euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko irakasle laguntzaile doktoreak prestatzeko ABIATU programaren bigarren deialdia martxoaren 3an hasiko da

ABIATU formakuntza honek UPV/EHUn egiten dituzten lehen urratsetan lagundu eta gidatu nahi ditu irakasle doktore laguntzaileak eta, zehazki, irakaskuntzari dagozkion gaietan.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/27

ABIATU programaren lehenengo deialdiko argazki bat | Argazkia: Laura Lopez. UPV/EHU

SAE/HELAZ zerbitzuak (hezkuntzarako laguntza zerbitzua) irakasle laguntzaile doktoreak prestatzeko ABIATU programa diseinatu du, urriaren 1ean jarri zena martxan. Ikasturte bakoitzean bi deialdi irekiko dira prestakuntza egiteko, horrela, 2024-2025 ikasturteko bigarren deialdia martxoaren 3an hasiko da. Izan ere, LOSU Legearen 78b. Artikuluak eskatzen duenez, “irakasle doktore laguntzaileek kontratuaren lehen urtean hasierako irakaskuntza-prestakuntzako ikastaro bat egin behar dute. Ikastaro horren ezaugarriak unibertsitateek ezarriko dituzte, irakasleen prestakuntzaz eta irakaskuntza-berrikuntzaz arduratzen diren unitateekin bat etorriz”. ABIATU programa honek Legeak eskatzen duenari erantzuten dio.

ABIATU formakuntza honek UPV/EHUn egiten dituzten lehen urratsetan lagundu eta gidatu nahi ditu irakasle doktore laguntzaileak eta, zehazki, irakaskuntzari dagozkion gaietan (zer den UPV/EHU, zein den hezkuntza eredua (i3), irakasle on batek izan behar dituen gaitasunak, irakaskuntza antolatzeko erraminta edo tresnak, garapen akademikorako baliabideak,....). Horregatik UPV/EHUko irakasle gisa aritzen diren lehen urtean egiteko diseinatuta dago, eta honako aukera hauek emango dizkie:

  • Erakundeaz gain, irakaskuntza-jardueraren oinarri izango den hezkuntza-eredu propioa ezagutzea.
  • Gaitasun pedagogiko eta didaktikoak eta kalitatezko hezkuntza emateko beharrezkoak diren trebetasunak garatzea
  • Hezkuntzaren berrikuntzan eta hobekuntzan murgiltzea, irakaskuntzako metodologia aktiboak aplikatuz, hezkuntzaren kalitatea eta ikasleen ikaskuntza-esperientzia hobetzeko.
  • Bere karrera akademikoa bistaratzea; horretarako, irakaskuntza-praktika gogoetatsua eta etengabeko prestakuntza beharko ditu.

Modalitatea eta iraupena

Ikastaroak 1 ECTS irauten du. Eta bi fase edo une ditu:

1. FASEA: ABIATU online ikastaro asinkronoa egitea eGelapi plataforman (eGelapi esteka)

2. FASEA: Aurrez aurreko saio parte-hartzaile eta gogoetatsu batean parte hartzea, 3 orduko iraupenarekin, "Garapen profesionala: proposamenak eta plangintza" izenburupean.

Elkarrengandik ikasteko aukera

Itxaro Etxague Goiak, lehenengo deialdian parte hartu zuen irakasle gazteak, balioan jarri du hastapenetan dauden une honetan elkarrekin esperientziak partekatu eta elkarrengandik ikasteko aukera: “Esperientzia polita izan da ABIATUn parte hartzea, batez ere kideekin kezkak,  ilusioak, beldurrak, esperientziak, ikuspuntuak… partekatzea. Elkarrengandik eta elkarrekin ikasteko testuinguru atsegina izan da. Gure lantokia den etxe handi hau hobeto ezagutzeko aukera ere ematen du, beti baitago zer ikusi eta ikasi”.

Pili Martinez Blanco irakasle adituak, bere aldetik, “beharrezkotzat” jo du programa, “irakasle berriek bakarrik ez daudela ikus dezaten”. Gauzak horrela, eta hobekuntza gisa, zetroen harrera ABIATU programaren baitan txertatzea iradoki du, “kasu askotan, ikastetxeak antolatutako harrera-saioan parte hartu bai, baina irakasleak bakarrik sentitzen direlako irakaskuntza prestatu behar izatean”.

Nekane Belokik, SAE/HELAZ-eko zuzendari gisa, programa honen garrantzia nabarmendu du irakasleen formakuntzari dagokionean: “Unibertsitateko irakasle diren heinean, ezinbestekoa da gure irakaskuntza funtzioaren inguruan formatzea, gure eginkizunik garrantzitsuenetako bat bai da. ABIATU, gainera, lehenengo pausua da, zero puntua litzateke. Hemendik aurrera, formakuntza honen bitartez jendea erakarri nahiko genuke eta bultzatu formakuntza sakonagoak egitera, beti ere, irakaskuntzarekin lotura duten kontuetan”.

Urriaren 1ean hasi zen lehenengo deialdian 240 pertsona inguruk lortu dute ziurtagiria, bai baliozkotuta edo ikastaroa egin dutelako. Programaren zati asinkronoan eskuratutako informazioa haien egoera berean dauden kideekin kontrastatzeko aukera izan dute aurrez aurreko tailerrean . Gainera, haien ezagutza arloko irakasle aditu batekin egunerokotasuneko kezkak partekatu ahal izan dituzte, haien garapen akademikoa marrazten hasteko aukera izan baitute horrela. Hau kontuan izanda, Nekane Belokiren ustetan “bide egokian” kokatu dute formakuntza hau.

Informazio guztia hemen aurkitu dezakezu: ABIATU programa - Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzua (SAE-HELAZ) - UPV/EHU

ABIATU programari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, SAE/HELAZekin jar zaitezkete harremanetan sae-helaz@ehu.eus helbide elektronikoaren bidez edo 94 601 22 76 telefonora deituz.