euskaraespañol

Eguneko irudia

Queer ikuspegia irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan

Hamarkadatan zehar isildu edo gaizki ulertu diren errealitateen gaineko kontzientzia hartzeko balio duen lan bat argitaratu du UPV/EHUk

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2025/02/24

Francisco Javier Muñoz Fernández eta Fernando R. Bartolomé García editoreak | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Queer proposamenen multzo heterogeneo baten bidez, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratutako liburu batek ikuspegi anitza eskaintzen du normatibitate hegemonikoak saihesteko eta hamarkadatan zehar isildutako edo gaizki ulertutako errealitateen gaineko kontzientzia hartzeko. Lan kolektiboa da, eta arlo akademikoko eta queer aktibismoaren arloko hainbat adituren ekarpenak jasotzen ditu.

Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak ‘Queer x Cultura x Arte’ liburua argitaratu du orain dela gutxi. 2022an UPV/EHUko zerbitzu berak argitaratutako ‘Cultura y Arte Queer’ lanarekin hasitako proiektuaren jarraipena da. “2018an hasi genuen ibilbidea, eta UPV/EHUko Letren Fakultatearen, Arabako Campuseko Errektoreordetzaren, UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Artearen Historia eta Musika Sailaren babesa eta laguntzak jaso ditugu. Proiektu horren bidez, teoria eta pedagogia queerrekin lotutako curriculum edukiak eskaini nahi izan ditugu gure ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza-prozesuan”, esan dute Francisco Javier Muñoz Fernández eta Fernando R. Bartolomé García editoreek.

Queer teoria eta pedagogiek paradigma epistemiko eta didaktiko bikoitz bat eraikitzea ahalbidetzen dute. Horiek diskriminazioarekin eta bazterketarekin lotutako kanon normatiboak zalantzan jarri eta deseraikitzen dituzte, modu kritikoan. Aldi berean, aniztasunerako espazio alternatiboak eta eraldatzaileak ahalbidetzen dituzte, eraikitzen doazen esanahi erlazionalak sortuz, eta espazio finkoak eta identitate mugatukoak ordezkatuz. “Funtsean, beti martxan dagoen prozesu baten aurrean gaude. Prozesu horren helburua irakurketa kritikoak sortzea da, ukazio eta gaitzespen praktikei aurre egiteko, eta definitzen gaituzten aniztasuna eta pluraltasuna nabarmentzeko, intersekzionalitatetik”, nabarmendu dute argitalpenean.

Irakaskuntzako praktika inklusiboak lortzeko, hezkuntza modu kritikoan landu behar da eta ikasleei beren desberdintasun indibidualak aldarrikatzeko, ezagutzeko eta errespetatzeko aukera ematen dieten estrategiak eta esperientziak zehaztu behar dira. Modu horretan, askotariko ezagutzen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak sortzeaz gain, “gure ikasleen hazkunde espiritualari lagun diezaiokegu, haien intimitatea errespetatuz eta seguru sentitzen diren espazioak ahalbidetuz. Hezkuntza sistemak eta ikasgelek zerbaitengatik izaten dituzte oztopoak eta aniztasunaren aurkako indarkeriazko adierazpenak”, adierazi dute argitalpenean.

Liburuak arlo akademikoko eta queer aktibismoaren arloko hainbat adituren ekarpenak biltzen ditu, eta artearen historiari askotariko ikuspegietatik begiratzeko gonbita luzatzen dute horiek. Juan Manuel Ibeas-Altamira, Jesús Martínez Oliva, Juan Vicente Aliaga, Víctor Mora Gaspar, Lydia Vázquez, Ahmed Haderbache Bernárdez, Sara Arenillas Meléndez, Daniel Moro Vallina eta Antonio Rafael Fernández Paradasen testuak dira, eta modu kronologikoan eta gaiaren arabera daude ordenatuta.