzen ari diren misioek “espazio-esplorazioetatik iristen diren emaitzak ulertzen lagun dezakete. Eta, gainera, La Palmako uhartean misio-entrenamenduak egiten ere lagun dezakete”.
- Ilargi erregolitoaren (“material” geruza soltea) pareko bat garatzea. La Palmako materiala erabiliz egingo dute hori, nagusiki sumendi berriarenak, material hori ez baita atmosferaren eraginpean egon, ezta Lurreko beste leku zaharrago batzuk bezain meteorizatua izan. Ondorioztatu dute amaitzear duten erregolito analogoak eta aztertu dituzten materialak Ilargikoekin alderatuta nahiko parekoak direla, eta baita Marteko ezaugarri batzuekiko antzekoak ere.
- Laba-hodi bat ezartzea etorkizuneko espazio-misio posible gisa. Izan ere, laba-hodiak antzeman dira Marten eta Ilargian. Biosinadurak aurkitzeko eremu seguruak direla frogatu nahi dute (bizitzako iraganaren edo orainaren froga zientifikoak ematen dituzten substantziak), erradiaziotik, haizetik edo bi gainazaletan gerta daitezkeen ezbeharretatik babestuta daudelako. Horretarako, orain Marten erabiltzen ari diren ekipo analitiko eramangarriak eraman dituzte La Palmara, laba- hodian egiten den misio batetik datu oso interesgarriak atera daitezkeela erakusteko.
- Hainbat landare landatu. Ilargiaren laginak eskatu dizkiote NASAri, Apolo misiokoak, unibertsitatera eramateko. Esperimentu bat egin nahi dute, eta bertan landare desberdinak landatuko dituzte La Palmako errautsean, haitz leunduan... eta Ilargiaren laginetan. Horretarako, La Palmako Cabildoak (gobernuak) patatak, palmondoak eta uharteko beste hazi autoktono batzuk eskaini dizkie. Paralelismoa egin nahi dute begetalak hazteko zer behar den jakiteko , etorkizun batean gizakia Ilargian edo Marten finkatzen denerako. Momentuz, ilargiaren laginetan landatuko dituzte, Marteko laginak oraindik ez dituztelako. “Baina ideia da gero Martera salto egitea”.
Ikerketa hauek egitearen garrantzia azpimarratu du Aramendiak: “Gauza asko ikasten ditugu lehenago Lurrean, laginak ikertuz, eta gero saiatzen gara Martetik heltzen zaizkigun datuak ulertzen. Horregatik da hain garrantzitsua azterketa hauek burutzea, Martetik heltzen diren espektroekin bakarrik ondorio erabakigarriak ateratzea zaila delako”. Aipatu behar da Espainian bi laborategi daudela Europar Espazioko Agentziaren (ESA) hautagai gisa Marteko laginak jasotzeko, eta horietako bat UPV/EHUko IBeA ikerketa taldeko laborategia dela. “Dena ondo badoa eta gure lana ondo egiten badugu, lagin horiek jasoko ditugu, eta hori itzela izango da, momentuz Marteko robotek jasotako emaitzak bakarrik daudelako”, ohartarazi du.
Gaur egun, Cabildo de La Palma (gobernua), Sodepal enpresa publikoa eta Volcanic Life enpresarekin elkarlanean ari dira PaLMALab espedizioa aurrera eramateko, eta entitate horiek “funtsezkoak eta beharrezkoak” direla nabarmendu du Aramendiak.