euskaraespañol

Kexa eta kontsulta gehiago jaso ditu UPV/EHUko Aldezleak 2024an aurreko txostenean baino

2024an 156 pertsonak jo dute Aldezlearen bulegora, ikasle, irakasle-ikertzaile, TEKAZEL eta bestelakoen artean. Aztergaien hiru laurdenak kontsultak izan dira; gainerakoak, kexak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/03/26

Joxerra Bengoetxea errektorea Iñigo Urrutia Aldezlea agurtzen klaustroaren hasieran | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Asteazkena, martxoak 26, Euskal Herriko Unibertsitatearen klaustroaren aurrean aurkeztu du gaur urteko txostena Iñigo Urrutia Aldezleak, hain zuzen ere zerbitzua abiarazi zenetik osatzen den 13. txostena da 2024 urteari dagokiona. Aldezlearen bulegoa guztiz finkatu da hamarkada pasa honetan eta hazten joan da zerbitzura jo duten ikasle, irakasle nahiz administrazioko langileen kopurua. Aurten 156 pertsona izan dira eta 163 aztergai aurkeztu dituzte. Martxan jarri zenetik 1.599 pertsonak jo du zerbitzura. 

Euskal Herriko Unibertsitatearen klaustroaren aurrean aurkeztu du gaur urteko txostena Iñigo Urrutia Aldezleak 

2024an 116 kontsulta eta 47 kexa aurkeztu ziren Aldezlearen bulegoan. Urrutiaren arabera, “bizkor aztertu, ikertu eta erantzutea eskatzen duen prozedura da hori; kexak burokratizazio gehiago dauka eta denbora gehiago eramaten dute”. Hori dela eta, hazi egin da kontsulta kopurua, batez ere, ikasleen eta irakasle-ikerlarien artean.  

Gizarte segurantza eta lekualdatzeak 

Kontsulta kopuruari erreparatuta, gora egin du jasotako kasuen kopuruak; ia % 44 irakasle-ikerlariek aurkeztu dute, eta ia % 38, ikasleek. Hala, ikasleek planteatutako auzien herena % 32 ebaluaketarekin lotutakoak izan dira. Baina, kanpoko praktikaldiez ere galdetu dute ikasleek (kontsulten % 14). Batez ere, praktikek Gizarte Segurantzan alta emateko eskubidea ematen ote duten jakin nahi izan dute. 

TEKAZEL langileek planteatu dituzten gaien artean, batez ere, plantillaren egonkortze prozesuak eta lekualdatze lehiaketak eragindako kezkak izan dira; kontsulta ia guztiak izan dira auzi horiekin lotutakoak. 

Adimen artifiziala eta plagioa 

Aipamen berezia merezi du Adimen Artifizialak (AA) eragin duen kezkak, ikasleen artean. Izan ere, teknologia hori erabilita sortzen den edukia ea plagioa den ebatzi behar izan du Aldezleak. Egindako azterketa juridikoaren arabera, Aldezlearen txostenak dio, adimen artifizialarekin sortutako edukia ezin dela plagiotzat hartu, berez ez duelako egile eskubiderik. Horren aurrean, unibertsitateak hobeto arautu beharko lukeela iritzi dio Urrutiak. Izan ere, plagioa ez izan arren, ez du baztertzen eduki mota hori norberaren obra gisa aurkeztea ez denik iruzurra. Ildo horretan, Aldezlearen gomendio-proposamena da “UPV/EHUren arau orokorren batean, edo irakasgaien Irakaskuntza Gidetan, gaia argitzea”. 

Unibertsitatearen autonomia mugatuta 

Txostenak, halaber, Unibertsitate Bizikidetzari buruzko estatu Legearekiko hainbat kezka jasotzen ditu. Aldezlearen arabera, “mugatu egiten duelako arau hausteen tipifikazioan Euskal Herriko Unibertsitateak eragiteko duen gaitasuna”. Dioenez, lege horretan, “nobatadak ez bezala, jokabide iraingarriak ez dira pertsonen duintasunaren kontrako kalte larritzat hartzen eta, ondorioz, ezin dira zigortu”. Legeak ez du arau haustetzat hartzen irakasleekiko, ikaskideekiko edo unibertsitateko beste kide batzuekiko irain, kalumnia, errespetu falta edo begirune eza, “jokabide horiek unibertsitate bizikidetzarekin bateraezinak izan arren”, azpimarratu du Urrutiak. Are, “Unibertsitate Bizikidetza Legeak ez ditu babesten, diziplinazko bidetik, UPV/EHUn gure Bizikidetza Araudiaren bidez ezarri ditugun irizpideak eta printzipioak”, azaldu du Aldezleak. Eta arauaren aurreikuspen txar batek gaizki-ulertzeak eragin ditzake bizikidetzaren kontra jokabidetzat joz berez ez direnak edo diziplinaren bidez bideratzeko neurriak aurkitu ezean botere akademikoa modu okerrean erabiltzea.